Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gernikako dantzaren soka luzea

Dokumentuaren akzioak

Gernikako dantzaren soka luzea

Elai Alai dantza taldeak bere historia eta nondik norakoak gogoratzen duen liburua argitaratu du

Egilea
Imanol Fradua
Komunikabidea
Deia - Noticias de Bizkaia
Mota
Albistea
Data
2010/10/04
Lotura
Deia - Noticias de Bizkaia

Hirurehun orrialde baino gehiagotan eta beste hainbeste argazkirekin osatutako bilduma honetan, azken berrogei urteotan taldeko arduradun izan denak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan duen ibilbidea jasotzen du. "Dantzatu duten guztien lana eskertu nahi izan dugu eta eurentzako gure historian parte hartu dutela erakusten duen ziurtagiri moduko bat egin", dio Bilbon jaiotako dantzari ohiak.

Guztira 900 bat lagun dira historia honetako protagonistak eta guztien izenak jasota geratu dira zerrenda luze bezain zorrotzetan. Seber Altube da horietako lehena, berak abian jarri zuelako Udal Musika Banda, gerora dantza taldekoen enbrioia izango zena. Urte batzuk geroago, 1927an, banda Segundo Olaetaren gidaritzapean ari zela, sortu zen Elai Alai dantza taldea. "Udal musika akademiako umeen talde koreografiko moduan sortu zuen Segundok" azaltzen du Unzaluk liburuan, Jose Antonio Arana Martijak 1977an argitaratu zuen Elai Alai Euskal Herriko Lehen Talde Koreografikoa izeneko publikazioan jasotako datuetan oinarrituta. Hasieran ez zuen izen finko bat eta Cuadro Artístico de la Academia, Ijiji-Ajaja edota Danzantes de Guernica moduan aritu ziren, 1930eko apirilaren 5ean lehen aldiz Elai Alai moduan agertu arte, Lekeitioko Gora Burun.

Euskal nortasunaren eta kulturaren aldeko giza-mugimenduen garaia zen hura eta dantzek ere an-tzeko bilakaera bizi zuten. Sasoi hartan ezpatadantza erakustaldi jendetsuak egiten ziren nonahi, Amaia opera estreinatu zen Belendizen 1922an, Gernikako txistulari banda ere sortu zen eta Hiriko eta Elizateko aurreskuak egiten zituzten jai desberdinetan gerora mitiko bihurtu diren Bartolo edo Mili bezalako aurreskulariek.

Taldeak fama handia hartu zuen eta hainbat ekitaldi egin zituen. Ekaintzen zituen berritasunen artean ikuskizunetan euskara erabiltzen hasi ziren lehenak izan zirela aipatu behar da eta baita ordura arte agertzen ez ziren neskak ere parte hartzen hasi zirela, Gorulariak ikuskizunean.

Urte batzuk geroago, 1936an, beste leku askotan lez, Gernikan gerrak astindu gogorra eman zuen eta taldeko kideak erbestean jarraitu behar izan zuten euren jarduna. Bonbardaketaren ostetik eta 1939ra bitartean Frantzian izan ziren berrogei bat ume, Gabino Seijó eta Rosario Torrezuriren gidaritzapean eta beranduago Segundo Olaeta berarekin. "Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzari esker hiru hilabetez entseguak egin eta jantzi berriak prestatu ostean, Elai Alaik bere izaera berreskuratu zuen atzerrian", kontatzen du Unzaluk.

Berpizkundea Erbesteko abentura amaitu ostean Elai Alaik bere jarduna eten egin zuen hogeita lau urtez. Sasoi latzak ziren dantza, euskara eta euskal kulturaren usaina zerion edozein ohiturarentzako. Baina urteak aurrera joan ahala, zeru ilunean ostarteak agertzen joan ziren eta jaialdiren bat edo beste ere antolatzen zen. "Ez zen erraza horretarako baimena lortzea, eta bertan ez ohiko zerbait gertatuz gero antolatzaileek deia jasotzen zuten Información y Turismora azalpenak ematen joateko. Guardia Zibilak zelatan zeuden", agertzen da liburuan.

Gernikan 1954an Santa Cecilia korala sortu zuten eta , batez ere Juventudes Obreras Católicas taldeko kideekin osatuta, eta hauek berreskuratu zituzten Andra Mari jaietako Soka-dantzak. Lehena 1961ean parrokiko ate nagusiaren aurrean egin zen. Nun erromerie, han hankie lelopean hainbat eta hainbat dantzarik saio bikainak egiten zituzten.

Berpizkunde kulturaleko sasoiak ziren haiek eta, testuinguru hartan, patuak Txomin Unzalu bilbotarra ekarri zuen Gernikara aparaialari moduan lanera. Unzalu dantzari bikaina ere bazen, Dindirri eta Gaztedin bere abilezia erakusten zuena, baina lanaren eraginez bizilekua aldatu behar izan zuen, habia Gernikan osatuz. Gaur eguneraino.

Berari agindu zioten taldea berreskuratzeko ardura eta nahiko azkar egin zuen, 1963an. "Txingarrak motel baina piztuta jarraitzen zuen, eta ni heldu nintzenean su hori pizteko gogotsu zegoen jendearekin egin nuen topo", gogoratzen du bilbotarrak. Orduko dantzari berriek euren guraso, osaba-izeko eta beste lagun batzuren lekukoa hartu zuten, gaur egun arte tinko jarraitzen duen katearen ale egonkorrak izanik.

Taldearen lehen agerraldia 1965eko maiatzaren 23an izan zen, Pasealekuan. Uncetak zuzentzen zuen udal korporazio frankistak derrigortzen zuen parafernalia eta sinboloen artean dantzatu zuten, baina ez zen inolako arazorik sortu. "Ezin ginen egon horri begira, nahikoa geneukan saioa egiten utzi gintuztenean", dio liburuaren egileak.

Orduz geroztik eta hurrengo berrogei urteetan Txomin Unzalu izan zen taldeko arduraduna eta hainbat dantzarien belaunaldiak ezagutzeko aukera izan du. "Badaude batzuk mende laurdena dantzan eman dutenak. Batzuk 1965ean hasi eta oraintsura arte egon dira: Bittor Bilbao, Mitxel Ormaetxe, Edu Lauzirika, Txapin Urkiza... Geroago David Beaskoetxea, Egotz Atxikallende... Neskan aldetik zailagoa da, familia izatean zailago dutelako jarraitzea", onartzen du.

dantzak eta ohiturak Aurkeztu den liburuan, baina, ez da dena historia azaltzea. Kontakizunean taldeko kideek "ezeren truke eta euren lan edo ikasketei denbora kenduz" egindako lana ere aipatzen da, batez ere herrialde desberdinetako dantzak ikasi, Gernikako ohiturak berreskuratu -hauek duela lau urte ateratako Urtaroak eta Elai Alai liburuan jasotzen dira- eta erakusten egin dutena. "Herriari itzuli", deitzen dio Unzaluk liburuan taldeak antolatu izan dituen ikastaro eta bestelako saioetan hauek erakusteko egin duten ahaleginari. Atzerira egindako bidaiak ere gogoratzen dira tarte honetan: Poloniara, Alemaniara...

Hirurehun argazki baino gehiago, taldekideen bederatziehun izen-abizen, taldea aritu deneko saioen afixak, sarrerak, egunkarietako zatiak... guztiak jaso ditu Unzaluk gertutik idatzitako eta bitxikeriz betetako liburuan.

Elai Alairen kateak aurrera jarraitzen du, baina liburu honen azken lerroak 2002an egin zen taldearen 75. urteurrenean idatzi ziren. Orduan sasoi hartako eta aurrekoetako ehun dantzarik baino gehiagok parte hartu zuten urtemuga hura ospatzeko antolatu zen ekitaldian. Egun horretan hasi zen idazten dantza taldearen XXI. mendeko historiaren liburu berria.

Taldearen jardunean antzinako ohitura eta dantzak berreskuratu dira. Irudian Bittor Zarrabeitia 1985ean Elizateko Erregelak berriz dantzatu zirenean Gernikako jaietan.

Taldearen jardunean antzinako ohitura eta dantzak berreskuratu dira. Irudian Bittor Zarrabeitia 1985ean Elizateko Erregelak berriz dantzatu zirenean Gernikako jaietan. (ARGAZKIA: TXEBI ARRIAGA)

Elai Alai dantza taldearen ibilbide
luzean hainbat gernikarrek
hartu dute parte bertan, 900
lagun inguru, eta kateak aurrera
jarraitzen du.

Dokumentuaren akzioak