Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gizaki zatikatua

Dokumentuaren akzioak

Gizaki zatikatua

Kritika, Marseillako balleta

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2007/09/09

Frederic Flamand koreografoak hori berori islatu nahi izan du bere koreografian, dantzariak eremu hotz eta gogor batean kokatuz eta gizaki modernoaren isolamendua eta komunikaziorako gaitasun eskasa irudikatuz. Filosofia, arkitektura eta dantzaren arteko harremana areagotu nahian edo, Dominique Perrault arkitekto eta hirigileari enkargatu dio eszenografia, eta Perraultek 20 lauki beltz handitan banatu du behegaina eta panel metaliko bertikal batzuekin zatitu du agertokiko bolumena. Hain zuzen ere, panel mugikor horiek dira elementu eszenografiko nagusia, eta ederki adierazten dituzte arkitekturaren ezaugarriak: alde batetik bizitzarako lekuak sortzen dituzte, baina bestetik, mugak ezartzen dituzte giza nahien aurrean, eta dantzariak etengabe ariko dira panelen kontra egiten, lekuz aldatzen edota gune berriak haiekin eraikitzen..

Koreografiaren diseinua ere, oso da zatikatua, pasarte labur anitzez osatua baita, bizimodu modernoaren antzera, eta zatikatze sentsazio horretan lagungarria da soinu-bandaren eraketa, zeinak opera zatiak, musika elektronikoa, hitzaldi solteak eta pianoa elkartzen baititu, batzuetan bata bestearen atzean, eta beste batzuetan aldi bereko nahasketan. Gauzak horrela, eta bideo-proiekzio geometriko eta arkitektonikoen laguntzarekin batera, dantzariek indibidualki jarduten dute gehienbat, sakontasunik gabeko gorputz-jarrerak eta mugimenduak deskribatuz eta bikoteka edo taldeka oso noizean behin elkartuz. Konklusio bezala, ukaezina da edertasun une solteak sortu direla, baina oro har, panelen erabilera eta bideo proiekzioak dantza bera baino erakargarriagoak izan dira, eta bigarren plano batean utzi dituzte dantzarien presentzia eta dantzaren lengoaia.

Konpainia: Ballet National de Marseille.
Zuzendaria:
Jose Luis Saiz.
Koreografia: Frederid Flamand eta konpainiako dantzariak.
Soinua: Xavier Yerles, Jacques Yves Le Docte.
Eszenografia: Dominique Perrault.
Lekua:
Miarritzeko Portu Zaharreko hondartza.
Eguna: Irailak 7.

Dokumentuaren akzioak