Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gipuzkoako Urrezko Domina, Juan Antonio Urbeltzentzat

Dokumentuaren akzioak

Gipuzkoako Urrezko Domina, Juan Antonio Urbeltzentzat

Argia taldearen zuzendaritza hartu zuenetik dantzaren alorrean egindako ekarpen oparoa aitortu nahi izan du Foru Aldundiak dominarekin
Komunikabidea
Diario Vasco
Mota
Albistea
Data
2015/11/17
Lotura
Diario Vasco

Diputatuen Kontseiluak erabaki du Juan Antonio Urbeltzi ematea aurtengo Gipuzkoako Urrezko Domina. Foru Aldundiaren aburuz, «1965. urtean Argia taldearen zuzendaritza hartu zuenetik, euskal dantza goitik behera irauli eta lan oparo eta zehatza egin du Urbeltzek. Haren etengabeko ekarpen eta proposamenek ezinbesteko erreferente bihurtu dute alor honetan». Ibilbide jori horri merezitako errekonozimendua emateaz batera, dantzak, eta dantzaren bidez euskal komunitatea kohesionatu eta bideratzen lagundu duen «euskal dantzaren sektore osoak, egungo Gipuzkoako gizarte modernoan duen garrantziaren aitortza instituzionala» egin nahi da, Imanol Lasa foru bozeramaileak azaldu duenez.

Juan Antonio Urbeltz Navarro 1940ko urrian Iruñean jaio bazen ere, Donostian bizi izan da txikitatik. Lasak bost arrazoi nagusi eman ditu haren izendapenerako. Lehenik eta behin, euskal dantzaren «ezagutza zabal eta zientifikoena» lortzeko egin duen lana. «Tradizioaren transmisioan 1936ko gerrak eta ondorengo egoerak ekarri zuen etena salbatzeko, ezinbestekoa izan da bere jarduna. Landa-lan sistematiko bati ekin zion, hainbat testigantza jasoaz«.

Haren sorkuntza lana ere goraipatu du, 1980ko hamarkadatik aurrera batez ere. «Erakutsi du posible dela dantza tradizionalaren esparruan modu serio eta sakonean sormenaren bideari ekitea, hutsalkeria eta erromantizismo zaharkituetan erori gabe». Garai hartan dantzari talde desberdinekin landutako elkarlana ere aintzat hartzeko modukoa da: Donostiako Goizaldi, Añorgako Arkaitz, Elgoibarko Haritz, Lapurdiko Begiraleak eta Maritzuli edota Eibarko Kezkarekin, besteak beste.

Lasak azpimarratu du Urbeltzek «balore sendoen» gainean eraiki duela bere lan guztia. Horien artean, hauek aipatu ditu: dantzaren izaera politikoaren aldarrikapena, zintzotasuna eta zorroztasuna, herri eta gizartearekiko konpromisoa, eskuzabaltasuna, eta lidergo eta ikusmena. Horrez gain, Marian Arregik haren ibilbidean duen pisua eta garrantzia nabarmendu du. «Urbeltzen sormen, ekoizpen eta dibulgazio ekintzak nekez ulertu daitezke Arregik, musika tradizionalaren esparruan garatu, ondu eta sortu dituen musika konponketa eta konposiziorik gabe, eta oro har, egindako lanaren gainean proiektatu duen ikuspegi kritiko nola osatzailerik gabe».

Sari banaketa abendu erdia aldera egingo da. Urbeltzen aurretik, Benito Lertxundik (2014) eta Nestor Basterretxeak (2013) jaso zuten Domina. Aipatzekoa da Lertxundiren zenbait abestiren hitzak idatzitakoa dela Urbeltz: 'Baldorba', 'Urrundik heldu naiz', 'Joan zinen' edota 'Zuberoa II'.

Juan Antonio Urbeltzen artxiboko argazkia.
Juan Antonio Urbeltzen artxiboko argazkia. / LUSA

Dokumentuaren akzioak