Dokumentuaren akzioak
Generoak bereizitako azken plazak
“Historian esan izan da emakumeek ez dutela dantza egin”, azaldu du Oier Araolaza dantzari elgoibartarrak. “Hau da, gaur egungo dantzak gizonezkoenak zirela, eta egokitu egin direla berdintasunaren izenean edo emakumeei rol bat emateko”. Araolaza gaztetatik egon da lotuta dantza munduarekin; are gehiago adinez nagusia denetik. Izan ere, hamaika proiektutan murgildu da dantzarekin lotura mantendu nahi zuela erabaki zuenetik. Doktore tesia egiten ari da egun. Generoa eta euskal dantza tradizionala hartu ditu oinarri, eta beste gainbegiratu bat ematen ari da historiari. “Ikerlariek aspaldi azaldu zuten gezurra dela emakumeek ez dutela dantza egin izan”.
Gauzak argitze aldera, emakumeak euskal dantzan zeukan protagonismoari buruzko halako ezinegon bat sortua zen dantza munduan, eta horri tiraka hasi zen elgoibartarra: “Dokumentazioa biltzen hasi nintzen, eta kontu interesgarri asko aurkitu nuen. Gaur egun nola jokatu erabakitzeko, ondo ulertu behar dugu egungo dantza horiek nondik datozen”.
Hamaika ezusteko gordeta daude historiaren orrietan. XX. mende hasieran kokatu du Araolazak dantzen mailaketa edo generoaren araberako bereizketa, abertzaletasuna folkloreari garrantzia ematen hasi zenean, espresuki. Emakumeek aurreskua dantzatzeari utzi zioten, adibidez. Esaldi bat nagusitu zen: “Emakumeak ez du dantza egin, dantzatua izan da”. Gorputza mugitzetik gizonezkoak dantzan ikustera pasatu zen genero femeninoa.
“Momentu horretan, inguruan nagusi zen genero ikuspegia txertatu zen gizartean”, azaldu du Araolazak. Generoa bereizteko joera bat nagusitu zen XX. mende hasieran. Joera horren arabera, gizonezkoak eta emakumezkoak ez dira berdinak jaiotzez, adierazteko modu jakin bat dauka bakoitzak, bizitzeko edo lan egiteko moduak… Gizartean funtzio ezberdinak dituztela, alegia. “Ideia hori helarazten da dantzen bidez ere”.
Dantzak sailkatu egin zituzten. Gizonezkoentzat ziren makil dantza eta ezpata dantza; elkar jotzea, espresio bortitzak. Emakumezkoentzat, berriz, arku dantza eta zinta dantza, ustez dantza femeninoagoak. Garai horretan sortu zuten poxpolina, eta, dantza motak banatzetik harago, arropak ere bereizi egin zituzten. “Bi generoak dantzan ezberdin jantzita azalduta, benetan ezberdinak garela sinetsarazten da”.
Garai bateko gizartea ez zen parekidea, eta, ondorioz, ezta dantzaren mundua ere; hots, gizonezkoak ziren nagusi. Hala ere, orduan ere parte hartzen zuten emakumeek.
Tolosa eta Zumarraga
Gipuzkoako herri askotako dantzetan emakumeek parte hartzeko ideia nagusitu da azken urteotan. Ezagunak dira Tolosa eta Zumarragako kasuak. Tolosari dagokionez, emakumeek 2013an hartu zuten parte, lehen aldiz, pordondantzan. Mendez mende, tolosarrak urtero dantzatu izan dira San Joan egunean; 1321eko Beotibarreko guda oroitzen dute bertan. Zumarragan, berriz, 2015ean sartu zituzten emakumezkoak Antioko ezpata dantzan. Egun hori oso berezia da Zumarragan. Hainbat arrazoi tarteko, komunikabideetan oihartzun handia izan zuten bi kasuek. Besteak beste, Zumarragan egin zuten Gipuzkoako Batzar Nagusien bilera, eta batzarkideek bertatik bertara ikusi zuten ikuskizuna. Tolosak, berriz, saria jaso zuen berdintasunaren alde egindako lanagatik.
Komunikabideetako oihartzun horretatik gaindi, dena den, beste hainbat pauso ere eman izan dira batean eta bestean. 2000. urtean, esaterako, gizonezkoek zein emakumezkoek dantzatu zuten axeri dantza. Genero ikuspegiaren inguruan eztabaida sustatu zuen lehen herrietako bat izan zen Andoain. “Eurek ere dantza egin nahi zutela helarazi zuen emakume talde batek, eta kontuan hartu behar da garai hartan gizonezkoek soilik osatzen zutela taldea”, nabarmendu du Araolazak. Azkenean, taldea uztea erabaki zuten kontra zeudenek, aurka egon arren modu horretan ez zutelako inor galaraziko. Gaur egun, gizonezkoek zein emakumezkoek parte har dezakete axeri dantzan, eta, alde horretatik, iaz izan zen parte hartzaile gehien Andoainen.
Zumarragan ezpata dantzarekin hautsi zuten bereizketa, baina, kasu horretan, bazeuden aurrekariak. Arraten eman zuten lehen pausoa, Eibarren. Gizonezkoek bakarrik egiten zuten dantza lehen, eta talde txikian, gainera. Taldea handitzeaz gain, generoa ere kontuan hartzea erabaki zuten 2005ean. “Halako sare efektu bat izan zuen Arratekoak”, argitu du elgoibartarrak. “Domino efektu baten antzekoa gertatu da, azkenean. Bat erorita, errenkadan erortzen dira besteak”. Arrateri segida emanda, Beasainen 2007an eman zuten pausoa ezpata dantza parekidea izan zedin; 2008an, Andoainen; 2011n, Legazpin; 2013an, Deban…
Genero kontuengatik dantza egiteko ukazioa bertan behera uztea baino garrantzitsuagoa izaten da, ordea, kentzeko modua. Alde horretatik, hamaika formula erabili izan dituzte dantza taldeek. “Cortesen [Nafarroa], esaterako, emakumeentzako beste dantza talde bat sortu zuten”, azaldu du dantzariak. “Lau mutil eta lau neska jarri dituzte beste zenbait herritan. Genero aldetik parekidea da, baina ezberdin jantzita aritzen dira dantzan”. Arrateko ezpata dantzaren adibidea gogoratu du Araolazak bien arteko aldea nabarmentzeko: “Arraten dantzariek parte hartzen dute; berdin dio dantzari hori nork gorpuzten duen”.
Testuinguru horretan iritsiko da oñatiarren aurrerapausoa, etzi. 1478tik ospatzen da jai hori, eta egiteko berezia izaten dute dantzariek. Egun horretan prozesio bat izaten da herrian, eta bertan joaten dira dantzariak ere. Oñatin oso barneratuta dago tradizio hori, familietan batez ere. “Tradizio handia daukaten dantzetan zailagoa da aurrerapausoak ematea”, zehaztu du elgoibartarrak. “Baina aldatzen ari da paisaia”.
Dokumentuaren akzioak