Dokumentuaren akzioak
Giro ederrean burutu dira Urruñako kabalkada zintzarrotsak
20:30tan eta eguzkipean hasi ziren 2014ko Urruñako kabalkada zintzarrotsak, zaldunek txaloen artean martxa ideki zutenean. Txaloek zaldiak beldurtu zituzten pixka bat eta bazterretan eserita zegoen jendea pixka bat beldurtu zen ere. Hortik aintzina, aldiz, beldurrak irriei eta txistuei utzi zien lekua.
Behin parte hartzaile guztiak plazara atera zirela-eta, kaskarotek "Ene andre honekin" dantza eskaini zuten, eta Odei Barroso eta Sustrai Colina bertsolarien bertsoen ondotik, kantarien botzak entzun ziren.
Orduan hasi zen zintsarrotsaren lehen auzi-gertaldia. Ofizioz abokatua den Filipe Aramendi epailearen paperetik aritu zen, eta Abiadura Handiko Trenaren problematika azaldu zuten lekukoek. Ordutik aurrera, plazaren bazter batean gordetuak ziren lau zirtzilen "show"-a hasi zen. Bi orduz, antzerkiaren denbora luzatzeko arriskuan zegoela, poliziarekin eta epaileekin tontakeriten aritu ziren, jendearen plazer handienarentzat.
Lehen auzian AHTren aldekoak eta aurkako argumentuak entzuten egon zen jendea, logikaz eraikitako argumentuak edo aurkaria iraintzeko fede gaiztoz eraikitako argumentuak, herriko tabernetan entzun diren antzekoak.
Lehen auzia bukatu-eta, bertsolariak igo ziren oholtzara AHTaren aurkako bertsoak kantatzeko. Ondotik, Ahurtiko makil dantza eskaini zuten kaskarotek eta "Hitz hutsez" kantatu zuten beltzez jantzitako kantariek.
Bigarren auzian Urruñan euskarak duen egoera salatu zuten, hizkuntzak izan dituen gora beherak aztertuz. "Herri Urrats" izeneko kantaren ondoren, espekulazioa eta herrian dauden arazoak aipatu zituzten, batez ere Florenia lorategiarena. Anartean, giroa berotzen segitu zuten zirtzilek, ura botaz, pilotekin jostatuz edo poliziak kakinaraziz gau osoan, euren txapelak, makilak edo jakak lapurtuz. "Ai Santa Flor" kantaren ondotik, 60 bat dantzariei utzi zitzaien tokia plazan, eta bikoteka, laukoteka edo zortzikoteka eskaini zituzten bi dantza, euren, jantzi ederretan.
Laugarren gertaldian gaztetxe baten egiteko trabak aipatu zituzten antzerkilariek. Segidan, epaileak bere deliberoa eman zuen, baina igandean bigarren emanaldia ikustera joango direnen errespetuz, deliberoaren emaitzik ez dugu emango gaurkoan.
Giro ederrean eta kantuz bukatu ziren Urruñako kabalkada zintzarrotsak. Publikoak eta parte hartzaileek "Dama gazre xarmant bat" kantatu zuten denen artean.
Irakurri ere Joseba Aurkenerena antzezlanaren idazleari eginiko elkarrizketa eta ikusi Kanaldudek eginiko bideo erreportaia.
Dokumentuaren akzioak