Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gipuzkoako dantzen urrats guztiak liburu eta DVD banatan bildu dira lehenengo aldiz

Dokumentuaren akzioak

Gipuzkoako dantzen urrats guztiak liburu eta DVD banatan bildu dira lehenengo aldiz

Ramon Sanchezek egin du sailkapena eta deskribapena

Egilea
Felix Ibargutxi
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2004/12/04

Dantzen urratsen sailkapenaz eta pauso horien deskribapenaz Ramon Sanchez Zabaleta arduradu da gehienbat. Atzoko aurkezpenean honela mintzatu zen Goizaldi dantza taldean jardundako dantzari hau: «Lan honek zentralidade handia du. Lanari ekitean, aurrean bi elementu nituen: Iztuetaren liburua, 1824an idatzia baina aurreko mendeko dantzak jasotzen dituena azken batean; eta bestetik, gaur egun egiten diren Gipuzkoako beste dantzak. Sailkapena zeren arabera egin dudan? Urratsen oinarrizko mugimenduen arabera. Mugimendu zentral bat egoten baita beti».



Sanchezek atzo adierazi zuenez, «Gipuzkoako kasua, Euskal Herriko beste probintziekin konparatuta, oso desberdina da. Hemen Iztueta eduki baikenuen. Hura autoridade bat izan zen, eta dantzak erakusteaz gain, liburua idatzi zuen: Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia».



Iztuetaren jakituria Olanok heredatu zuen, honek Jose Loren-tzo Pujanari erakutsi zion, eta honek seme Kandidori. Azken honek Donostiako Goizaldi taldean maisu jardun zuen. Talde hau izan zen, beraz, zeharka Iztuetaren suziria jaso zuena, eta Ramon Sanchez tradizio horretatik elikatu da.



Bestalde, Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakari Xabier Mendizabalek atzo esan zuenez, erakunde honek «ahalegin handia egin du produktu hauei zabalkundea emateko, eta horretarako material guztiak lau hizkuntzatan jarri dira: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez».



«Emaitza hau ez da bakarrik gipuzkoarrentzako. Gipuzkoako dantzak toki askotan dantzatzen dira, baita Iparraldean ere, eta baita Euskal Etxeak dauden tokietan ere», jarraitu zuen lehendakariak.



Liburuko hitzaurrea Angel Murua legazpiarrak idatzi du, Euskal Dantzarien Biltzarreko presidente ohia bera, eta bizi guztia euskal dantzak ikertzen emandakoa.



Gipuzkoako urratsen sailkapena eskaintzen da gero. Gaur egun egiten diren urratsetan, eta Iztuetak deskribatu zituenetan oinarrituta, urratsen sailkapena egin du Sanchezek, eta sei sail hauek proposatzen: muriskak- -zorrotzak; albokoak; oin gorakoak; gurpilak; zapateatuak; sen- tziloa.



Ondoren, dantza bakoitza egiteko zenbait azalpen ematen ditu Sanchezek: erritmoa, distantziak, gorputzaren mugimenduak eta abar. Maisu honek atzo esan zuenez, «Iztuetaren garaitik hona asko aldatu da dantzalekua, eta horrek ondorioak ekarri dizkio dantzatzeko moduari. Lehen, plazetan dantzaten zen; orain, ohol-tza gainean; lehen, toki gehiago hartuz eta dantzatzen zen eta modu libreagoan; orain, dantza aurreraka da eta rijidoagoa».



DVDari dagokionez, bi eratako planoak aukera daitezke: plano gertukoak eta plano orokorrak. Dantzari oso ezagun batzuek jardun dira grabazio lanetan: Aiert Beobide, Aritz Salamanca, Jon Maya eta Nagore Indakoetxea. Lauak ere, txapelketetan aparteko maila erakutsiak eta eskarmentu handikoak.



Bi-soin enpresako Fernando uriarteren zuzendaritzapean egin da grabazioa. DVDa ere lau hizkuntzatan egin beharra «oso konplexua» izan da, atzo Mendizabalek adierazi zuenez.



MATERIALAK

Liburua: Hitzaurrea Angel Muruak idatzi du. Ondoren, urratsen sailkapena dator eta berorien ejekuzioa azaltzen da.



DVDa: Gertuko irudiak nahiz orokorrak agertzen dira. Lehen mailako dantzariak jardun dira grabazioetan.



Beste DVD batzuk ere bai

F.I./DV. DONOSTIA



Atzo aurkeztutako Aldaerak: Gipuzkoako dantzen urratsak liburu eta DVDaz gain, Euskal Dantzarien Biltzarrak beste material batzuk eramango ditu gaur Durangoko azokara. Besteak beste, Folklorea Euskal Herrian bildumako DVDak.



Zenbait herritan egindako grabazioak eskaintzen dira bilduma horretan. Atzo esan zutenez, bederatzi DVD berri hauek egongo dira salgai: Abadiñoko dantzak; Antzuolako Alarde eta dantzak; Berrizko dantzak; Cortesko dantzak, garaiko dantzak; Gipuzkoako brokel dantza; Iurretako dantzak; Oñatiko dantzak; eta Otsagiko dantzak.



Euskal Dantzarien Biltzarra Euskal Herriko 250 dantza talde biltzen dituen elkartea da. Delegazioak ditu bost lurraldetan, hau da, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian.



Elkartearen helburu nagusia, euskal dantzen eta folklorearen kontserbazioa eta dibulgazioa da, eta horretarako, ekitaldiak antolatzeaz gain, era askotako materialak plazaratu ditu, hala nola diskoak, bideoak eta DVDak.



Dantzaria aldizkaria kaleratu zuen 1970-1995 epean. Folklore eta dantzei buruzko ikerlanak jaso ziren kaleratutako 54 aleetan. besteak beste, Iñaki Irigoien, Juan Antonio Urbeltz, José María Jimeno Jurío eta Gaizka Barandiaranen ikerlanak eskaini ziren.



Diskoei dagokienez, Euskal Dantzarien Biltzarrak 1987an plazaratu zuen aurrenekoa, Arabako dantzak (I) zeritzana. Eta iaz bere hamargarrena eskaini zuen, Gipuzkoako dantzak izenburukoa.



Bideoak ere egin izan ditu dan-tza taldeen federazioak: Gipuzkoako dantzak; Iurretako Dantzari dantza; Tolosako San Juan eguna-Bordon dantza; Oñati Korpus eguna 1986; Gizon dantza; eta 25. Urtemuga, besteak beste.

Dokumentuaren akzioak