Dokumentuaren akzioak
Gerra aurreko festak
Eusko Ikaskuntzako folklore sailak herri-festei buruzko inkesta lan handi bat egin zuen 1983tik 1986ra bitartean. Juan Mari Beltran, Karlos Garaialde eta Pedro Mari Santos gazteek osatutako hirukoteak Gipuzkoako kostaldeko jaiei buruzko inkesta egin zuten, Oriotik Mutrikura bitartean. Orioko San Pedro eta San Nikolas festen gainean hitz egiteko, hiru oriotarrekin juntatu zen Eusko Ikaskuntza: Jose Mari Solaberrieta Bengoetxea Lino (1915ean Orion jaioa); Jesus Garmendia Salaberria (1909an Bilbon jaio eta Oriora ezkondua); eta Ramon Santamaria Arruti (1907an Orion jaioa). Gizon haiek esandakotik hartuak dira ondorengo hitzak. Sanpedroak hobeak Sanikolasak baino Jesus Garmendiaren ustetan, herriko jaiak San Nikolasak izan arren, jai hobeak San Pedroak ziren. San Nikolas bigarrenean jende gutxi izaten zen, herriko jendea bakarrik.
Egun horretan konfesioak izaten ziren, Ama Birjiñaren bezpera zelako. Egun hartan meza eta prozesioa izaten zen, eta arratsaldean bezperak. Gero, soinua. Festa egunetan, jendeak jai izaten zuen hiru egunetan. San Pedrotan arrantzaleak ez ziren itsasoratzen festak bukatu arte. Inguruko herrietatik ere etortzen zen jendea, gehien bat Zarauztik, Agiñatik, Zumaiatik...
Orion jaio ez arren, Frantzisko Balerdi Lizaso Praixkuren gurasoak oriotarrak izanik, Praixku ere elkarrizketatu zuten. San Pedro festak zenbat egunetan luzatzen ziren galdetuta, horrela esan zuen: Behin Lorentxoneko mutilzaharrari cacereño batek zera esan zion: tres días de fiesta y vas a trabajar? En mi pueblo quince días hacemos, matar una cabra y quince días de fiesta´. Eta berak: matar una cabra y quince días de fiesta, aquí una cena hacemos...
Meza nagusia eta prozesioa
Solaberrietak 1983ko solasaldi horretan gogora ekartzen du goizaldean egiten zela diana, txistulariekin edo Lizarrako dultzaineroekin, kalez kale. Egunean zehar askotan jotzen zituzten elizako kanpaiak, isildu gabe, denbora luzean. Elizako kanpaiak handiak ziren eta, esaten zutenez, Oiartzunetik entzuten ziren.
Elizak garrantzi eta indar handia zuen gizarte hartan, eta festetan ere antzematen zen hori. Orduan, meza nagusiaren ondoren, prozesioa izaten zen herriko kaleetan. Prozesioan, aurretik San Nikolasen imajina eramaten zuten, ondoren apaizak. Alkatea txistulariekin eta herriko jendea. Udaletxekoak denak joaten ziren. Udaletxeko bat aurrez aurre banderarekin joaten zen, herrikoa edo Gipuzkoakoa. Banderaren atzetik gizasemeak bi ilaratan, eta haien erdian San Nikolasen imajina; gero, apaizak eta, atzetik, emakume guztiak: Hijas de Maria. Prozesioaren ondoren, apaizak, udalekoek eta musikoek hamaiketakoa egiten zuten udaletxearen atzeko arkupetan, Udalak ordainduta, `Agur Jaunak´ kantatu ondoren. Solaberrietak musikari ere egiten dio aipamen: herriko banda sortu zenean, banda izaten zen prozesioan. 'Martxa reala' jotzen zuten eta elizako kanten doinuak.
Musika eta dantza
Jesus Garmendia Salaberria ere elkarrizketatu zuten Eusko Ikaskuntzakoek 1984an; Garmendiak nabarmentzen du San Nikolas bezperan kalejira izaten zela txistulariekin: Leunda eta Mariano Gonzalez de Chavarri. Danbor-jolea Dionisio Larrañaga zen. San Inazioren martxa jotzen zuten. Banda egon aurretik, suelto egiten zen dantzan: fandango, jota, dantza librea. San Pedro egunean, meza nagusiaren ondoren, 12:00etan, luistarren dantzariak udaletxekoekin jaisten ziren herriko plazara, eta han aurreskua dantzatzen zuten, txistularien doinuan, eta dantza txikiak. Ordubeteko saioa egiten zuten, aurreskuan onenak Manuel 'Ollua' eta Patxi Uzkudun ziren. Sokak herriko neskekin osatzen zituzten.
Arratsaldean plazan musika izaten zen gerra aurreko jaietan, Udalak jarrita. Bostak aldean hasten zen. Hamabi bat lagunez osatutako bandak lau bat pieza jotzen zituen jarraian eta, atsedentxo bat hartu ondoren txistulariak
sartzen ziren.
Hiru elkarrizketatuen arabera, noizean behin trikitia ere izaten zen, kanpotik ekarrita. Musika gau erdira arte
izaten zen. Jendea ordu bata aldean erretiratzen zen. Ramon Santamaria Arruti hirugarren elkarrizketatuak aitortu zuenez, sanpedrotan ez zen ibiltzen serenoa. Gainerako egunetan, hamaiketan tabernaz taberna ibiltzen zen makilarekin, eta hark jotzen zuenean erretira.
Santamariak ondo gogoan du aurretik neskak irteten zirela dantzara; eurak hasi eta gero mutilak: 'faborez' esan eta neskaren aldetik baiezkoa hartuz gero, dantzan hasten ziren; 'kalabazak' emanez gero, bazterrean gelditu behar.
Txistulariek hasiera baten, sei duro inguru kobratzen zuten. Geroztik gehixeago, hamar duro inguru. Banda egon aurretik, kanpotik ekartzen zuten musika, Hiru Txulo Donostiatik, Zumaiatik, e,a. Gero, banda sortu eta haiek jotzen zuten. Dantzariek janzkera berezia izaten zuten elkarrizketatuen arabera: galtza zuriak eta gerriko gorria. Aurretik ikasten zituzten dantzak, izaten zen baten bat dantzazalea eta harekin ikasten zuten. Esteban Elizondo eta Leunda ziren dantzari trebeenak.
Oilaskoei lepoa moztea
San Pedro bigarreneko gauean oilasko bila joaten ziren gazteak.Solaberrietak aipatzen du baserri gehienetan ematen zutela oilaskoa; behin 60 bat bildu genituen. Goizeko seiak aldean denak biltzen ziren toki baten. Dena lotuta eramaten genuen herrira. Txistulariekin joaten ginen, kantuan. Gero, oilasko jokoa egiten genuen plazan: oilaskoaren lepoa ohol baten zuloan sartu, bi makilen gainean, eta ttunttuna jotzen zuten, eta dantzan joaten ziren. Buelta bat edo bi egin eta gero, ondoan gelditzen zenak ezpatarekin lepoa moztu behar izaten zion. Gero, Ziripot atera eta dantza egin ondoren oilaskoen lepoa moztu egiten genuen. Bukatzeko, bazkaria edo afaria egiten zen oilaskoekin.
Dokumentuaren akzioak