Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gipuzkoako dantzak, urratsez urrats eta irudiz osatuta

Dokumentuaren akzioak

Gipuzkoako dantzak, urratsez urrats eta irudiz osatuta

Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2004/12/22

“Aldaerak:Gipuzkoako dantzen urratsak” izeneko liburua eta DVDa Euskal Dantzarien Biltzarrak azken bi urteetan egindako lanaren emaitza dira. Idatzizko azalpenak eta irudiak, teoria eta praktika uztartu dituzte Gipuzkoako dantzen nondik norakoak azaltzeko eta, gainera, lau hizkuntzatan eman dute argitara, lan horren zabalkuntza bultzatzearren. Hartara, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez erabil daiteke, eta Euskal Herriko zein atzerriko irakasleentzako, dantzarientzako eta zaleentzako tresna erabilgarria da.



Izan ere, “Aldaerak” dantzarientzat, zaleentzat eta irakasleentzat egin dute, eta hainbat adituk hartu du parte. Ramón Sánchez Zabaleta irundarrak egin du liburua, hiru aldiz Gipuzkoako aurresku txapelketako garaile eta Irungo Kemen eta Donostiako Goizaldi dantza taldeetan urte askoz izandakoak. Berak sailkatu eta azaldu ditu Gipuzkoako urratsak.



Sánchezek bi oinarri hartu ditu sailkapena egiteko: gaur egun egiten diren urratsak eta Juan Inazio Iztuetak “Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia beren soño zar eta itz neurtu edo versoaquin” (1824) lanean deskribatu zituenak. Urratsen oinarrizko mugimendua ardatz hartu, eta sei talde zehaztu ditu:muriskak eta zorrotzak, albokoak, gurpilak, oin gorakoak, zapateatuak eta sentziloak. Urrats horien neurriaz eta egiteko eraz aintzat hartu beharrekoak azaldu ditu Sánchezek beste atal batean. «Pausoak eta dantzak egiteko beharrezkoak diren zenbait azalpen ematen dira (erritmoa, distantziak, gorputzaren mugimendua eta abar)» bertan.



Sailkapen eta azalpen horien hitzaurrea Angel Murua Iñurrategik egin du. Euskal Dantzarien Biltzarreko presidente ohiak lan itzela egin du Gipuzkoako dantzak ikertzen, eta hainbat datu eskaini du liburuaren sarreran.



Ikusiz ikasi



Teoria da hori, baina praktika ere azter daiteke DVDaren bitartez. Aurkezpen bat eta Gipuzkoako urratsak eta dantzak aurki daitezke irudietan. Liburuan aipatutako sei urrats taldeak erakutsi dituzte eta, horrez gain, urrats horietan oinarritutako Gipuzkoako sei dantza eman dituzte: desafioa, alpargata, agurra, zortzikoa, erribera eta aurkez aurke.



Dantzarien Biltzarreko kide Estibalitz Iturriak, José Luis Vallejok eta Xabier Mendizabalek aukeratu dute grabatutako materiala, eta Bi-soin enpresak, berriz, edizioa egin du.

Dokumentuaren akzioak