Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gizartea Urbiako ermitak 100 urte

Dokumentuaren akzioak

Gizartea Urbiako ermitak 100 urte

Larunbatean mende bat beteko du Urbiako Andre Mariaren ermitak. 1924ko irailaren 28an inauguratu zuten. Dohaintza eta diru emate herrikoi, pribatu nahiz publikoekin finantzatu zuten. Aita Jose Adriano Lizarralde frantziskotar zaldibiarra izan zen bultzatzailea, artzainek meza bertan entzun zezaten.
Egilea
Aimar Maiz
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Goierri
Mota
Albistea
Data
2024/09/25
Lotura
Goierriko Hitza

Korostian izeneko parajean, Zabalaitza, Miraleku eta Enaitzaren artean eraiki zuten duela ehun urte Andre Mariaren ermita, Urbian. Aita Jose Adriano Lizarralde frantziskotarrak (Zaldibarrena, Zaldibia, 1884 – Arantzazu, 1935) bultzatu zuen, maiatzetik azarora Urbian, Oltzan, Laskaolatzan eta Arbelarko txaboletan egoten ziren artzainek eta haien familiek fede eginkizunak gertuago eta erosoago bete ahal izan zitzaten, iganderoko meza entzutera Arantzazura jaitsi beharrik ez izateko. Aizkorriren magaletan 150 lagun baino gehiago bizi ziren, 30 edo 40 familia zeuden. 

Lurra doan utzi zuen Arabako eta Gipuzkoako Partzuergoak, ekimen hura ideia ontzat hartuta. Partzuergoko lehendakari eta Segurako alkate Francisco Arrieta Goiburuk 1923ko abuztuaren 8an sinatu zuen lurraren zesioa. Urtebetean gauzatu zuten ideia. Marcelo Guibert arkitekto azkoitiarrak egin zuen proiektua. «Artzainen katedral» izendatua izan da Urbiako ermita, eta euskal mendizaletasunaren ikurretako bat da, urtebete geroago irekitako Fondarekin batera. 

Eduardo Uriarte araoztar kontratistak eraiki zuen, 35.884 pezetako aurrekontuarekin hasita. 1924ko uztailean, 18 langile zebiltzan lanean, Demetrio Goitia kapatazarekin. Haiek jan eta edateko, Gipuzkoako Diputazioak aldi baterako kantina bat ezartzea baimendu zuen obra-lekuan bertan, irekiera-zerga eta kontribuziorik gabe, uztailetik urrira. 

Astean 130 litro ardo eta 100 kilo ogi behar zituzten langileek, eta Arriolatik (Araba) igotzen zizkieten. Gipuzkoak muga-zergak kobratzeko gertueneko postua Otsaurten zeukanez, eta salgaiak deklaratzera haraino joatearen eragozpena saihesteko, libre utzi zieten. Baina Otsaurteko mikeleteak joan arte, ontziak ezin zituzten ireki.

Gipuzkoako Diputazioak finantzatu zuen kostuaren erdia, Idiazabalgo, Segurako, Zeraingo, Zegamako, Legazpiko eta Oñatiko udalek hala eskatuta. Enpresariek materiala doan eman zuten, eta herritar ugarik jarri zuten dirua. 

Materiala eta dohaintzak

Pello Agirrezabal segurar-brinkolarrak mendeurrenaren harira osatu duen 77 orrialdeko txostenean jaso ditu dohaintza guztiak. Nagusienetan, Patricio Etxeberria industriari legazpiarrak kanpaia oparitu zuen. Ubaldo Segura industriari legazpiarrak teila guztiak oparitu zituen (1.620 pezetako balioa). Udanatik Kataberara Compañia Minera de Asturias enpresak igotzen zituen, eta Arriurdinetik artzainek eramaten zituzten Urbiara. Arrasateko Union Cerrajera enpresak burdin pieza, sarraileria eta herraje guztiak doan eman zituen, eta Brinkolako Gracian Alberdik porlana doan eman zuen. 

Eraikuntzarako behar zen haritz zura Narbaizako (Araba) Ignacio Uriartek eraman zuen, 3.200 pezetaren truke, 1924ko uztailaren 7rako. Urte bereko martxoaren 23an sinatu zuen kontratua Partzuergoaren batzordeko lehendakari Miguel Elosegirekin. Arabako udalerriek Arriola basotik haritzak hartzeko baimendu zuten.

Obrarako beharrezko zen eta inguruan topa zitekeen beste material guztia bertatik doan hartzeko baimena eman zion Partzuergoak Aita Lizarralderi, 1924ko otsailaren 1ean. Hala, Urbiako harriarekin altxatu zuten baseliza eta aldameneko aterpea. Partzuergoak, otsailaren 9an ospatutako batzarrean, ermita eraikitzeko 1.000 pezetako diru laguntza ematea ere onartu zuen, «bi mila kargako egur lotearen kopuruaren erdiarekin finantzatuta, Legazpirekin erdibana». 

Inaugurazio jendetsua 

Mendian «sekula ikusi gabeko» jendetzarekin, egunkariek idatzi zutenez, 1924ko irailaren 28an inauguratu zuten Urbiako ermita. 08:00etan abiatu ziren prozesioan Arantzazutik, baseliza berrian jarriko zuten amabirjinaren irudia anda batean hartuta. Zumaiako Julio Beobide eskultoreak egina zen zurezko irudia, eta Zuloaga margolariak polikromatua –ermitako Doloretako Amaren koadroa ere bai–. Segizioan aurretik Oñatiko dantzariak joan ziren, eskolta modura lau mikelete, eta atzetik Pagoaga, Barriola, Aginaga, Larreta eta Segura diputatu arabarrak eta gipuzkoarrak, gainerako agintari eta herritar saldoarekin.   

Mateo Mujika Iruñeko gotzain idiazabaldarrak bedeinkatu zuen ermita, eta lehenengo meza berak eman zuen, barruan. Ondoren, meza nagusia kanpoan izan zen. 

Orduko prentsako kronikek diotenez, 5.000 edo 6.000 lagun bildu ziren egun hartan Urbian. Arabatik, Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Bizkaitik joan zen jendea. Bilbotik tren berezi bat atera zen, 03:00etan. Ilargi betea zen egun hartan, ilunpetan ere oinez joan zitezen aproposa. Eguraldi paregabea egin zuen, aurreko egunetako kaxkarraren bestelakoa. 

Eguerdian, agintariek sokadantza eta aurreskua dantzatu zuten, antzinako ohituran, eta jarraian, Urbiako telefono publiko berria bedeinkatu eta Urbiako aterpetxearen lehen harria ipini zituzten. Bazkari ofiziala eta arratsaldean erromeria izan ziren.

Dirua jende eta erakunde askok jarri arren, azkenean ermitaren kostua 40.000 pezetara inguratu zen, eta 5.000 pezetako defizita zegoen. 1927an oraindik zorrak ordaindu gabe zeuden. Uste gabeko obren gastuak Diputazioko Juntari gehiegizkoak iruditu zitzaizkion, eta haien kargu ez egitea erabaki zuen. 

1925eko abuztuaren 30ean, Fonda inauguratu zuten Urbian.

Argazkiak: Indalecio Ojanguren – Guregipuzkoa (1941ean eta 1946an ateratakoak dira)

 
Larunbatean mendeurreneko ospakizuna

Urbiako ermitaren mendeurrena, inauguratu zutenetik ehun urte beteko diren egunean bertan ospatuko dute: irailaren 28an, larunbat honetan. Urbiako Fondak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Azken Mugak eta Arantzazuko frantziskotarrek antolatu dute egitaraua. 

Lehenbizi, 11:30ean meza emango dute, Andre Mari ermitan. Jarraian, 12:30ean, kontzertua eskainiko dute. Et Incarnatus hari-tresnen orkestrak ariko da aurrena, eta Alaitz eta Maider trikitilari bikotea ondoren. 15:00etan, Zabale eta Lutxurdio trikitilariek girotutako erromeria hasiko da. 

Orain hurrena, uztailaren 31n ospatu zuten Urbiako zelaietan festa herrikoia, San Inazio egunez. Orduan eman zuten meza azkenekoz –igandero izaten zen lehen–, eta salbuespena larunbat honetan egingo dute.

Dokumentuaren akzioak