Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Gesaltzako Bandaren igandeko dantzaldiaren zain bizi zen jendea"

Dokumentuaren akzioak

"Gesaltzako Bandaren igandeko dantzaldiaren zain bizi zen jendea"

Egilea
Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute
Komunikabidea
Alea
Tokia
Gesaltza
Mota
Albistea
Data
2024/11/23
Lotura
Alea
Iratxe Loma musikariak Gesaltzako Bandaren ondare musikala aztertu du. Argazkia: E.U.

Gesaltza Añanako musika bandaren historia arakatu du Iratxe Loma gasteiztarrak, eta Arabako musika banda zaharrenetarikoarekin topo egin du.1865koa da aurkitu duen idazkirik zaharrena, baina ordurako martxan zegoen taldea. Aitak bandari buruz idatzitako egunkaria izan da ikerketa abiatzeko pizgarria.

Gesaltzako Banda ezinbesteko osagaia da Araba luze-zabalean egiten diren dantzaldi, erromeria, azoka eta jaietan; eta herri musikan erreferentea bilakatu da ehun urtetik gorako historia gorde duen taldea. Bandaren ekarpena eta memoria jaso ditu Iratxe Loma Hermosilla (Gasteiz, 1979) klarinetistak Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean aurkeztu duen ikerketa batean. Alta, oraindik argitu behar du zehazki zer urtetan jaio zen banda, eta noren bultzadari esker. "Oso herri txikia zen Gesaltza Añana, baina gatzagei esker dirua zegoen eta familia ilustratu batzuk. Uste dut hortik etorri zela bandaren sorrera, baina ziurtatu behar dut". 
Banda de Salinas. La importancia en la vida social y cultural de la población ikerketa aurkeztu berri duzu Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean. Zer harreman duzu Gesaltza Añanan jaiotako musika taldearekin? 
Aita, Jose Ramon Loma, eta bere familia osoa Gesaltza Añanakoak dira, eta guk ez dugu inoiz harremana galdu. Aita musikaria zen, aitona ere bai, biek jotzen zuten Gesaltzako Bandan; aitonak tronboia eta aitak saxofoia. Aitak bizitza osoa eman zuen bandan, bederatzi urterekin hasi zenetik jubilatu arte. Ni ere musikaria naiz, Gasteizko udal musika bandako klarinetista. 

"Idazkirik zaharrena 1865ekoa da. Uste dut apurtxo bat lehenago sortu zela banda"

Aitak kontatutako historian oinarritu duzu ikerketa?
Orain dela bi urte hil zen aita, eta bere ordenadorean garbiketa egiten ari nintzela idazki bat topatu nuen: Mi vida en la Banda de Salinas. Horretan kontatzen du bederatzi urterekin hasi zela bandan, hasieran klarinetearekin pare bat urtez, eta gero saxofoiarekin; eta ordutik bizitza osoa saxofoiarekin eman zuela. Aitak kontatzen duenez, garai horretan banda zuzentzen zuen Salvador Mardones bere osabak erakutsi zion klarinetea jotzen; berehala, Salvador Mardonesen seme Eliseo Mardonesek hartu zuen bandaren zuzendaritza, eta gaur Eliseo da bizirik dagoen eta bandaren garai desberdinak bizi izan dituen musikari bakarra.
Zer sentitu zenuen aitaren egunkaria aurkitu zenuenean?
Seinale bat izan zen. Kultura kudeaketan masterra egiten ari nintzen Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean, eta master amaierako lana egiteko gai baten bila nenbilen idazkia topatu nuenean. Herrian kulturari buruz gehien zekiena aita zen, folkloreari buruz zerbait jakin nahi zutenek aitari galdetzen zioten: "pregúntale a Loma", "eso lo sabe Loma". Erreferentea izan da Gesaltza Añanan eta Araban ere bertako folkloreari buruz gehien zekiena zelako. Gainera, Gesaltzako Fanfarreko zuzendaria izanik harreman handia zuen musikariekin eta folklore munduan mugitzen den jendearekin. Aita 2022an hil zenean bere memoria guztia, musikari buruz, bandari buruz eta folkloreari buruz zekien guztia, galtzeko arriskuan ikusi nuen. Bi gauza horiek gakoak izan ziren ikerketa Gesaltzako Bandaren inguruan egiteko.
Zer ibilbide egin du Gesaltzako Bandak, XIX. mendean jaio zenetik gaur arte?
XIX. mendean sortu zutenetik modu iraunkorrean funtzionatu zuen eta udalarekin lotura zuzena izan zuen, baina industrializazioarekin desagertu zen, herrietako jendea Bilbora, Laudiora eta Gasteizera lanera joan zenean. Aitak orduan hamabost urte inguru zituen. Halere, 1979aren inguruan berpiztu zuten banda. Garai hartan, aita eta Eliseo Mardones askotan elkartzen ziren Gasteizen, Indarra taldearekin edo Ezberdinak kuadrillarekin jotzera; eta hasi ziren banda berreskuratzeari buruz hitz egiten eta planak egiten. Bestalde, aitak kontatzen duenez, bazegoen ere apaiz bat Gesaltza Añanan animatzen zituena Aste Santuan eta prozesioetan jotzera; eta berriro elkartu ziren.

"Aita saxofoia jotzen jartzen zuen aitonak, eta ondo egin arte ez zion jolastera joaten uzten"

Gaur, herriko musikaririk geratzen al da bandan?
Gesaltzako Banda birsortu zenean herritik atera zen, herrian ez zegoelako jende nahikoa eta bandak jada ez zuelako harremana udalarekin; lehengo musikariak jubilatzen hasi zirenean beste tokietako eta beste taldeetako musikariak sartu ziren. Orain gesaltzarrak gutxi batzuk dira, nire neba eta lehengusua, eta beste guztiak kanpokoak dira. Bandaren helburua folklorea zabaltzea da, bereziki Gesaltzako folklorea, eta edozein tokitan jotzea. Halere, lotura mantendu dute herriarekin, baina ez da lehen bezain estua.  
Ikerketa egiteko, Gesaltza Añana osoa astindu duzu, baita udal artxiboak ere.
Jakin nahi nituen ahalik eta bertsio gehienak. Horregatik artxiboak arakatu ditut, udal aktak. Badago gizon bat herrian, Tomas Fernandez de Labastida, eta hari asko gustatzen zaio Arabako agiritegira joatea; eta bertan dauden artxibo guztiak ezagutzen ditu. Harengana jo nuen, beraz,  bandari buruz zer zuen jakiteko, eta berak hasierako erreferentzia batzuk eman zizkidan. Hortik abiatuta artxiboan eman nituen egun asko udal aktetan bandari buruzko informazioa bilatzen, eta oso gauza politak aurkitu nituen. Eliseo Mardonesekin ere hitz egin nuen.
Gesaltzako Banda zer urtetan jaio zen argitu duzu?
Ez. Zoritxarrez datu hori oraindik ez dut topatu, baina aurkitu dudan idazkirik zaharrena 1865ekoa da; udalaren idazki bat da non bandaren musika tresnak konpontzeko konpromisoa hartzen duen udalak, "por el bien que hace la banda a los jóvenes y al pueblo". Nik uste dut apurtxo bat lehenago sortu zela.

"Bereziki Gesaltzako bandaren eta gizartearen harremanean sakondu nahi dut"

Zer dela eta sortu zen musika banda bat Gesaltza Añana bezalako herri txiki batean? Zer harreman du Gesaltza Añanak musikarekin?
Hori ere argitu nahi dut. Eduardo Moreno Guardiako bandako zuzendariak liburu bat idatzi du Arabako Errioxako bandei buruz; hori ere erreferentzia bezala erabili dut testuingurua ezagutzeko, Gesaltzako Bandak Arabako Errioxakoen antzeko garapena izan duelako. Morenoren arabera, Arabako Errioxakoak apur bat beranduago jaio ziren, 1900 urteetan. Beraz, Gesaltzako Banda Arabako lehenengoetarikoa da. Morenok dioenez, Frantziako Iraultzaren ideia berriak herrietara zabaldu zirenean, horien artean kultura gizarte osora iritsi behar zela zabaldu zen, ordurarte eliteen esku zegoelako soilik. Hartara, XIX. mendean sortzen dira banda hauek ideia berri horiei esker; eta kasu askotan elizetan zeuden organistek edo umeei kantatzen erakusten zioten musikariek bultzatu zituzten. Gure herrian, gainera, baziren familia jantziak, ilustratuak, eta horiek ere sustatu zuten musika banda. Adibidez, artxiboetan aurkitu ditudan bandari buruzko lehen erreferentzietan Joaquin Herran izeneko gizon bati buruz hitz egiten da, eta Herran hori Vasco Navarroko sustatzailea dela uste dut, Gasteizko alkate ohia. Kontua da Gesaltzan dirua zegoela gatzagak zeudelako. Oso herri txikia zen baina dirua zegoen, eta familia ilustratu batzuk. Folklorearen aldetik ere oso aberatsa izan da beti Gesaltza Añana.
Zer harreman izan du bandak udalarekin?
Oraindik asko ikertu behar dut, baina aurkitu dudanaren arabera, hasi zenean, XIX. mendean, udalak kontratatzen zuen prozesioetan jotzeko, norbait herrira joaten zenean edo San Kristobaleko jaietan. XX. mendean, berriz, udal banda forma hartu zuen. Felix Perez de Onraita iritsi zen garai horretan, bandako zuzendaria eta udal idazkaria, eta bera hasi zen jasotzen bandaren funtzioak zeintzuk ziren, zer harreman zuen udalarekin…
Gazkinek bandara bidaltzen zituzten semeak?
Garai horretan jende gehienak nekazaritzan eta gatzetan lan egiten zuen, eta batzuk afizio bezala bandan jotzen zuten. Aitonak, adibidez, aita saxofoia jotzen jartzen zuen, eta ondo egiten zuen arte ez zion uzten jolastera joaten.
Gizonek bakarrik jotzen zuten bandan?
Bai, bai. Are gehiago, ni izan naiz Gesaltzako Bandan jo duen lehenengo emakumea, beste lagun batekin batera; Aste Santuan klarinetista laguntzaile bezala hasi nintzenean izan zen, 1996 urte inguruan. 
Bandak herrian egin duen ekarpena jaso nahi izan duzu. Zer utzi du bandak Gesaltza Añanan?
Emakumeek bereziki esan didate ikasi dutela dantzan bandarekin, igandean jotzen zuelako bandak, eta aste osoa egoten zirela zain igandeko dantzaldira ateratzeko, sozializatzeko, ligoteatzeko eta beste herrietako jendea ezagutzeko. Autobusak ere joaten ziren herrira, dantzaldira. Nik bereziki azpimarratuko nuke bandak herriarentzat izan duen funtzio sozial garrantzitsua. Orain dibertitzeko gauza gehiago ditugu, baina lehen jendea igandeko dantzaldiaren zain bizi zen.


Nabarmen aldatu da ordutik ere bandak osatzeko modua, ezta? 
XIX. mendearen edo XX. mendearen hasieran banda deitzen zitzaion edozein herritan jotzen zuen musika taldeari. Argazkiak ikusten baldin badituzu, banda horiek ez dute zerikusirik gaurko Gasteizko Udal Musika Bandarekin, adibidez. Eliseok esaten zidanez, garai horretan, beharraren arabera banatzen ziren musika tresnak partaideen artean; bi tronpeta baldin bazegoen eta saxofoia faltan baldin bazuten, tronpetista batek hartzen zuen saxofoia, eta listo. Musikaren historian bezala, musika taldeen eraketa ere modu formalean ezartzen joaten da eta musika talde bat nolakoa den ezartzen joaten da, bandaren itxura aldatzen joaten da, musikari gehiago izan behar direla, musika sinfonikoagoa jo behar dutela, alegia ahots gehiago izan behar dituela eta ez bakarrik dantza egiteko pasodobleak edo kalejirak; finean, jantziagoa izan behar dela. 
Gerraren eta frankismoaren garaian aparteko arazorik izan zuen bandak?
Gerra garaian zoratu egiten zituztela kontatu dit Eliseok. Erreketeak herrira joaten zirenean haientzat jo behar zutela himnoa; nazionalak agertzen zirenean beste ereserki bat jo behar zutela... Bandako baten bat desagertu zela ere kontatu zidan aitak behin, eta gero itzuli zela; baina ez dute gauza handirik kontatu nahi izan, hor zauriak daude, eta ez dute sartu nahi. Historiaren parte hori uste dut galduko dudala, garai horretako jende asko ez dagoelako, eta daudenek ez dutelako kontatu nahi.
Gauza asko geratu zaizkizu kontatu gabe?
Urte batzuetako aktak daude ez ditudanak ulertzen, eta horiek sakondu behar ditut. Atzera egin behar dut ere jakiteko zeinen iniziatiba izan zen banda sortzea, zergatik sortu zen, zer harreman izan zuen elizako organo jotzailearekin edo umeen abesbatzarekin. 
Herrian lanaren aurkezpena egiteko asmoa duzu? 
Zerbait idazteko asmoa dut eta lana aurkeztu nahi dut, baina bidean gauza asko geratu zaizkidanez ikertu gabe, pixka bat gehiago sakondu nahi dut aurkeztu baino lehen. Bandaren historia ondo kokatu nahi dut, bereziki bandaren eta gizartearen arteko harremana jaso. 

Dokumentuaren akzioak