Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gizadiaren sorrera, Malandainen arabera

Dokumentuaren akzioak

Gizadiaren sorrera, Malandainen arabera

'Izakiak' koreografia emango du Biarritz Balletak asteburuan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian

Egilea
Elixabet Epelde
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2009/03/31

1801ean Beethovenekin batera sorturiko Prometeoren Izakiak jatorrizko lanean, greziar mitologiako titanaren istorioa bildu zuen Salvatore Viganok. Malandainek, aldiz, gizadiaren sorrera hartu du egokitzapen honetan: «Adam, Jainkoak lehendabizi sortu zuen izakia, oholtzan bakarrik arituko da dantzan, Eba agertzen den arte. Pixkanaka dantzariak batuko zaizkie, gizadiaren sorreraren sinbolo gisa».

Dantzaren historiaren errepasoa ere egiten du obra abstraktu honek. Malandain Biarritz Balleteko hamasei dantzariek barrokoa, erromantizismoa eta dantza klasikoa emango dituzte, dantza garaikidea baztertu gabe.

Dantza garaikidetik «erorikoaren» kontzeptua nabarmendu du Malandainek. Izakiak obran, eroriko fisikoaz gain, eroriko sinboliko bat ere adierazi nahi izan du zuzendariak. «Adam eta Ebak, tentazioari eutsi ezinik, sagarra jan ondoren pairatzen duten deserriratzea».

Jean-Claude Asquiek eta Jorge Gallardok dantza bakoitzaren estilora egokitu dute janzkera. Tutu klasikoek barroko estiloko janzkera pisutsuak ordezkatuko dituzte. «Dantza garaikidean ohikoa den moduan, biluzik ere agertuko dira dantzariak. Adam eta Ebaren garapen paraleloa da, paradisutik bota zituztenean biluzik baitzeuden», adierazi du Malandain Biarritz Balleteko zuzendariak.

Gizadiaren historiako lehen erailketa sinbolikoarekin amaitzen da lana, Kain eta Abelen istorioarekin. «Amaiera horrek ere dantzaren garapen paraleloarekin badu zerikusia. Berreraiki behar den dantzaren errealitatea islatzen baitu», azaldu du zuzendariak.

Dantza lurretik oin puntara doan «goratzea» da, Malandainen aburuz, eta dantzak gizakiaren paradoxa islatzen duela dio: «Egunerokoak lurrean jarraitzen duela gogorarazten dio gorantz jo nahi duen gizadiari».

Jon Maia koreografoarekin Malandain Biarritz Balletak duen lankidetza hitzarmena dela eta, haren estudioan entsegu publikoa egingo dute ostegunean. Irailean egingo den Miarritzeko dantza jaialdian izango da Maia, lankidetza horri esker.

Dokumentuaren akzioak