Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gezurraren aldrebesa

Dokumentuaren akzioak

Gezurraren aldrebesa

Kritika, Ballet Du Nord-Maryse Delente

Egilea
Itsaso Mendialde
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2000/09/16

MIARRITZEN, Maitaldia dantza festibalaren karietara, sorpresa ezti makina baten artean beste batez gozatzeko parada izan dugu: Frantzia iparraldeko 15 dantzari deskubritu ditugu. Maryse Delente koregrafoaren bi lan aurkeztu dizkigute; lehen partean, gizonak bakarrik azaldu dira, bigarrenean emazteak soilik. Bi oren irauten duen emanaldian, giro desberdinak aurkeztuak dira. El canto de despedida (Agurreko kantua) hogei minutuko atalean, dantza aski lurkoia. Gino d’Auri eta Paco Penaren musikek lagundurik zazpi gizon dantzari aritzen dira aulki batzuen gainean: gorputzaren behealdea gona beltz eta zabal batzuez estalita, goialdea biluzik. Argi bero batzuk gorputzaren gainalde horiek oliotsu bihurtzen dituzte. Aldaken mugimenduak iraultza eta sufrikarioaren adierazle dira. Flamenkoarekin zerikusirik badu baina gizonez osatutako dantza hau emazte zauritu guztien omenaldi bihurtzen da. Keinu hautsiak, moztuak eta lurrean arras sartuak Delente koregrafoaren ezaugarriak dira.

Bigarren zatian, Giselle balet klasikoa hartua da abiapuntutzat. 1841ean estreinatu zen balet hau erromantismoaren ikur bihurtua da. Adolf Adamen musika originala atxiki du koregrafoak eta baita Willisen mitoa ere. Mamu horiek ezkondu aintzin hil diren neskatxak dira. Giselle edo erromantizismoaren gezurra-ren titulupean, koregrafoak musikaz betetako dantza garatzen du lehengo baletaren une miresgarrien berrirakurketa iradokorra eginez.

Neskatxak ez dira jada inozoak, jokalariak dira eta beraien sexualitatearekiko umoretsu agertzen dira. Nahiz eta lehen obran bezala dantza lurkoi bat erakutsi, besoen garrantzia dugu koregrafia honen ezaugarri nagusietarik bat. Dantza klasikoa ahantzia da eta proposamen interesgarriak azaltzen dira Maurice Bejart eta Martha Grahamen eraginen gurutzaketan. Dantza berezia eta erabat sentitua dugu. Zortzi neska dantzariak gorputzen aldetik biziki desberdinak dira bainan interprete onak dira eta hasieratik bukaerara gezur hau asumitzen dute. Sekula baino emozio handiagoa izan da obra honekin eta txaloak izugarri indartsu eta luzeak izan dira. Obra arras borobila eta esanguratsua da, emazte baten lekukotasuna ere gorputza, ezkontza eta sexualitateari buruz. Emaztea zentzu betean, bere minberatasun osoarekin sumatzen da egituran eta garapenean. Maitaldiaren etapa bikain bat aurtengo zentro koregrafikoen itzulian!

Dokumentuaren akzioak