Dokumentuaren akzioak
Generoaren ardatzean dantzan
Kimua dantza kolektiboak duela urtebete pasatxo kaleratu zuen bere lehen lana: GenEroa kale ikuskizuna. Genero ikuspegia lantzen duen dantza emanaldi bat da, eta aske mugitzeko eta dantzatzeko nahia dago ikuskizunaren funtsean; genero auziaren inguruan galderak sortzea zen asmoa. Orain, beste aldaera bat gehitu diote proiektuari, eta, antzokietarako moldatuta, beste obra bat sortu dute: GenErorAntz. Hala azaldu du Garazi Egiguren Kimua dantza kolektiboko kideak: «Buruan geneukan, denborarekin eta goxo hartuta, antzokiko proposamen bat garatzea. Gero, pasatu zaigu kaleko ikuskizuna egiten ari ginenean ikus-entzuleek esaten zigutela: 'Hau ez duzue antzokira eramango?'. Errefortzu moduko bat izan zen, motibazio bat gehiago antzokiko proposamen hau prestatzeko». Gaur estreinatuko dute ikuskizuna, Beasaingo (Gipuzkoa) Usurbe antzokian, 19:00etan. Egigurenek aitortu du urduri daudela, baina, aldi berean, badutela ilusioa ere.
Oinarrian, gai bera landuko dute antzokietara egokitutako obran: «Zoritxarrez, kalekoa egin genuenetik hona urtebete pasatu da, baina. generoaren auziaren inguruan. egoerak ez du hobera egin. Orduan, oraindik zer esan eta zer hausnartu asko dugula iruditzen zaigu. Gaia bide beretik joango da». Generoaren auzia hartu, eta hainbat azpigai jorratuko dituzte, beraz: hala nola emakumeek arlo profesionalean dituzten zailtasunak eta arrakalak, gizonezkoek sentibera izateko edo emozioak adierazteko dituzten zailtasunak, amatasuna, indarkeria matxista, ezarritako generoarekin bat ez egiteak sor ditzakeen gatazkak eta estereotipoek eta exijentziek osasun mentalean eragiten dituzten kalteak.
Ikuskizun berria jatorrizkoaren bidetik doan arren, baditu berritasunak. Egigurenek azaldu du eszenografian, argien diseinuan, koreografia berrien sorreran eta aurrekoen egokitzapenean jarri dutela indarra, batez ere. «Interpretazio aldetik ere, apustu handi bat egin dugu. Interpretazioaren transmisio hori da gure puntu ahuletako bat, ikusleengana iristea, eta Kepa Errastiren laguntza izan dugu hori lantzeko. Hark bete du zuzendari eszenikoaren rola». Kalearen aldean antzokiak ematen dituen baliabideak ere aprobetxatu dituztela erantsi du. «Hasierako proposamen horri, denborarekin eta maitasunarekin, sakontasuna eman nahi izan diogu».
Ez da dantza emanaldi hutsa. Izan ere, mugimenduen bidez adierazi nahi dena Ekaitz Goikoetxearen testuen bidez, bertsoen eta olerkien bidez, gidatuta egongo da. Hala egin zuten GenEroa ikuskizunean, eta formatu horri eutsi diote oraingoan ere. «Proiektu honetan ere taldekide dugu [Goikoetxea], eta saiatuko da zubi lan hori egiten». Kaleko emanaldian herriko gonbidatu batekin osatzen zuten azken zatia, eta ez da halakorik izango antzokiko proposamenean, baina, Egigurenek azaldu duenez, «ardatzetako bat izango da etengabe ikus-entzulearen larruan jartzea, edo alderantziz, haiek gure larruan jartzea». Goikoetxeak lagunduko du hausnarketa horiek bideratzen.
Euskal dantza tradizionalak izango dituzte oinarri, eta hortik abiatuta, askotariko diziplinak uztartuko dituzte. «Jolastea gustatzen zaigu, eraberritzea, garaikideak edo bestelakoak diren diziplinekin probatzea eta proposamen ezberdinak sortzea. Oraingo honetan ere, leku berezia eman nahi izan diegu interpretazioari, isiltasunari, mugimendurik ezari; pausa horiei. Ea ikus-entzuleak hori nabaritzen duen».
Desikasi eta ikasi
Egiguren gustura dago kolektiboaren lehen ikuskizunak izandako harrerarekin, eta nabarmendu eta eskertu egin du ikusleek beren hausnarketen eta sentsazio intimoen berri eman izana: «Asko elikatzen gaitu horrek». Proiektua etengabe «handitzen» ari dela uste du, eta «bizia» duela: «Guri ere ikasi, desikasi eta gauzak birplanteatzeko aukera ematen digu. Asko inspiratzen nauen proiektu bat da, eta uste dut taldearentzat ere hala dela».
Haren arabera, norbanakoengana iritsi eta horiengan «zerbait piztea» da ikuskizunaren asmoa, eta, gero, «piztutako argitxo horri entzuteko» tarte bat hartzea. «Erronka litzateke gai hauen inguruan hitz egitea, eta hitz horiek gero mugimendu bat, aktibitate bat sorraraztea». Gizartearen «ispilu lana» egin nahi dute. Horiek horrela, ikusleek gaur izango dute lehen parada GenErorAntz ikuskizuna ikusi eta gaiaz hausnartzeko, baina lotuta dituzte beste emanaldi batzuk ere: besteak beste, Sopelan (Bizkaia) izango dira azaroaren 19an, eta Azpeitian (Gipuzkoa) abenduaren 23an.
Dokumentuaren akzioak