Dokumentuaren akzioak
Gipuzkoako dantzak, sarean
Dantzari buruzko informazioa eta irudiak zabaltzeko, 'gipuzkoa.dantzak.com' webgunea sortu dute
Gipuzkoako
dantzei buruzko entziklopedia multimediak bost atal ditu: Urratsak,
Dantzak, Gipuzkoa, Bibliografia eta Multimedia. Lehenik, Gipuzkoako
dantzetan erabiltzen diren 44 urrats jaso dituzte. Urrats bakoitzaren
deskribapenaz gain, urrats bakoitza nola egiten den ikus daiteke,
bideoko azalpenarekin. Urrats horiek ikasita, lantzeko aukera ematen
dute, Juan Inazio Iztuetak 1842an argitaratu zuen liburuan aurkezten
duen sistema pedagogikoari jarraituz. Ikasitakoa praktikatzeko, urrats
eta ariketa horietan oinarritutako 20 dantza eskaintzen ditu webguneak,
Dantzak atalean. Dantza bakoitzaren historia, musika, tresnak eta
jantziak ere zehaztu dituzte, besteak beste. Musika, Jose Inazio
Sarasuak zuzendurik, Elgoibarko Udal Txistulari Bandak jarri diete
dantzei.Webgunean, Gipuzkoako dantza ezagunenei ez ezik (brokel-dantza,
soka-dantza, ezpata-dantza eta abar), herri eta auzo gutxi batzuetan
dantzatzen diren dantzei ere lekua egiten diete, Gipuzkoa atalean.
Herriz herri, leku bakoitzean zein dantza eta noiz egiten den
adierazten du katalogoak. Guztira herrialdeko 37 herritan egiten diren
dantza motak dokumentatu dituzte.Webguneak eskaintzen duenetik
haratago, dantzen inguruan idatzi denari buruzko bibliografia zabala
eskaintzen du sareko guneak. Eta azken atalean, Multimedian, Gipuzkoako
dantzen inguruko 80 bideo eta 150 argazki daude ikusgai. Argazki
berriez gain, Kutxaren Fototekakoak ikus daitezke. Dantza moduen
ikerketa eta bilketa lana eskaintzen du webguneak, arauemaile izateko
asmorik gabe. Horretarako, lan talde handiak egin du beharra. Gaizka
Benguriak eta Jon Lizarraldek koordinaturik, Ane Sarasketak eta Oier
Araolazak idatzi dituzte webguneko testuak. Testu guztiak euskaraz,
gaztelaniaz eta ingelesez daude irakurgai.
Dokumentuaren akzioak