Dokumentuaren akzioak
Gerrako haurren herrimina dantzan
Zuzendaritza lanetan Mireia Gabilondo aritu da, koreografia Jon Maia dantzariak egin du, eta musika Juan Mari Beltranena da.
1937. urtean, Hego Euskal Herriko haur askok erbesterako bidea hartu behar izan zuten, gerraren beldurrez. Hain zuzen ere, 1937, gogoaren bidezidorretatik ikuskariak garai hartako zazpi haurren historia kontatzen du; dantzaren, musikaren eta olerkien bidez, gerrak eragindako krudeltasuna islatzen du, baina baita Bilbotik atzerrira abiatu ziren gaztetxo horien alaitasuna eta itxaropena ere.
Jon eta Alain Maia, Urko Mitxelena, Nerea Vesga, Eneko Gil, Vanesa Castaño eta Ibon Uharte dantzariek haur haien bizipenak kontatuko dituzte dantza bidez: bakardadea, gurasoen falta, herrimina... Filmotekatik lortutako irudiekin eta argazkiekin eginiko diapositibek Ingalaterrako eta Frantziako irudiak, batik bat lagunduko diote ikusleari garaian kokatzen, eta saioaren hariari eusten.
Jon Maia dantzariak esplikatu duenez, hamahiru dantza prestatu dituzte orotara, eta kontakizunak eskatzen duenaren arabera, giro batekoak edo bestekoak dira. Jon Maiak sortu ditu koreografia guztiak, taldekoekin batera, eta dantza tradizionalak ardatz eta oinarri izan dituztela aipatu du. Baina, tarteka, tango pausoak eta ukitu klasikoak ere ikusten ahal dira.
Dokumentuaren akzioak