Dokumentuaren akzioak
Gerra garaian dantzan
1937 (Gogoaren bidezidorretatik)
Musika, dantza eta antzerki munduko zenbait pertsonak gogoan zituzten egitasmoak bat egiten dituen 1.937 (Gogoaren bidezidorretatik) ikuskariak gerra zibilean erbesteratutako euskal umeen bizipenak ekarriko ditu antzokietara. Kukai Dantza Taldea eta Tanttakaren ekimenak bonbardeaketen ondorioz Habana itsasontziak Bilbotik atzerrira eramango dituen zazpi ume ditu protagonista. Elkartzen diren momentutik kolonietan hiru urte egin eta etxera bueltan etortzeko garaia heldu arte bizi dituzten bihotzminak eta nekeak, baita pozak ere agertuko dira.
Umeak beti ume
Joan Mari Beltranen Gogoaren bidezidorretatik diskaren musikan eta Jon Maiak sortutako koreografietan oinarrituz, Kukai taldeko zazpi dantzariek hiru urteko istorioa kontatuko dute 13 dantzen buruan. Oholtzan dantza egitera ohituta dagoen jendea izanik, zuzendariaren aburuz, sentsazioak eta emozioak landu behar izan dituzte, euskal dantzak duen hieratikotasuna apurtu behar genuen, euren arteko eta publikoarekin komunikazioa lortu asmoz. Azken finean, sentimendu eta harremanen istorioa dugu honen atzean, bakardadea, gurasoen falta, herrimina. Halere azkenean, horrelako egoera latzetan adiskide handiak egiten direla gogora arazi nahi dugu. Azken finean, esan ohi den bezala, umeak beti ume. Horregatik, ez bakarrik sufrimendua baizik eta gaiztokeriak eta maitasun aldiak ere ikusiko ditugu.
Pertsonaia bakoitzak nortasun propioa izango du ikuskizun osoan zehar, esaterako, amaren falta gehien somatzen duen neskatxa txikiena, edota anaiak diren bi umeen arteko erlazioa, non nagusiak, aita balitz bezala zaintzen duen uneoro txikiena.
Moldaketa eta sorkuntza
Jon Maia dantzari eta koreografoaren esanetan, ikuskizunak agertuko dituen piezetan aniztasuna da nagusi, nahiz eta horretarako dantza tradizionaletan oinarritzen garen, hori baita guk menperatzen duguna, nire ustez, betiko dantzetatik abiatuz beste testuinguru batzutara eramanez eta beste adierazpide batzuekin uztartuz ondorio interesgarriak lor ditzakegu. Horrela, itxuraz betiko dantzak diren Aurreskua, Banango Zaharra edota Xuberoako Branlearen aldaerak ikusgai izango dira koreografia batzutan, besteak pausu tradizionalak erabiliz sortutako pieza erabat berriak diren heinean. Nik uste ez dago dantza aldetik inolako iraultzarik ikuskizunean, testuinguru batean jarritako euskal dantzen moldaketa eta koreografia berriak baitira, dio Maiak.
Dantza ikuskizuna den arren, istorioa ahalik eta argien helarazteko lengoaia ezberdinak erabiliko dituzte, hala nola, grabatutako irudiak eta, olerki batzuen bidez, kokapen datuak eskainiko dituen offeko ahotsa. Euskal Filmotekako artxiboetan lortutako dokumentu oso hunkigarriak ikusiko dira, tartean Habana itsasontzia haurrez gainezka ikusten diren benetako irudiak, azaldu digu Gabilondok. Horiez gain, garai hartan, erbesteratu aurretik haurrei eman ohi zieten txartelen irudiak proiektatuko dituzte, zazpi protagonisten adina edota nortasuna azaldu asmoz.
Dantzari jaioa
Jon Maia dantzari eta koreografo gazteak kazetaritza eta dantza irakaskuntza ditu grin eta ogibide. Izan ere, Kukai taldean bere ikasle izandako lau kide daude. Laxok taldearekin Upeletan erronka ikuskizunean parte hartu zuen, baita Estatu batuetan aurkeztu ere. Euskadiko Gipuzkoako Aurresku Txapelketan bost aldiz suertatu da garaile.
AZAROAK 16 NOVIEMBRE (20.00)
ERRENTERIA HIRIA K. E.
Dokumentuaren akzioak