Dokumentuaren akzioak
Gerrak dantzan ibilitako artista
Atzo goizaldean hil zen Pirmin Aldabaldetreku, ballet klasikoko dantzari zarauztarra
Duela bi urte itzuli zen bere jaioterrira Pirmin Aldabaldetreku. 1930ean Zarautzen sortua, 36ko gerrak eztanda egin eta faxistak Euskal Herrira hurbildu zirenean, lehenik Bilbora eta ondoren Ingalaterrara joan behar izan zuen familiarekin ihesi. Han ballet klasikoko dantzari egin eta arrakastaz beteriko karrera izan zuen. Belauneko lesio batek eraginda dantzatzeari utzi zionean, berriz, Porton bere ballet konpainia jarri zuen. Portugalen 34 urte egin eta gero Euskal Herriratu zen Pirmin, 74 urterekin. «Norbaitek nahiko banindu ballet klaseak emateko, hementxe nago», esan zuen etorri zenean.
«La Habana izeneko ontzian, 4.000 errefuxiaturekin batera eraman gintuzten Ingalaterrara nire bi arrebak eta hirurok. Zaharrenak hamabi urte zituen», esan zuen Pirminek martxoan Igandea gehiagarriari emandako elkarrizketan. «Aurrena Southamptonen egon ginen eta gero Kent konterriko etxe baten hartu gintuzten hirurok. Han geunden Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuenean. Oso gertutik bizi genuen gerra hura, Ingalaterrako armadaren armamentua ekoizten zen fabrika etxe ondoan baitzegoen, eta baita soldaduak ere, beren metraileta eta tankeekin», adierazi zuen dantzariak. «Gerra trauma izugarria izan zen nire kasuan».
Gaztetatik artera bideratu zuen bere jarduna Aldabaldetrekuk. Arte Ederrak ikasten hasi zen eta egun batean irakasle batek Londresera ballet ikuskizun bat ikustera eraman zituenean, balletarekin erabat txundituta geratu zen. Orduan erabaki zuen balletean hastea, 14 urterekin. «Marrazketa eta pinturarekiko interesa erabat galdu nuen», esan zuen Pirminek. Sadler's Wells konpainian sartzea lortu, zuzendariari gutun bat idatzi ostean, eta egunero hamabi ordu pasatzen zituen balletean, «landu ezean ez baitago zereginik».
Dantzari profesional bilakatzea lortu zuenean, Londresko Covent Garden konpainian hasi zen dantzan. Bertan egin zuen bere dantzari karrera osoa eta askotan bete izan zituen ballet garrantzitsuetako pertsonaia nagusiak. Bere hitzetan, «oso dantzari klasikoa nintzen eta oso karrera interesgarria eduki nuen, askotariko rolak bete nituelako». Munduko antzoki handienetan dantzatu zuen arren, ez zuen Euskal Herrian inoiz dantzatu. «Nire konpainia etorri zen behin Bilbora dantzatzera, baina ni soldadutzara joateko garaian negoen, eta eramango ninduten beldurrez, ez nintzen etorri», esan zion Aldabaldetrekuk Igandea-ri.
30 urte zituela, belauneko lesio batek eraginda, utzi zion dantzari izateari Aldabaldetrekuk. Orduan Euskal Herrira etortzekotan egon zen, baina hemen ballet girorik ez zegoela ikusita, Porton (Portugal) dantza eskola bat zabaltzeko eskaintzari baiezkoa eman zion. «Portora joatea 150 urte atzera egitea lakoa izan zen; baina gustatu eta 34 urte eman ditut han irakasle. Oso irakasle zorrotza izan naiz, diziplina handikoa», adierazi zuen Trekuk martxoko elkarrizketan. Krabelinen Iraultzak Portugalen harrapatu zuen dantzari zarauztarra.
ADIERAZKORTASUNA DA GAKOA. Aldabaldetrekuk artea transmititzeari eta adierazkortasunari ematen zion garrantzia berezia. Berarentzat, ballet dantzariak gorputzaren adierazkortasunarekin iritsi behar du ikuslearengana eta hori lortzen duenean ezinezkoa da balleta ez gustatzea; bere ustez, «erdipurdiko asko dago, eta ona ikusita ezinezkoa da balleta ez gustatzea». Igandea-ri emandako elkarrizketan esan zuenez, berarentzat ez zen batere zaila artea transmititzea gorputzaren bidez, berez baitzekarren dohai hori. Barrukoa adierazteko teknika lantzea izan zen zailena.
Aldabaldetrekuk euskal dantzarekiko kezka ere azaldu zuen eta balletak jatorri euskalduna zuela defendatzen zuen. Bere iritziz, ballet klasikoak euskal dantzetan zeukan oinarria. «Luis XIV.a Nafarroako infantarekin ezkondu zenean Donibane Lohizunen, euskal dantzen jauziak eta urratsak eraman zituen Frantziara, eta dantza horietatik sortu ziren balletaren posizioak. Gero, gorteko maisuek garatu eta findu egin zituzten posizio horiek eta hortik sortu zen balleta», adierazi zuen Aldabaldetrekuk.
Pirmin Aldabaldatrekuren gorpua gaur eguerdian erraustuko dute Errenterian. Arratsaldeko 19:00etan, berriz, Zarauzko hilerrian bere senideek omenaldi bat eskaini eta haren errautsak hilobian sartuko dituzte.
############
Espainiako gerra, Bigarren Mundu Gerra eta Krabelinen Iraultza gertutik ezagutu zituen Aldabaldetrekuk
Bere ametsa Euskal Herrian dantzatzea izan zen, baina ez zuen lortu amets hori gauzatzea
############
Dokumentuaren akzioak