Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gertu-gertuko folklorea ezagutzeko aukera paregabea

Dokumentuaren akzioak

Gertu-gertuko folklorea ezagutzeko aukera paregabea

Basauriko Euskal Herriko Dantza Agerketaren XXXVI. edizioa

Komunikabidea
Artez
Mota
Albistea
Data
2008/09/03


Bizkotxalde parkean larunbatean izango den saio nagusian Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroako dantzak eskaintzen dituzten taldeekin osatutako erakustaldia burutuko da, guztiak aldez aurretik Sozial Antzokitik abiatuko den kalejirako protagonistak ere izango dira. Gune horretan argiz eta kolorez apaindutako eszenatokian gonbidatutako sei taldeak arituko dira bata bestearen atzetik. Adurtza talde gasteiztarra izango da Arabatik gerturatuko den ordezkaria eta dagoeneko Eskuernaga herrian desagertuta dauden Bailaos, Paloteaos, Te vi, Pájara pinta edo El Culo makil dantzekin osatutako egitaraua eskainiko dute ‘Cachimorro’a gidari duten zortzi dantzariek. Ekitaldia borobiltzeko Gesaltza herriko dantzak eta Jota de Laperra deituriko piezak ere eskainiko dituzte.
Bi izango dira Bizkaiko ordezkariak. Durangoko Kriskitinek desagertuta zegoen eta taldeak berreskuratutako Platillu-soinua, herriko Dantzari dantzako zenbait atal edo haria ehuntzen duen pasartearekin abiatu eta Uztai dantza eta Domingiloa dantzak biltzen dituen Gorulariak piezekin osatuko du bere agerraldia.
Lanestosako Taldeak berriz, Enkarterriko herri horretako Elurretako Ama Birjina zaindariaren jaietako prozesioan egiten dute bertan jaiotako gazteek. Aspaldiko Loredun Uztai dantza gauzazeko taldeko partaideak lorez apainduriko uztai luzeekin baliatzen dira .
Oñatiko Oñatz taldearen ekitaldian Gorpuzti-eguneko dantzak izango dira ikusgai, hau da, jai egun horretan, goizean aldare aurrean eta arratsaldez herriko plazan eskaintzen diren dantzak eta Uztai dantzarekin bukatzen dena.
Altsasuko Aintzindari taldeko mutilek urteko zenbait egunetan eskaintzen den Zortzikoa edo inauterietako Momozorroen dantzaz gain Urdiaingo San Joaneko Kantu eta Dantza eskainiko du nesken taldeak. Aldez aurreko kalejiran Iabaseko zortzikoa ere eskainiko dute.
Larunbateko agerraldia Itsasuko Ataitze taldearekin osatuko da, eskainiko duten egitarauan Gorpuztiegunean partaide ugarik egiten duen Besta-berri eta Lapurdiko folklorean fanfarrearen erritmora eskain­tzen diren Jauziak, Soka dantza edo Fandangoarekin osatuko dute saioa. Arratsaldeko kalejiran Kaskarot, Martxa eta Bolant dantza ere eskainiko dute.
Ohikoa denez, Basauriko XXXVI. Agerraldia herriko Agintzari, Basauritar eta Edurre taldeek igandean arratsaldeko zazpietan Bizkotxalde parkean burutuko duten ekitaldiarekin amaituko da. Gune horretan gainera, usadiozko jantzien erakusketa eta musika tresnen tailerra kokatuko dira, 18.30 eta 19.00etan azalpenekin osatutako saioak izango direlarik.


Dokumentuaren akzioak