Dokumentuaren akzioak
Gipuzkoar dantzarien keinua
Kemen Dantza Taldeko hamabost dantzarik hiru eguneko ibilaldia bete zuten igandean gipuzkoako dantzak Iruñean aurkezteko
Hainbat liburu testutan azal-tzen den bezala, XIX. mendean Zaldibiako
dantzariak oinez abiatu ziren Iruñeara bertako San Fermin jaietan
dantzatzeko. Haiek gau bakar batean bete zuten bi herrien arteko
tartea; irundarrek inongo presarik gabe hartu nahi izan zuten, horrela
ere bideaz gozatzeko aukera eskuratuz. «Bost-sei ordu ematen genituen
egunero oinez, beraz bagenuen bisitak egiteko eta argazkiak ateratzeko
astia», zioen Kemeneko Patxi Pagolak, ekimena bultzatu duenetariko bat.
«Orokorrean oso ondo pasa genuen bidean; eguraldi ona izan genuen eta
ez genuen izan inolako gauza arrarorik: ez erorketarik ezta txorkatila
bihurriturik ere». Bidean zehar sekulako paisaia ikusteko aukera izan
zuten. «Baso oso potenteak daude eta orain, udazkenean, benetan politak
ikusi genituen. Larunbatean, behelainoa izan genuen eta argazkian
ikusten den bezala oso paisai politak geratu ziren, gainera, zerua argi
eta eguzkitsua baikenuen».
Igandean, goiz jaiki
Parrandarik egiteko leku aproposena ez da mendia, beraz, Kemeneko
ibiltariek ez zuten gaizki hartu igandean zertxobait goizago jeiki
behar izana. «Aurreikusitakoa baina bi ordu gutxiago behar izan
genituen azkenean ibilaldia betetzeko, baina, badaezpada, igandean goiz
jaikitzea erabaki genuen».
Iruñean publizitate gutxi egin zioten bere saiakerari, baina, hala
ere, ehun bat pertsona bildu ziren txistuaren soinuak deiturik, izan
ere, «igande goizez jende mordoxka dabil beti Iruñeako alde
zaharretik». Hamabost minutuko saioa eskaini zuten, hori bai, mendi
botak kendu eta gero eta ekimen honetarako prestaturiko kamisetak
jantzirik.
Igandean bertan bueltatu ziren, bazkaldu eta gero, eta atzoko eguna
ahal zen moduan indarrak erreparatzen eman zuten nahiz eta lana egin
behar. «Batzuk ohitura falta, besteek katarroa; denok izan dugu
astelehen gogorra».
Dokumentuaren akzioak