Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gerrako haurren odisea dantzen eta irudien bidez dakar Kukai-Tanttakak

Dokumentuaren akzioak

Gerrako haurren odisea dantzen eta irudien bidez dakar Kukai-Tanttakak

Beltranen taldeak zuzenean joko du musika Antzoki Zaharreko emanaldietan Euskal dantza tradizionala istorio bat kontatzeko erabiltzean datza berrikuntza

Egilea
Joxean Agirre
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2003/02/14

Mireia Gabilondok, Tanttakako zuzendariak, emanaldiaren aurkezpenean gogorarazi zuenez, Errenterian estreinatu zen ikuskizuna azaroan, eta asteburuan (gaur eta bihar 21.00etan eta igandean 20.00etan) Donostiako Antzoki Zaharrean eskainiko dituzten emanaldiek jendearentzat erakargarri izango den ezaugarri bat izango dute: Juan Mari Beltranen taldeak zuzenean joko du musika.



"1937 Gogoaren bidezidorretatik" dantza ikuskizun gisa definitu zuen Gabilondok. «Juan Mariren diskoa zegoen, eta lagun batekin musika horri dantza eta irudiak jartzeko aukeraz hitz egiten ari ginela sortu zen proiektua. Jon Maia ezagutzen genuen eta berarekin mintzatu ginen. Bere taldeko dantzariak hain gazteak eta hain gaiztoak zirela ikusirik, 36ko gerrako haurren ideia etorri zitzaigun burura, gai horri buruz zerbait egiteko gogoarekin genbiltzalako beharbada», esan zuen Mireia Gabilondo antzerki zuzendariak.



Zazpi dantzarik hartuko dute parte ikuskizunean, 36ko gerrako zazpi haurren paperetan. Elkarrekin egiten dute erbesteko bidea, Bilboko kaitik Habana ontzian atera eta gero, eta dantza izango da erbestean Euskal Herriarekin izango duten lotura eta zilborrestea. Dantza izango da, beraz, adierazpide nagusia, baina musikak eta irudiek ere izango dute lekurik. Euskadiko Filmategiak utzitako dokumentalak erabili dituzte ziklorama bat egiteko.



Jon Maiak adierazi zuenez, euskal dantza tradizionala da egiten dutena edo dantza tradizionalen moldaketak, baina ikuskizunaren helburua istorio bat kontatzea izaki, dantza klasikoan edo garaikidean egiten den bezalaxe, «zerbait adierazten saiatu gara, sentimenduak agertzen eta hori oso gutxitan ikusi dugu euskal dantzen esparruan. Lehen aldiz erabili dugula esango nuke, dantza tradizionala istorio bat kontatzeko», esan zuen. Juan Mari Beltranen ekarria "Arditurri" diskoa da funtsean, nahiz eta berak aitortu zuen bezala, koregrafia baten gainean pieza berri bat ere egin behar izan duen. «Nire piezen egokitzapenak egin ditut, baina hori ez da izan lanik zailena, zailena eginda zegoen, koreografia bat hartu eta pieza berri bat egitea izan da, ez bainuen sekula horrelako lanik egin», esan zuen Beltranek eta zuzenean jotzeko aukera eskertu zuen, aurrera begira ere aukera horri erantzuten saiatuko zirela esanez.

Dokumentuaren akzioak