Dokumentuaren akzioak
Gerrako umeak, AEBetan
Euskal Herrian 1937an, gerraren ondorioz, milaka haurrek ezagutu zuten infernua AEBetan erakusteak bazuen aldez aurretik puntu berezi bat. Txangoa ederra izan da; bost hiri eta lau estatu igaro ditu: Rock Springsen hasi (Wyoming), Renon (Nevada) jarraitu, Kaliforniako Chinotik eta San Frantziskotik igaro eta Seattlen (Washington) bukatzeraino.
Amerika guztiak ezagutu ditugu: Wyomingo hotza eta elurra, Santa Monicako hondartzak, Renoko eta Las Vegasko diru xahutzea, San Fratziskoko kultur aniztasuna, Hollywood... Klima, jendea, antzokiak...Hiru asteko eleberri honetako pertsonaiak hamabi izan dira: Kukaiko zazpi dantzariak (Jon eta Alain Maya, Ibon Huarte, Urko Mitxelena, Eneko Gil, Nerea Vesga eta Vanesa Castaño), Mireia Gabilondo obrako zuzendaria, Txema Gonzalez argi teknikaria eta Tanttakako kide Fernando Bernues, Laia Bernues eta Koro Etxeberria. Bidaia amaigabearen ondotik, Wyomingo hotzak jet lag-aren eraginak ere izoztu zizkigun. Baina bertako lagunen harrerak ederki berotu zuen giroa. Martin Goikoetxea Gorritiko bertsolariak hartu gintuen han. Euskal Herriko kultur ekimenak gogotik maite ditu, eta bere indar guztia taldean ipini zuen bi egunez. Lehenengo emanaldiak azaroaren 19an egin genituen. Iluntzean High Scholl bateko antzokian eskaini behar genuen saioa, baina aurretik bi komunikazio izan genituen Rock Springseko ikastetxeetako ikasleekin. Oso berezia izan zen 14-17 urte arteko 400 ikasleekin izandako bilkura. Euskal Herria non zen kokatu, gauean eskaini beharreko dantzaldiaren aurkezpena egin eta dantza zein musika saio txiki bat eskaini genien. Ikasleek txalo zaparradez jarraitu zuten emanaldia, baina harritzekoa izan zen kalejira doinuarekin hartutako jarrera. Aulkitik altxatu eta dantzarien eskuetara jauzi egin zuten guztiek. 400 ikasleak dantzan jarri ziren. Ondoren, ez zuten galderak egiteko aukera alferrik galdu.Gaueko saioa Wyomingo euskaldunen bilgune izan zen. Hitzordu bikoitza zuten: 1937-rekin eta Esker-emate Egunaren aurreko afariarekin. Bietan giro ederra piztu zen, eta nagusiek gozatu handia hartu zuten gazte euskaldunekin izandako egonaldian. Taldekideen bihotzean ere gordeta geratu dira Leonen irribarrea eta agurreko malkoak.
'Akademikomikoa'
Bitxia da Renoko eredua. 500 metro eskasean Nevadako unibertsitate entzutetsua eta kasinoz betetako kalea biltzen dira. Mundu akademikoa eta komikoa kilometro erdian bat eginda.
Guk biei egin genien bisita. Unibertsitatean, euskal ikasketen departamenduak duen txokoan izan ginen. Joseba Zulaika zuzendariak egin zigun harrera eta hark erakutsi zizkigun beraien liburutegia, bulegoa, azken argitalpenak eta campusa. Emanaldia zoragarria izan zen. Euskal ikasketen departamenduak apustu indartsua egin eta Pioneer Center-en antolatu zuen saioa. Leku paregabea da dantzarako. Bertatik igaro dira Lord of the Dance, Grease eta abar, eta azaroaren 22an gu geunden bertan. Antolatzaileak, ikusleak eta artistak, denak pozik utzi zituen saioak.Renon jasotako kasino dosi txikiaren ondotik, diru xahutzearen hiriburuan egin genuen osteratxoa; alegia, Las Vegasen. Bertan, 24 ordutan guztia da posible... Dolarrek eraikitako ametsetako hiria da.Kaliforniara iristearekin batera soinekoak ederki arindu genituen. Chinon izan genuen lehen geltokia, eta ederki eskertu genuen lehen asteko erritmo bizian atsedenaldi epela egitea.Ysursa sendiak eskuak zabal-zabalik hartu gintuen. Haiekin eta beren adiskide zein familiarekin igaro genuen Thanksgiving day edo Esker Oneko Eguna, azaroaren 25ean. Eguberri eguna baino gehiago ospatzen dute egun hori AEBetan, famili giroan indioilarra janez; guk horixe bera egin genuen haiekin.Biharamunean emanaldia eskaini genuen euskal etxean. Beteta zegoen. Odolki jana eginez eta afari ostean egin genuen saioa. Euskal etxea antzoki txiki bihurtu zen eta jendearen gertutasunak benetan berotu gintuen. Los Angelestik bueltatxoa eginda San Frantziskora joateko garaia genuen. Bi egunetan bi emanaldi jarraian egin behar genituen, baina Chinon indarrak ondo berritu genituen.San Frantzisko hiri itzela da. Euskal etxean emanaldia eginda hiru egun izan ditugu hiria ezagutzeko, eta haren magiak talde guztia harrapatu du. Luisa eta Angel lagunak gidari apartak izan dira gainera, eta haiei esker hiri kosmopolita eta anitz horren txoko guztietara heldu gara.San Frantzisko bezalako hiri baten ondotik beste bat bisitatzea ez da erraza, lehenengoaren lilurak ia edozein hiri irents baitezake. Baina Seattle ez du irentsi. Txikiagoa da, lasaiagoa... Baina ederra baita ere. Lasai mugi zaitezke batetik bestera galtzeko arazorik gabe, erraz molda zaitezke... eta herrialde horretan hori eskertzekoa da.Seattlen egin genituen azken bi emanaldiak. Lehena High School bateko 500 ikasleren aurrean: bigarrena ikusle talde txiki baina oso interesgarri batentzat. Aurretik, euskal musikari eta dantzari eskainitako irratsaio batean parte hartu genuen.
Euskal Herriaren berri
Ikasleek ez zekiten non zegoen Euskal Herria, zein zen gure historia eta nolakoak ziren gure dantzak. Baina ikuskizunak gurera gerturatu zituen. Historiak baino gehiago piztu zituzten jauziek, umore ukituek eta emanaldiko ikusentzunekoak. Zintzo-zintzo jarraitu zuten saioa, eta Euskal Herria izeneko herri bat badela Europan ikasi zuten.
Arratsaldeko saioak gauza interesgarri bat erakutsi zigun guztioi, saioaren handitasuna ez dela neurtzen ikusle kopuruagatik. Lagun multzoa elkartu zen antzokian, baina gaiarekin eta emanaldiarekin oso interesatuak. Azkenean, agertokitik jaitsi eta ikusleekin batera solasaldi ederra izan genuen antzokian. Azkenean, afarira ere luzatu zen bat-bateko forum hori.
A priorizko
puntua zuena a posterioriko pozarekin amaitu da. Giza balio handiko bira izan da, eta bertan bizitakoak eta jasotakoak nekez ahantziko ditugu bertan izandakoek.
Dokumentuaren akzioak