Dokumentuaren akzioak
Gerra eta bake dantzak
LUZE ETA EBATS. Gerraren alperra ezagutu ondoren, Antiokian eta Loiolan bezala munduaren lau bazterretan, askok aldatu du bere norabidea: bizitza armatu eta militarretik, bizimodu filosofiko eta teologikora; baita politikora ere. Baina, gerratik bakera igarotzea ez da beti erraza izaten.
Bakezko ekintzan ere, modus operandi militarra darabilte batzuek: hierarkia denen gainetik, ortodoxia eta maximalismoa denaren oinarri. Egia esan, gerra-dantzetako urratsak dira horiek; ez bakezkoak.
Politikari askorekin antzera gertatu ohi da: musika aldatuko dute, soinua; ez pausua, ez oin-urratsa. Beti aurrean egoteari eutsiko dio aurresku denak, eta atzeko lozorroa biziko du atzeskuak.
Dantza jauzietan eta Mutxikoetan, ezaguna da luze alde bererako koreografia-pausu zuzena. Berdin balio du luze dantza-pausu horrek hainbat dantzatan, berdin egiten da batean zein bestean: beti aurrera begiratuta, beti alde bererantz ibilita.
Ebats, ostera, bihurkaria da: dantzaren zentzua aldatzen du eta, hutsean eta itsuan aurrera egin ordez, buelta-erdi eginda –ziaboga, nahi bada–, dantzaria jartzen du plazaren beste aldera begira.
Hartara, panoramikoagoa da ebats: aurrera bezala, atzera eta ondora ere begiratzen baitu. Osoagoa da, ikuspegi anitzekoa.
ANTREXATAK. Luze pausuetan, maisu izan ziren bai Artemio bai Inazio bera ere: gerran bezala, baita bakean ere. Eta haien antzera beste asko eta asko. Orduan legez, baita orain ere. Alde beretik begiratu izan diete horiek guztiek gudu-zelaiari eta plazari: indarraren oholtzatik, ortodoxiaren talaiatik.
Baina, gerratik bakera jauzi egiteak abagune berriak aktibatzen dituela sinesten badu inork, lan-tresnak eta lan-sistema aldatu beharra ditu. Ebats egin beharko du noizean behin, plazari begiratu eta hura sentitzeko.
Zeren bake-dantzak ez baitu bakarrik gerra-dantzaren soinua aldatu behar, ezpada ze dantza-urratsa bera ere. Alegia, musikaz gain, koreografiaren urratsak ere ditu aldatu beharra.
Zorion eta zoritxar beteko egun batez igaro berri dira gure artean hauteskundeak, azaroaren hogei zoro horretan. Botazio-egunaren aurreko kanpainan zein botazio-biharamuneko egunetan, Artemioren eta Inazioren eskolakoak ikusi dira plazetan: luze asko, baina ebats gutxi. Ibiliko ziren, ibili, musikak aldatuta. Agian. Baina dantza-pausuak, ez. Tamala.
Bake-musikarekin gerra-pausua dantzatzea da esne guriari ura botatzea. Azkenean, biak galtzen dira: esnea eta ura.
Erdizka, ezker, eskuin airian, antrexatak kurri... Artemioren eta Inazioren luze dantza-pausu estuetatik harago ere bada, plazan, mundu bizi eta erakargarria.
– Musikari, jo musika, jo!
Dokumentuaren akzioak