Dokumentuaren akzioak
Gizartea Dantza, espazioak partekatzeko aitzakia
Agustinetako bizilaguna da Marian Villena eta bertako erretiratuen elkarteko presidentea da. Igandeak Dantzan antolatzen hasi zenetik ez du hutsik egin saio bakarrera. Iniziatibaren arrakasta jarri du nabarmen, «herriko jendea ez ezik, inguruetako jende ugari etortzen da: Irun, Donostia, Pasaia… Oso ongi pasatzen dugu eta gainera, primeran datorkigu. Gaur egun koreografiak daude, dantza ilaran egiten da, eta garrantzitsua da, gure artean bikoterik ez duen jendea dagoelako». Musika berriz, askotarikoa, «fandangoa eta arin-arina eskatu behar izaten badugu ere, eta jotzen dute».
Bederatzi saioak motz gelditzen dira; hala dio Villenak, «hamabostero, eta ahal bada astero izatea ikaragarria litzateke. Hemendik eskaera hori zuzendu nahi diot dagokionari kontuan har dezan». Espazioarekin ere «egokiago» bat beharko luketela uste du, «txikia gelditu zaigu Niessen Kulturgunea, eta bero handia pasatzen dugu». Garrantzi bizi du programak beretzat: «Niretzat dantza bizitza da. Musika entzunda zoriona sumatzen dut». Orain arte bat egin ez dutenei deia luzatu die, «animatu daitezela, primeran pasako dute, eta jendea ezagutu».
Funtzio soziala
Musika non, han da Tomas Gonzalez. Olibet erretiratuen elkarteko zuzendaritzako kidea da eta Villenak bezala, berak ere ez du hutsik egin iniziatiba abiatu zutenetik, «musika entzuten dudanean han naiz, dantzan. Diskotekara ere joaten naiz, Irunera, garai batean Gwendolyne zenera eta gaur egun Zona Limite dena». Errenteria-Oreretako Zuzen eta Limerickera ere joaten da, baita dantza latinoak egiteko aukera eskaintzen duten beste tabernetara ere.
Jende ezagun ugarirekin harremanetan izateko aukera eskaintzeaz gain, Igandeak Dantzan-en bidez, jende berria ezagutzeko ere balio du. Egiten dugun ariketa fisikoa zein mentala oso garrantzitsua da, zer esanik ez gure adinean. 65 urtetik hasi eta laurogei urte luzekoak dantzan ikustea benetan pozgarria da, pila bat dira, hitz egiteko gogoz, dantzatzeko gogoz joaten dira».
Dantzatik harago doan juntadizoa den zalantzarik ez du Gonzalezek, «funtzio sozial» garrantzitsua betetzen duena. Hark ere entzun dio bati baino gehiagori saioak maizago antolatzeko nahia, «kontuan hartu behar da ekitaldi gehiago antolatzen direla eta ez dagoela denentzat lekurik; aukera dagoenean uzten digu espazio egokia udalak, eta ezin da gehiago eskatu, ekintza ugari dagoelako gure herrian». Halere, berak ere eskaera bat luzatu dio «dagokionari», «dantzatzera goazenean ongi legoke berokiak-eta uzteko esekileku bat izatea; orain sarreran, mostradore gainean utzi behar izaten ditugu. Beharrezkoa bada, eramango ditugu guk pertxak».
Adinekoengan iniziatibak duen eragina jarri du nabarmen berriro, «on egiten digu, mugimenduan jartzen digulako gorputza. Han ez da minik. Jubilatu guztiak animatu nahi ditut parte hartzera, primeran pasako dutelako».
Dokumentuaren akzioak