Dokumentuaren akzioak
Gipuzkoako dantzen historian mugarri den liburua
Mikel Sarriegi, erdian, txapelarekin, senide eta gonbidatuz inguratuta, Igartzako jauregiaren atarian, gaur.Iñaki Gurrutxaga
Mikel Sarriegi Etxezarreta (Beasain, 1965) bera kide den Igartzako Dantzarien Kofadriako kideek agintari eta gonbidatuei dantzatu dieten Ezpata-dantzarekin hasi da gaur Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak liburuaren aurkezpen ekitaldia, Igartzako zubian. Kutsu herrikoiko ekitaldi solemnea izan da, okasioak eskatzen zuen neurrikoa.
Igartzako jauregiko lehen lerroan, ikerketa liburuaren egile Mikel Sarriegi, eta haren ondoan Leire Artola Beasaingo alkatea, Jokin Otamendi Aranzadi Zientzia Elkarteko presidentea, Maria Jesus Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaria eta Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusia.
Beste aldean, liburuaren argitalpena diruz lagundu duten Goierriko hainbat herritako alkateak: Adur Ezenarro (Ordizia), Ioritz Berra (Zaldibia), Mikel Serrano (Zumarraga), Izarra Urdalleta (Segura), eta baita Oñatiko Udaleko ordezkari bat ere. Ondoan, Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia. Eta aretoan, Gipuzkoako dantzaren munduarekin lotura duten hainbat eta hainbat ordezkari, tartean liburuan testigantza eman duten hainbat dantza-maisu.
Beasain, Gipuzkoako dantzen bilgune
Leire Artola Beasaingo alkatea izan da hitza hartzen lehena. Gonbidatu guztiei eskerrak ematen hasi da, eta Sarriegirengan jarri du arreta ondoren. Eskerrak eman dizkio Beasain euskal dantzen topaleku bihurtzeagatik, eta adierazi du lan honekin beasaindarrak bere bi pasio uztartu dituela, dantza eta idazketa. “Gipuzkoako dantza hemen biltzea lortu duzu Mikel!”. Sarriegi Beasaingo Aurtzaka dantza taldearen “hauspoa” ere badela nabarmendu du Artolak.
Soka luzea ekarriko duen oparia
Aranzadi Zientzia elkarteko presidenteak hartu du hitza hurrena. “Harro eta pozik gaude gaurko aurkezpen honekin. Hizkuntza dantzatuaren kontzeptua askotan aipatu du azken urteotan Oier Araolaza dantzari eta antropologoak. Dantza gorputz hizkuntza da, gorputzaren bidez komunikatzeko lengoaia. Lotura horren haritik esan dezakegu euskal dantzak direla dantzatutako euskara, eta euskarak euskalkiak eta aldaerak dituen bezala, dantzak ere bai”.
Aurten berrehun urte bete dira Juan Inazio Iztueta zaldibiarrak Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburu argitaratu zuenetik. “Liburu hura ezinbestekoa izan zen, Goierritik abiatuta, Gipuzkoa osoko dantzaren gaur arteko bilakaeran. Denbora askoan pentsatu izan zen Iztuetak jasoak zirela Gipuzkoako dantzaeratzat har zitezkeenak. Duela 30 urte, ordea, Juan Antonio Urbeltzek gogorarazi zigun Iztuetaz gain asko zirela Gipuzkoako dantza maisuak, eta Gipuzkoartzat jotzen genituen dantzen jatorria, gutxienez, Europar testuinguruko berpizkundean zegoela”.
Otamendiren esanetan, aldakorra da errealitatea, baina dirudienez, ziklikoa da historia. “Bi menderen ondoren, beste goierritar batek ekarri digu Gipuzkoako dantzaren eta dantza-maisuen testigantza. Hogei urtetik gorako ikerketa lanaren emaitza liburua. Aranzadiren izaera biltzen duen lana, pasioz egindako lanaren emaitza. Joxalberto Andres Zurutuzak esan zion metodo zientifikoa erabiltzeko. Argitalpen mardula da, soka luzea ekarriko duen oparia. Eskuz esku ariko gara soka berean”.
Auzolanean egindako lana
Mikel Sarriegik erakundeetako ordezkariei eta gaur Igartzara bildutako gonbidatu guztiei eskerrak emanez hasi du bere hizketaldia. Iztuetak jasotako Senzilloa mugimenduaren aldaerak azaldu eta dantzatu ditu. Etxekoei ez ezik, liburuan testigantza eman duten dantza-maisuei eskerrak eman dizkie: “Zuei denei eskerrak, miresgarriak izan zaizkit zuen oroitzeko ahalmena eta laguntzeko gogoa”. Sarasetaren hitzak baliatu ditu ondoren: “Zenekitena eman didazue, eta gozamen hutsa izan da”.
Sarriegik berak GoiBerri aldizkariak argitaratu zuen Dantza, errora erreportajean aletu zituen orain aste batzuk bere ikerketa lanaren nondik norakoak.
Igartzako jauregiko areto nagusian tarte bat utzia bazen, eta eremu hori baliatu du Carles Mas kataluniar dantzariak Sarriegiri Pavana bat dantzatzeko, XVI-XVII. mendeko erreberentzia bat. Elkar besarkatu ondoren, lore sorta bat eman diote opari haren etxekoek. Atzera hitza hartu du Sarriegik: “Liburu hau egiteko auzolana ezinbestekoa izan da”. Haren sarean eroritako hamaika laguntzaile eta testigantza emaile izan ditu berriz gogoan, baita lanak iraun duen hogei urteotan hil diren hainbat dantzari eta lagun. “Gure aita ponteko Iztuetak zioen bezala, osasuna, dantza ona eta betiko atsegina opa dizuet”.
Dantza, herria batzeko osagaia
Eider Mendozak eman dio bukaera aurkezpen ekitaldiaren lehen zatiari. Dantzaz asko ez dakiela aitortu arren, dantzak transmititzen dituen balioei buruz aritu da. “Dantzak herria kohesionatzeko balio du, eta gaizkia uxatzeko, Inauterietan egiten den bezala. Oso lan korala izan da hau. Dantzaren balioa goraipatu nahi nuke, badela bere hizkuntzan kantatzen eta dantzatzen duen herri bta Pirinioen bi aldeetan. Jarraitu dezagun herri hau eraikitzen dantzari eta kantuari esker. Jarrai dezagun emozioak transmititzen eta soka honi segida ematen”.
Bukaera soka-dantzan
Jauregiren atarian taldeko argazkia atera ondoren, soka-dantzan sartu dira atzera aretora gonbidatu guztiak, eta Andoain, Antzuola, Añorga, Berastegi, Donostia, Eibar, Elgoibar, Lizartza, Ordizia, Oñati, Tolosa, Zarautz, Zumarraga eta Beasaingo dantzariek herri bakoitzeko abarketa dantzatu dute. Ekitaldia Mikel Sarriegiren zortziko batekin bukatu da.
Dokumentuaren akzioak