Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gerrak markatutako umeak

Dokumentuaren akzioak

Gerrak markatutako umeak

Gipuzkoako Foru Aldundiak omenaldia egin die, Donostian, gerratik ihesi erbesteratu ziren 10.400 umeri. Dantzaz eta kantuz girotu dute ekitaldia Kursaalean.
Egilea
Jone Arruabarrena
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2023/03/19
Lotura
Berria

Kursaaleko Ganbara aretoa lepo bete zen. Irudian, gerrako ume omenduak, lehen lerroan.

Kursaaleko Ganbara aretoa lepo bete zen. Irudian, gerrako ume omenduak, lehen lerroan. GORKA RUBIO / FOKU

 

Argazki bat. Berez zuri-beltzean errebelatua, baina orain koloretara ekarria. Bederatzi ume. Koloretan haien aurpegietako harridura, izua, kezka. Irribarreren bat ere bai. Guztiak trenaren bagoi bateko leihotik begira; baten bat atzetik bultzaka, argazkian agertu nahian. Denak gerratik ihesi; batzuek gerra zer zen oraindik ulertu ez arren. Horrela egin zuten ihes 1936. urtean ume askok, gerrako lehen hilabeteetan. Zehazki, 10.400 izan ziren Gipuzkoatik ateratakoak. Atzo, 87 urte geroago, horietako batzuk izan ziren Donostiako Kursaalean, Gipuzkoako Foru Aldundiak gerrako umeei egin zien omenaldian.

Ikusi gehiago: BELDURRETIK IHESI, ELKARTASUNERA

Bederatzi umeen argazkia pantaila handi batean ageri zen, Kursaaleko Ganbara aretoko eszenatokian. Aurrean, maletak pilatuta, eta zapi zuriak ondoan. Horiek bilakatu ziren ume askorentzat ondasun bakarrak. Maleten gainean proiektatuta, milaka izen; erbesteratu behar izan zutenenak: Carmen, Nati, Agustin, Migel...

Zehazki, behin ihes egin zuten haur horietako 100 izan ziren atzo omenaldian, jada adineko bilakatuta. 11:30ean hasi zen ekitaldia, baina minutu batzuk lehenago zirrara nabari zen eraikinaren kanpoaldean. Aretoa lepo bete zen laster; astiro sartu ziren jada ilea zurituta zeukaten omenduak. Bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako zenbait ordezkari ere; Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Arantxa Tapia Ingurumen eta Ekonomiaren Garapenerako sailburua, besteak beste.

Kukai dantza taldeko haurrek eman zioten hasiera omenaldiari, aurreskua dantzatuz, eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak hartu zuen hitza gero. Haur haiek pairatu zituzten gerraren ondorioez hitz egin zuen: «Beldurra, bonbardaketak eta senideengandik eta hurbilekoengandik urruntzea. Gurasoen babesa atzean utzita erbesteratu ziren, eta haietako asko eta asko ez ziren gehiago itzuli Euskadira».

Hala ere, nabarmendu zuen, hemendik aurrera Intxorta 1937 kultur elkarteak egindako lanari esker haur horiek «historiaren zati gisa aitortuak eta gogoratuak» izango direla. Azaldu zuenez, elkarteak aldundiaren laguntzarekin egindako ikerketa hori, gainera, ikusgai egongo da datorren astetik aurrera aldundiaren webgunean. Elkarteko kideek egindako bideo bat ere ikusteko aukera izan zen ekitaldian, eta bertan adierazi zuten duela bi urte eta erdi hasi zirela ikerketarako informazioa biltzen.

Orduko haurrak omendu nahi izan zituzten, eta gaur egungo umeak izan ziren omenaldiaren arduradun, Mireia Gabilondo aktorearekin batera, aurkezle aritu baitzen. Easo Haur Abesbatzak Xabier Leteren Amaren bularra abestu zien, Iñaki Salvador pianoan zela, eta orduko umeek eraman ohi zituzten jantziekin atonduta. Bitartean, atzean zituzten argazkiak, joan-etorrian eta zuri-beltzean. Ume erbesteratuenak. Horiei eskaini zizkieten bertso batzuk Oihana Iguaranek eta Andoni Egañak. «Jolasa dago debekatuta/ Gerra hotsak azaltzean/ Eta itsasoa da bide bakarra/ Lurrak oreka galtzean», kantatu zuen Iguaranek. Izan zen alaitasunerako tarterik, hala ere. Kukai dantza taldekoek arin-arina dantzatu zuten, baita gerra garaiko jolasak antzeztu ere.

Ikusi gehiago: «Askotan pentsatu genuen SESBera itzuli behar ginela» 

Gerrako haurrak izan ziren Maria Luisa Ruiz Arana eta Alfredo Olalde Ituarteren testigantzekin bukatu zen ekitaldia. Biak igo ziren agertokira, eta bakoitzak bere bizipenen berri eman zuen. Ruiz Arana Donostian jaio zen, eta hilabete gutxirekin alde egin zuen jaioterritik, haurdun zegoen amarekin batera. «Ama azkoitiarra nuen, eta aita Donostiakoa, anarkista. Bilbora ihes egin genuen amak eta biok, eta bertan jaio zen anaia. Handik Santanderrera joan ginen, eta gero Frantziara», azaldu zuen. Kataluniara heldu ziren azkenean, eta aita kartzelara sartu zuten orduan.

Azkoitira bueltatzea erabaki zuen amak, baina bidaia egin baino lehen tuberkulosiak jota hil zen. Anaia, berriz, tren geltokian «lapurtu» zutela kontatu zuen Ruiz Aranak. «Bakarrik iritsi nintzen Donostiara, eta bertan izebek batu eta Azkoitira eraman ninduten, 8 urte bete arte».

Aita kartzelatik irten zen orduan, eta berarekin joan zen Donostiara: «Apopilo zegoen, eta biok gela txiki batean egiten genuen lo. Eskolara joaten nintzen, eta, arratsaldeetan, tabernaz taberna eraman ohi ninduen aitak». «Umezurtz» sentitu zela adierazi zuen: «Gerrak markatu ninduen. Gerrako umea naiz».

Gerrak banatuta

Guztiak, ordea, ez dira orain arte «gerrako ume» gisa identifikatuta sentitu. Hori da, esaterako, Oñatiko Olalde Ituarteren kasua: «Joan den urtean omenaldi bat egin ziguten arte, nik ez neukan neure burua gerrako umetzat». Izan ere, bere anaia eta arreba Belgikara joan ziren erbestera, baina bera, gazteena izanik, amarekin Bilbora joan zen 3 urte zituela. «Bilbon bi hilabetez egon ginen garaje batean lotan, lurrean». Bere anai-arrebak Belgikara joan ondoren, ordea, Frantziara joan ziren bera eta ama: «Bikote zahar batek hartu ninduen etxean. Heldu bezain laster, gogoan dut gurina eman zidatela jateko; nik ez nuen inoiz probatu ordura arte».

1945ean bueltatu ziren Oñatira, eta handik gutxira iritsi ziren Belgikatik anaia eta arreba ere: «Ama handik gutxira hil zen, bihotzekoak jota. Beti esaten dugu pasatu zuen sufrikarioaren ondorioz izan zela». Gerrak «familiako bizitza» izateko aukera kendu ziola azaldu zuen: «10 urte izan nituen arte ez nituen nire anai-arrebak ezagutu, eta gero ama hil zitzaigun».

Markel Olanok Iñigo Arregi artistak egindako oroigarriak eman zizkien biei, eta txalo artean bukatu zen ekitaldia.

Ikusi gehiago: «Indarrez igo ninduten 'Habana' itsasontzira»

Dokumentuaren akzioak