Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gernikako oroimena berpiztu nahi dute EGOk eta Aukeran konpainiak

Dokumentuaren akzioak

Gernikako oroimena berpiztu nahi dute EGOk eta Aukeran konpainiak

Egilea
Ane Arruti
Komunikabidea
Gara
Tokia
Eibar
Mota
Albistea
Data
2010/12/31
Lotura
Gara

Askorentzat opor garaiak diren egunak baliatzen ditu EGOk elkartu eta zenbait emanaldi eskaintzeko. 1997an sortutako gazte orkestra hau uztailean eta abenduan biltzen da hainbat entsegu egin eta jendaurreko kontzertuak emateko. Aurtengoa, ordea, benetan berezia izango da, izan ere, kantua eta dantza lotuko zaizkio gazte hauen musikari.

«Kontzertua baino, ikuskizun oso bat izango da, Orkestrak abesbatza bat izango baitu atzean, eta, aurrean, berriz, Aukeran dantza konpainia», azaldu zigun atzo Juan Jose Oconek, EGOko zuzendari artistikoak, Eibarren. Abenduaren 26az geroztik, bertan ari dira «Gernika, mihise gaineko dantza» ikuskizuna entseatzen. Aukeran taldearen lana da honakoa. 1997an Donostian sortutako konpainia da, euskal dantza tradizionalak eta garaikideak uztartzen dituena. Honela azaldu zigun bertako zuzendaria den Edu Muruamendiarazek ikuskizuna: «2009an estreinatu genuen eta berrogei emanaldi inguru daramatzagu jada Euskal Herri mailan. EGOrekin batera egiteko aukera sari txiki bat da guretzat».

Elkarlanerako aukera ia kasualitatez sortu zen. «Juanjo Ocon aspaldidanik ezagutzen nuen, eta, kalean tupust egin genuen batean, komentatu egin genuen ea noizbait zerbait elkarrekin egiten genuen. Nik bota nion gure ikuskizunaren musika oso ondo zegoela orkestra batekin jotzeko. Bota egin nion, baina uste nuen hor gelditu zela. Hiruzpalau egun pasa ondoren deitu egin zidan proiektua aurrera zihoala esanez», azaldu zuen Muruamendiarazek.

Hiru izango dira urte berriarekin batera eskainiko dituzten emanaldiak. Lehenengoa igande honetan izango da, hilaren 2an, Gasteizko Principal antzokian. Astelehenean, Bilboko Euskalduna Jauregian izango dira, eta, asteartean, azkena egingo dute, Donostiako Kursaal aretoan. «Bakoitzak bere aldetik landu du ikuskizuna orain arte. Hiru egun daramatzagu elkarrekin entseatzen; ea guztiok ongi uztartzen garen. Mundu guztia gonbidatu nahi nuke, ikuskizun errepikaezina izango baita», dei egin zuen Oconek.

Hildakoen itzulera

1937. urteko apirilean Gernikako bonbardaketan gertatutakoa ekarri nahi du gogora ikuskizun honek, eta, horretarako, «bonbardaketan hildakoak heriotzatik itzultzen dira, zer gertatu zen kontatzeko. Hondamendiaren aurretik nolako bizitza zuten kontatuko dute, nola erori zen gerraren infernua herriaren gainera, nola birrindu zuen, eta, nola, oroimenaren bitartez, jaio daitekeen berriz».

Emanaldiak 48 musikari gazte elkartuko ditu, hamar izango dira dantzan arituko direnak eta beste horrenbeste izango dituzte kantuan. Dantza taldearen zuzendariak atzo azaldu zuenez, lan handiena musika arloan egin dute, orkestra izan baita dantzarien ikuskizunera moldatu dena. «Ni zoratzen nago. Denbora mordoa daramat dantza egiten eta horrelako aukerak oso gutxitan ateratzen dira. Horrelako orkestra bat nire ikuskizun batera moldatzea luxu bat da», gaineratu zuen.

Musikaren konposaketa Aitor Amezagarena izan da. «Pentagramaren barruan oso ondo kokatutako musika da. Instrumentu bakoitzak asko gozatzen du bere lerroekin, eta, gaztetxoak, lehenengo egunetik bertatik, oso gustura daude konpositorearekin», esan zuen Oconek. «Egia esan, liluratuta gaude guztiok. Publikoarentzat benetan ikusgarria izango dela uste dugu».

p054_f01_204x116.jpg

Dokumentuaren akzioak