Dokumentuaren akzioak
«Lehen, dantzariak aukeratu egiten ziren; gaur egun, denak behar dira»
German Aldekoa, dantza irakasle eta txistularia
San Pedro eguna jaietako egun handia da Berrizen. Dantzari handien jaioleku izan da Durangaldea eta Euskal Herri osoko dantzariek bilatu izan dute eredua bertan. Alejandro Aldekoa izan da Berrizko azken dantza maisua eta txistularia, eta haren lanak oihartzun zabala izan du dantzaren munduan. German Aldekoa semeak hartu zion aitari txanda. San Pedro eguneko dantza lanak bukatuta, bihar, uztailak 2, izango da berriz dantzari-dantza Berrizko plazan, Santa Isabel egunez.
Aitarekin hasi zinen zu txistua jotzen?
Bai, aitarekin ibiltzen nintzen atabala jotzen. Aita hil zenez gero hasi nintzen txistulari, orain 8 urte. Baina aurretik dantzari izan nintzen. Aitarekin txistua, atabala eta dantza ikasi nituen. Hamalau-hamabost urterekin, lehengo dantzari zirenak soldaduskara joaten hasi zirenean, ordezko gisa hartu ninduten; soldadu zegoena ezin bazen etorri, nik egiten nuen.
Noiz hasten zarete sanpedroetako dantza saioak prestatzen?
Hilabete arinago. Udalak deia egiten du, sanpedroak datozela eta dantza egin nahi duenak izena emateko. Lehen aukeraketa egoten zen. Herrian denak dantzariak ziren, baina San Pedro egunean zortzik egin behar dute dantzan bakarrik, eta handik, hogeitik esaterako, zortzi aukeratu behar. Baina gaur egun denak, etortzen diren guztiak, behar dira. Hamabi-hamalau etortzen badira, denak hartzen ditut eta entseguak egiten ditugu denekin. Orain asteguna da San Pedro eguna, lanean dabiltza batzuk eta ezin dute dantza egin eguerdian, beste batzuek iluntzean ezin dute, txandaka dabiltzalako lanean, gauez dabiltzalako. Horregatik, aukeratu gabe, etortzen diren denak hartzen ditugu.
Dantzan ikasita iristen dira dantzariak.
Bai, hemen bi talde daude eta taldeetan dabiltzanak etortzen dira. Talde bat gure aitak beti izan zuena da: San Lorentzo. Eta bestea Iremiñe da. Hor ibili ziren maisu gure aitaren taldean ikasitakoak. Ez dakienik ez dator. Bospasei entsegu egiten dira, baina dantzari-dantza denek dakite.
Dantzari gazteak ondo prestatuta etortzen dira?
Dantzan ondo egiten dute. Beti dago bat edo bat pausoren batean ohitura txar bat hartuta daukana, eta ohitura hori kentzea kosta egiten da. Grabilletea, esate baterako, batzuek ez dute egiten polit-polita. Zirkularra izan behar da, garbi-garbia, eta ostikoka bezala egiten dute batzuek, baldar.
San Pedro egunean hasi eta Santa Isabel egunean bukatu, dantza asko egiten da egunotan Berrizen, ezta?
San Pedro bezperan donien atxa altxatzen dute dantzariek eta, ondoren, entsegu nagusia egiten da. San Pedro eta Santa Isabel egunetan, eguerdian, meza amaitzen denean, alkatearekin eta zinegotziekin plazara kalejiran sartu, eta arkua egiten dute dantzariek. Gero dantzari-dantza eta soka-dantza edo erregelak egiten dira. Soka-dantzan andreak atera behar dira. Nortzuk atera behar diren alkateak begiratuta edukitzen du, eta hark esaten die dantzariei. Lehen behintzat oso garrantzitsua izaten zen, ohore handia zen aurreskuak ateratzea.
Urteekin dantza egiteko modua aldatu da?
Aldatu da, bai, dantza egiteko modua, ohitura txarrak hartu direlako. Grabilletearekin pasatzen da, artaziarekin ere bai. Artazia egiteko hemen, Berrizen, ostikoa izan behar dela esaten da. Hau da, hanka lehenengo jaso belauneraino, eta gero belaunetik ostikoarekin punta gora kolpe batean. Noski, hori minbera da, izterrarentzat gogorra da. Batzuek ohitura dute zuzen-zuzen, hasi barrenetik eta belaun eta guzti puntara zuzen jasotzeko. Hori ez da izan horrela lehen hemen, baina orain batzuk horrela ohitu dira eta ez zaie esaten ezer. Noski badaude ostikoarekin, ondo, egiten dutenak ere. Gogorragoa da. Ni egonda nago izter dena beltz-beltz eginda eta herrenka. Orain berotu egiten dute, izterra eta hankak osorik, baina gure sasoian ez zegoen horrelakorik. Jantzi, txilinak ipini, hartu makila eta ezpata, plazara irten eta gora hanka! Normala horrelakoak pasatzea. Orain beroketak egiten dituzte eta eskerrak.
Zuk txistua jo eta erne jarraitzen diezu dantzariei dantzan ari direla.
Dantzariei begira egoten naiz. Bata da bizkorragoa, bestea pixka bat geldoagoa. Dantzariak artazia bota eta nik itxoin egin behar, horrelako gauzak pasatzen dira. Musikari jarraitzeko belarria izango dute, baina beti du tankera batak edo besteak bizkorrago edo astiroago egiteko. Ni begira egoten naiz, bakoitzari segitzen. Aurreskuan, bazterrean geldi egon beharrean, ni plazan sartu eta dantzarien ondoan ibiltzen naiz. Nire aita hasi zen hori egiten, lehengo txistulari zaharrei umetan ikusia zielako.
Plazan begira dauden asko dantzari izandakoak izango dira
Bai. Ez diet entzun kritikarik, baina hankasartzeren bat dagoenean igarriko dute. Aurreskua egiten denean, esate baterako, luze samarra da eta edozein momentutan gerta daiteke galtzea. Nik dantza dakidanez, dantzariak egiten duena eginda, nik jarraitu egiten diot. Ez dakienarentzat ez da ezer pasatu, baina dakienak ikusiko du, bai. Ez du esango ezer, baina konturatu baiÉ
Garai batean Berrizko dantzariek fama handia izan zuten.
Bai, Londresen eta Parisen ibili ziren. Horietako batek, 70 urtetik gora ere, aurreskua egiten zuen eta hanka gainera gazte askok baino gorago altxatzen zuen. Hark bere sasoian, 20-21 urterekin, airean buelta bi ematen zituen. Leandro zen hura. Orduan, talde famatu hartan zortzitik zortzi ziren onak, baina lau edo bost hori modukoak. Horrelako talde bat suertatzea ehun urtetik behin ere ez da gertatzen ziur asko.
Jende asko etortzen da ikustera eta galderak egitera?
Sasoi batean, San Pedro eguna toki guztietan jaiegun zenean, bai, orain gutxiago. Bilbotik Sabin Egiguren, Sabin Bikandi, Galdakaoko Andramariko Artetxetarrak, Donostiatik Argia-koak Juan Antonio Urbeltzekin ere hemen egon ziren ikasten 60ko hamarkadan. Ni garai horretan dantzari nenbilen. Guk beti ondo hartu ditugu hona etorritakoak. Esan izan digute nonbait ez dutela uzten grabatzen, baina nik hemen beti ikusi dut, aita zenean ere bai, kamerak ipini eta grabatu arazorik gabe, eta nik ez diot debekatu inori ere.
Dokumentuaren akzioak