Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Generoak dantzan

Dokumentuaren akzioak

Generoak dantzan

Liburu bat ekarri dit lagunak, interesgarri izango zitzaidalakoan. Baia bai! Eta hasteko artikulu batek begia jo dit.

Mutil-dantzak badira Baztanen, publikoak, edozein herritar sar baitaiteke borobilean. Edozein? Izenak dioenez, mutilentzako alegrantziak ziren, nahiz gure garaian adin guztietako gizonezkoek zuten dantzatzen: bakarrik emazteak ziren haietatik baztertuak. Eta azken urte hauetan haiek ere haizu badira dantzatzera, hara heltzea ez da dantzaldi airos bat izan, borroka aski latza baizik, protagonistek dioskutenez.
Egilea
Anuntxi Arana
Komunikabidea
Argia
Mota
Iritzia
Data
2017/09/03
Lotura
Argia

Protagonistek egiten baitute prozesuaren kronika, plazara ateratzeko lanean aritu diren ber-berek. Batzuek, beti gustuko izan duten dantzara sartu ondoan, kontzientzia feminista hartu zuten, eta denak helburu amankomunean bildu ziren. Alde autobiografikoak indarra ematen dio idazkiari, eta irakurleari plazera. Irakaspenez betea da, bestalde, argiki azaltzen du bazterketa eraikitzeko eta mantentzeko mekanismoak nola ari ziren. Besteak beste:

Nola mutil ez diren gizon ezkonduak eta mutikoak dantzatzera onartua izan ziren eta, aldiz, jasanezinezko aldaketa zen emazteek dantzatzea. Sexu/generoa zen beraz, bazterketako funtsa. Gizonentzat aldatzen ahal zen tradizioa, baina tradizio beraren errespetua argudiatu zuten emazteen aurka: gezurra frogatua da.

Nola hamarkadetan emakumeek dantzatzen zuten herri batean dantzak kendu zituzten, bi gizonek, desadostasuna adierazi zutenean. Sexu-berdintasunerako aurrerapenak atzera botatzeko, gizon bik herritar gehienek baino indar handiago izan dezakete.

Nola anomalia horietan hautematen den Elizondoko eragina: hiriburuan kokatu da baztertzaileen bunkerra eta, ekitaldi ofizialeko dantzak parekideak direnean, elizaren eremu pribatuan egiten dute oraino beren ekitaldi soilki maskulinoa.

Nola dantza parekideak galarazteko ahaleginetan dihardutenekin bat egin duten botere atzerakoiek –linguistiko (erdara), erligioso, politiko, sozial, ekonomikoek–.

Plazara Dantzara herri-ekimenak lortu duen aitzinamendua iraunkorra izango dela itxaroteko arrazoiak ez dira falta. Erne egotekoak ere ez. Garbiñe Elizegi Baztango auzapeza ausartu zenean dantza-borobilean sartzera, zer zuen jasan irakur daiteke astekari honetan berean [Garbiñe Elizegiri elkarrizketa 2549. zenbakian].

Erreseina honetan baino gauza gehiago eta hobeto kontatuak dira Baztango bost emaztek atondu artikuluan: “Baztango mutil-dantzen analisia eta prozesu kolektibo feminista”, hogei bat lanek osatu liburu gogoangarri batean, Miren Guilló Arakistainek koordinatua, Festak, genero-harremanak eta feminismoa, UEU, 2016.

Dokumentuaren akzioak