Dokumentuaren akzioak
Gipuzkoar aurreskuko 25. txapela eta gerrikoa, jokoan
Hilaren 29an jokatuko da finala Pasai Antxon, eta izen emateko epea astelehenean itxiko da
Hilaren 29an erabakiko da Pasai Antxon aurtengo gipuzkoar erako aurresku txapelketako txapela eta gerrikoa nork jantziko dituen, Maiak, Beobidek edo besteren batek.Txapelketan hamasei dantzarik baino gehiagok emango balute izena , bezperan, hilaren 28an, arratsaldeko seietan, finalaurrekoa jokatuko lukete dantzariek, eta igande goizean hamar sailkatuak lehiatuko lirateke. Aurkezturiko dantzariak 16 baino gutxiago badira, finala zuzenean jokatuko da. Datorren astelehenean amaituko da izena emateko epea. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrean entregatu behar da izena emateko orria.Dantzariek gipuzkoar aurreskua osatzen duten lau dantzak dantzatu beharko dituzte, hau da, Aurkez aurke edo Desafioa, Eskua aldatzeko soinua (Alpargata deritzona), Agurra eta Zortzikoa. Aurreskularien lana Euskal Dantzarien Biltzarreko adituek epaituko dute: Izaskun Emazabalek, Jesus Mari Garatek, Jose Luis Vallejok, Nagore Indakoetxeak eta Santi Bañalesek.
Berria saria berrienari Txapeldunak jasotzen dituen sarien artean eskultore ezagun batek eginiko obra izaten da. Izan ere, eskultura hori, txapeldunaren herriko udaletxean gordetzen dute hurrengo urteko txapelketa jokatu bitartean. Eta hurrengo urtean lehiaketa irabazten duen aurreskulariaren herriko udaletxean egoten da. Dantzaria hiru urtez jarraian edo bost aldiz nagusitzen bada, eskultura hori betiko gelditzen da bere herriko udaletxean. Aurten Jesus Jauregik eginiko eskultura eskuratuko du txapeldunak.
Sari berri bat ere izango da aurten, Berria egunkariak emango duena. Dantzari berrienari edo aurreskulari berrien artean ondoen sailkatzen denak eskuratuko du saria. Dantzari gazteenak, ostera, Alkartasuna Euskal Dantza taldearen saria jasoko du.Aurten, gainera, orain arte sari nagusia irabazi duten dantzari guztiak gogoratuko dituzte Pasai Antxon, omenaldi baten bidez. Orain arteko zortzi dantzari txapeldunak elkartzeaz gain, haiek jasotako eskulturak ÐNestor Basterretxeak, Ricardo Ugartek, Mikel Cristik eta Antxon Mendizabalek eginakÐ ikusi ahal izango dira datorren igandean, aurreko urteetako argazkiekin eta kartelekin batera.
Orain arteko txapeldunak
1981: Mikel Pontesta
1982: Xabier Mendizabal
1983: Iñaki Arregi
1984: Mikel Sarriegi
1985: Mikel Sarriegi
1986: Mikel Sarriegi
1987: Mikel Sarriegi
1988: Mikel Sarriegi
1989: Mikel Sarriegi
1990: Ramon Sanchez
1991: Mikel Sarriegi
1992: Ramon Sanchez
1993: Ramon Sanchez
1994: Edu Muruamendiaraz
1995: Edu Muruamendiaraz
1996: Edu Muruamendiaraz
1997: Jon Maia
1998: Jon Maia
1999: Jon Maia
2000: Jon Maia
2001: Aiert Beobide
2002: Jon Maia
2003: Aiert Beobide
2004: Jon Maia
Dokumentuaren akzioak