Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gipuzkoako diputazioa eta Biarrizko Balleta Mugaz gaindiko Zentro Koreografikoa sortzear dira

Dokumentuaren akzioak

Gipuzkoako diputazioa eta Biarrizko Balleta Mugaz gaindiko Zentro Koreografikoa sortzear dira

Izaera nazionala duen lehen koreografia zentrorako egitasmoa aurkeztu dute

Egilea
Gorka Erostarbe
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2000/03/24

EZ dira ugariak Euskal Herrian dantza (klasiko nahiz garaikideko) konpainiak. Urriak dira halaber, mugaz bi aldeetako (Ipar eta Hegoaldeko) elkarte nahiz erakundeen arteko lankidetzak zernahi arlotan, baita dantzari dagokionean ere. Hutsune edo gabezia horiek betetzera, neurri batean bederen, letorkeen egitasmo baten berri eman zuten atzo Donostian, Gipuzkoako Kultura diputatu Luis Maria Bandres, Kultura zuzendari Maria Jesus Aranburu eta Ballet Biarritz konpainiako kide Filgi Claveriek. Mugaz gaindiko Zentro Koreografikoa, eta proiektu horretako lehen emaitza izango den La Chambre d’Amour (Amodiozko Ganbera) ikuskaria aurkeztu zituzten hain zuzen ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Biarrizko Balletaren arteko elkarlanaren bitartez gauzatuko da izaera nazionala duen koreografia zentro hori. «Bi erakundeen artean laster akordio bat izenpetuko dugu, mugaz bi aldeetara dantzaren aldeko ekintzak sortu eta garatzeko helburua duen Mugaz gaindiko Zentro Koreografikoa sortzeko», adierazi zuen atzo Luis Mari Bandresek.

Izan ere, Ballet Biarritz da egun Euskal Herriko dantza konpainia profesional bakarra, eta talde horrek duen egituraz ez baliatzea «txorakeria» litzatekeela uste du Bandresek: «Biarritz Donostiatik 25 kilometro eskasera dago eta guk, han kokaturik dagoen gune koreografikoa profitatu behar dugu, mugaz gaindiko zentroa bultzatzeko.».

Bost xede nagusi

Mugaz gaindiko Zentro Koreografikoak bereziki bost helburu izango ditu Bandresek aditzera eman zuenez: «Lan koreografikoen zabalpena litzateke lehengoa. Hartarako, erregulartasun batekin, obrak eskainiko dira bai Donostian eta bai Biarritzen». Dantzarekiko sentsibilizazioa areagotzeko xedea ere badu egitasmoak: «Euskal Herrian beti izan da zaletasun handia dantzarekiko, tradizionalarekiko, batez ere. Baina, denbora aurrera joan ahala gauza berriak sortzen dira, eta dantza berri horiekiko erronka bat ere badugu». Koreografo eta dantzari gazteak bultzatzea ere xedetzat du proiektuak: «esaterako dantzari gazteak gertatu ahal izateko datorren urteko irailean kurtso bat antolatuko du Artelekun Mugaz gaindiko Zentro Koreografikoak», Bandresek azaldu zuenez. Azken helburua, «Euskal Herriko dantza ondarea oinarritzat hartzea litzateke». Arlo horretan, Biarrizko Balleteko zuzendari Thierry Malandainek eginiko lana azpimarratu zuen Bandresek.

Hasiera batean koreografi zentroak 14 dantzarirekin funtzionatuko du. Horietatik 12 Biarrizko Balleteko kideak dira eta beste bi Gipuzkoako diputazioak kontratatuak, audizio bat egin ostean: Mikel de Irurzun eta Luisa Santos donostiarrak, hain zuzen. Bi horiek eta lehendik Biarrizko konpainiako kide den Isaias Jauregi zarauztarrarekin, Hegoaldeko hiru dantzari, izango dira taldean. «Garrantzitsua da talde sendo bat izatea, eta hemendik bost urtera 20 bat dantzari izan nahi ditugu», adierazi zuen atzo Filgi Claveriek. Egitasmoaren lehen urratsa La Chambre d’Amour ikuskaria eskaintzea dela, eta etorkizunean «ekintza guztiak Euskal Herrian zabaltzeko asmoa» dutela gaineratu zuen Claveriek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmoan parte hartzeko deia beste instituzio batzuei ere zabalduko diela adierazi zuen Maria Jesus Aranburuk.

Dokumentuaren akzioak