Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Generoa udaletxean ate joka

Dokumentuaren akzioak

Generoa udaletxean ate joka

Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Altsasu, Etxarri Aranatz, Irurtzun
Mota
Albistea
Data
2023/05/22
Lotura
Guaixe
Juana Mari Martinez, Maider Goñi eta Camino Mendiluze.

Alkate ardura hartutako hiru emakumezkorekin elkartu da GUAIXE, eta haien eskarmentuaren berri jasotzeak balio du generoaz, politikaz, erakundeez eta kudeaketaz hausnartzeko. Argi-ilunak ageri dira hiruen kontakizunean, udalen kudeaketan berdintasuna lortu ez denaren adierazgarri.

Datuek agerian uzten dute oraindik ere alderdi eta koalizioen zerrendak osatzen dituzten hautagai gehienak gizonezkoak direla. Sakanan udal hauteskundeetara aurkeztutako 27 zerrendetan %55,30 gizonezkoak dira eta %44,70 emakumezkoak. Kontzejuetarako hauteskundeetan, berriz, %62,26 eta  %39,62 dira. Udal hauteskundeen atarian beraien herriko alkate izandako hiru emakumezkoren lekukotza jaso dugu.

Soslaiak

Juana Mari Martinez Jaunsaras 

Irurtzungo alkatea izan zen 2003 eta 2007 urteen artean. UPNko zerrendaburua izan zen. Irurtzunen egon den emakumezko alkate bakarra da. 

Maider Goñi Errazkin 

Etxarri Aranazko alkatea izan zen 2007 eta 2011 urteen artean. Nafarroa Baiko zerrendak eraman zuen alkatetzara. Herriko aurreneko emakumezko alkatea izan zen. Gerora izan dira gehiago. 

Camino Mendiluze Arregi 

Altsasuko alkatea izan zen 1999 eta 2003 urteen artean. Euskal Herritarrok hautagaitzaren zerrendaburu izateak bihurtu zuen alkate. Herriko emakumezko alkateen katearen aurreneko begia.

Elkarrizketa

Alkatetza hartzea espero zenuen? 
Juana Mari. Ez. Hemen UPNren hautagaitza egitea, beharbada orain errazagoa da. Baina, orduan, beldur handia zegoen. Badakizu herrietan gehiago ematen zaiola botoa ezagutzen duzun pertsonari. Ez da Nafarroako Parlamenturako botoa ematea bezala. Zein zen betidanik herrikoa? Ni. Eta zerrendaburu jarri ninduten. Irurtzunen UPN beti aurkeztu da hauteskundeetan; hemen, ez PSN ez besteak ez dira sekula aurkeztu. Eta UPNrekin ezker abertzalea eta hautagaitza independenteren bat aurkeztu dira. Zer gertatu zen? Ezker abertzalearen hautagaitza baliogabetu zutela, eta gureaz aparte beste hautagaitzarik ez zen aurkeztu. Bakarrik gelditu ginen. Globalean, hauteskundeak irabazi genituen. Hauteskundeen ondoren proportzionalki zegozkigun zinegotzi kopurua hartzea erabaki genuen, eta hala segitu genuen legegintzaldia. Nik ez nuen alkatea izatea espero. UPNgatik, aurre egiteagatik aurkeztu nintzen. Asko amorrarazten ninduen bakarrik ezker abertzalea aurkezteak, Irurtzunen UPNri botoa ematen dion jendea bazegoela nekielako. Ez zitzaidan zinegotzia izatea inporta, baina alkate? Gertatu zena gertatu zen. Zer egin behar duzu! “Goazen, tira. Jainkoak nahi duena izan dadila”. Bizkartzaina izatea eskaini zidaten eta ezetz esan nuen. 

Maider. Ez nuen inoiz horretan pentsatu. Politikan, gure alderdiaren barruan, aritu naiz, baina ez kargu ez ezer. Kasualitatea izan zen ni alkate izatea. Nafarroa Bairen barruan, hasiera batean, ez nintzen zerrendaburua. Hauteskundeak baino aste batzuk lehenago zerrenda aldaketa egon zen eta prest ote nengoen galdetu zidaten eta, orduan, alkategai izan nintzen. Pixka bat sorpresa izan zen. 

Camino. Talde bezala, esperantza genuen. Zalantza asko genuen, baina ilusioa, piloa. Talde oso polita genuen. Lau zinegotzi atera ginen (hamahirutik). Boto gehien izan zuen zerrenda izan ginen eta, horregatik, izan nintzen alkate. Esperientzia polita, gogorra, pertsonalki aberasgarria eta interesgarria izan zen. Lehenago zinegotzi izan nintzen legegintzaldi bat, Emilio Boulandier Maiza alkate zela. Ezagutzen nuen udala. 

Herriko aurreneko emakumezko alkate izan zinen?
C. Bai. Gainera, lehen emakumezko alkate izanda oso-oso gauza polita izan zen: San Pedro egunean dantzatu beharreko zortzikoa lehendabiziko eztabaida izan zen. Zortzikoa mutil dantza bat da. Ea zeinek dantzatu behar zuen. Nik argi nuen: “emakumezkoa naiz, bai. Eta zortzikoa mutil dantza da, bai. Baina San Pedroko zortzikoa herriko alkateak dantzatzen du, eta alkatea ni naiz”. Eta dantzatu nuen. Eta hortik aurrera inolako problemarik ez zen izan. 

M. Kintoen bazkari batean lagun batek hori aipatu zuen. Ez nintzen oso kontziente lehen emakumezko alkatea izan behar nintzela. Etxarri Aranatzen 2007a baino lehen emakumezko alkaterik aurretik egon ez izana pixka bat bitxia da, beste leku batzuetan egon zirelako. 

JM. Bai. Eta uste dut bakarra naizela. Betidaniko irurtzundarra naiz eta ez dut beste emakumezko alkaterik ezagutu, beti gizonezkoak egon dira. Orain normalagoa da, baina hautagaitzetan ez zen emakumezkorik aurkezten. Azken urtetan ikusten dira emakumezkoak, baina ez zerrendaburu gisa. 

Aurretik, politikarekiko zer interes eta sentimendu zenituen?
M. Beti interesatu izan zait. Gainera, aita (Migel Angel Goñi Ixurko) alkate izan zen eta etxean... Aitari beti interesatu zaio eta niri ere. Gero ikasketak: soziologia, pixka bat euskararen inguruan, politika...

C. Bai, betidanik, Franco garaitik, klandestinitatetik. 

JM. Niri politika betidanik gustatu izan zait, baina beste gauza batzuk bezala. Guztiaz informatua egotea gustatzen zait. Politikari arreta jartzen diot. Orain gutxiago interesatzen zait. Uste dut orain guztiaz gehiago paso egiten dudala (barrez). Gazteago zarenean: hau atera da, bestea atera da... Betidanik gustatu zait, sikiera jakitea! Sekula ez naiz alderdi bateko afiliatua izan, baina ni UPNkoa naiz. 

Botoa ematen zenuen?
C. Bai, bai. 

JM. Jakina. 

M. Bai, ahal izan dudanetik beti eman dut botoa.

Gaituta ikusten zenuen zure burua?
C. Bai. Ez bakarrik nigan konfiantza handia nuelako, batez ere taldea osatzen genuen pertsonengan nuen konfiantza. Ni bakarrik ez nintzen ezer. Bagenuen taldea, zerrenda osoa. Baina atera ginen lehendabiziko laurak oso indartsuak ginen. Talde lana garrantzitsuena da. Alkatea ikusten da, baina alkatearen atzean gauza pila daude. 

M. Prestakuntza aldetik eta nuen eskarmentuagatik, bai. Ez nuen erakundeetan esperientziarik. Baina ez zen nire lana bakarrik. Berez, alkatea da ikusten den figura, baina alkateak ez du dena egiten. Hor lantalde bat dago eta bakoitza atal batez arduratzen zen. Aita eta Arantza Artieda Igoa zeuden zerrendan. Konfiantzazko jendea zegoen eta lana banatzen genuen. Aitak, esaterako, hirigintzaz zekien. Bestela, alkate izateko jakin behar dituzu legeak, hirigintzaz eta gauza askoren inguruan jakintza izan behar duzu. Den-dena ezin duzu jakin. Ondoan gai horietaz dakiten eta lagundu dezaketen pertsonak izan behar dituzu. Guk erabaki guztiak taldean hartzen genituen. Astero elkartzen ginen, aldez aurretik batzorderako edo bilkuretarako zer gai zeuden begiratzen genuen. Udaleko martxa ere. Zenbait erabaki egun batetik bestera hartu behar dira eta idazkariaren aholkuekin hartzen ziren. Baina, orokorrean, talde lanean aritzen ginen, eta hala erabakitzen genuen. 

JM. Bai. Zinegotzi izateko ideia nuen. Sekula ez nuen alkate izatea pentsatu. 

Erreferentea zen emakumezko politikariren bat zenuen?
JM. Egunerokoan, Nafarroan, emakumezkoak beti agindu dugula uste dut. Hau da, Nafarroako gizartea beti izan dela matriarkala. Ama da agintzen duena. Egia da orain emakumezko gehiago ikusten direla. Orduan, normala iruditzen zitzaigun: “aurkezten ziren, ba, tira!” Hala ere, gutxi ziren aurkezten zirenak, bigarren lerroan beti. Gure hautagaitzan uste dut bizpahiru ginela. Zeren beste emakumezko batzuei ere proposatu nien zerrendan aurkeztea. “Ez, ez, ez. Beldur handia ematen dit, eta beste”. Ez zuten sartu nahi. 

M. Bereziki, ez. Festak zirela eta, gogoratzen dut Nafarroa Baiko politikari batekin konparatu nindutela.

C. Ez dakit. Ez zait inor bururatzen momentu honetan. 

Juana Mari:

"Trabak daudela badiote, pausoa ematera animatzen ez zarelako da"


Emakumezkoak erabaki guneetan egoteak zer garrantzia du? 

M. Handia. Iruditzen zait, orokorrean, emakumezkoek zenbait aspektutan gizonezkoengandik ikuspuntu desberdina dugula. Herrian hainbeste ez da nabaritzen gauza oso zehatzak direlako: hirigintza... Baina politikako maila altuago batean, bai. Beharbada topiko bat da, baina emakumezkoak zentratuagoak gara, gauzak nola egin gehiago pentsatzen dugu... Orokorrean, gero denetarik dagoelako. Bestela, ez dut desberdintasunik ikusten.

C. Orain askoz normalizatuagoa dago gaia. Betidanik bizi izan naiz politikan sartuta. Urteak ditut eta Franko bizirik zegoenean ere guk klandestinitatean lan egiten genuen, politikagintzan batez ere. Horregatik, niretako normala izan da. Alkatetza hartu genuenean: emakumea, ezkonduta, lanarekin, semeak... Baina nik argi nuen politikagintzan mugitzen baldin baginen, politikan ere egon behar genuela. Leku guztietan. 

JM. Oso garrantzitsua da. Nire irudipena da, orokorrean, egiten duen guztian, arlo guztietan emakumezkoa oso aktiboa dela. Haiek egoteak gizonezkoak ere estimulatzen ditu. 

Erakundeetan emakumezkoen presentzia hutsarekin berdintasuna lortzen da?
C. Eeez. Emakumezkoen lanagatik lortzen da berdintasuna; ez bakarrik presentziagatik. Emakumezko horiek zer egiten duten, zer bideratzen duten... Emakumezko pilo erabat matxista dira, bai (barrez). 

JM. Eeez. Ausartu beharra dago ere. Hau da, gizonezkoa edo emakumezkoa izan, gauzak egiteko izpiritua izan behar duzu. Ez da berdinduko, baina pauso handitan berdintzen ari da. Buruan sartu behar zaizu. Garai bakoitzak bere aurrerapenak eta istorioak ditu. Eta, pitteka, buruan sartzen joaten zaizu. Erakundeetan makina bat emakumezko dago gaur egun, ia denetan. Azkarrak gara! (barrez). 

M. Ez, berez, horrengatik bakarrik ez da lortzen berdintasunik. Gainera, badugu emakumezkoaren kontzeptu bat. Badaude zenbait emakumezko haien pentsaera ez dela beharbada feminista. Nahi eta nahiez emakumezkoa izateak ez du esan nahi feminista izan behar duenik. Edo alderantziz; gizonezko feministak daude. Kontua da legeak ezartzen duela zerrendak parekideak izan behar dutela, erdi eta erdi izan behar direla. Badakit batzuetan zerrendak ezin bete egon direla, erdi eta erdi izateko. Azken aldian errazagoa da, baina garai batean kosta egiten zen. Ez dakit zergatik, ez ziren hainbeste emakumezko aurkezten zerrendetarako, behintzat nire alderdian eta Nafarroan. 

Udal jarduera eta zaintza. Kontziliazio lan gehiago eskatzen zaie emakumezkoei?
M. Ni ez, baina Artieda ama zen. Alkateordea zen eta udaletxean ordu asko egoten zen.

C. Ez zidan lan gehiago eskatzen. Benetan, ez. Bikoteari betidanik esan eta eskertu behar izan diot. Udalean nengoen bitartean etxean ez nuen inolako problemarik, ondoan nuen gizonezkoak egiten zuen egin behar zuen guztia. Jakina, nik ere etxean gauzak egiten nituen, baina bere laguntza nuen. 

JM. Udalean sartu nintzenean etxetik kanpo lan egiten ari nintzen eta gero utzi nuen. Nik ongi kontziliatu nuen etxetik kanpo lanik egiten ez nuelako. Ordurako seme-alabak koxkortuta zeuden, eta senarrak Inasan lan egiten zuen. Herrian bertan egotean laguntza handia duzu: familia. Baina ederki asko moldatzen nintzen. Gainera, herri bat ez da hiriburua bezala. Ez da gaur egun bezala: biak lanean, beharbada lan txanda desberdinetan, uztartzea? Beno, beno. Seme-alabengatik konturatzen naiz askotan zaila dela familia eta lana uztartzea. Arazoa konpontzeko niri laguntzea dagokit orain. 

Emakumezkoak erakunde politikan parte hartzeko zein dira trabak? 
JM. Nik uste lasai asko sar daitezkeela. Nahi baduzu, orain ez dago inolako arazorik. Izatekotan: “zertarako sartuko naiz ni hor, seme-alaba txikiak ditut”, hori eta beste. Haurrak norbaitek zain ditzake. Gainera, ez da lehen bezala, zazpi edo zortzi seme-alaba izaten zituztela; edo bat bera ere ez, edo bat edo bi dituzte. Eta trabak daudela badiote, pausoa ematera animatzen ez zarelako da. 

C. Nik ez dakit, benetan, nire esperientzia berezia den ala ez. Nik ez dut inolako problemarik izan. Beste emakumezko batzuk, ez dakit. Beharbada bai: kontziliazioa, hori nola bideratu... Batez ere nire belaunaldian. Baina nik ez dut halako arazorik bizi izan. Asko aurreratu dugu eta orain ez dago arazorik emakumezkoak politikan parte hartzeko. Baina ez dakit ni mundu honetan bizi naizen (barrez). 

M. Ez dut uste traba-traba jartzen zaienik. Ez dakit edo interes falta edo zer... Esaterako, ni alkate nintzela, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak antolatutako prestakuntza saioak genituen eta emakumezko bakarrenetakoa nintzen, bizpahiru izanen ginen. Zergatik, ez dakit. Nik ez dut inolako oztoporik izan alkatetzarako edo besterako. Gehiago interes falta izan da. Niri interesatu zait, baina inoiz ez dut kargu batean egoteko lan egin, nire alderdiaren barruan edo dena delakoan. Orain emakumezko gehiago daudela ikusten dut. Beharbada bidea zabaldu eta gero gehiago animatu dira? Ardura handia ere bada, eta ardura hori hartzea kostatzen da. Aurrekoan ikusi nuen telebistan, ez bakarrik emakumezkoak, zenbait herrietan udal ordezkari izateko ez da inor ere ez aurkezten. Herri batean, eta herriaren arabera, “gatazkak” sortzen dira. Egia esan gure legegintzaldia alderdi askotan oso gatazkatsua izan zen. 


Camino:

"Haurrak txikitatik berdintasunean hezten badira emakumezkoen parte hartzea handiagoa ikusiko da"

 

Emakumeek erakundeetan duten lidergoa desberdina da? 
C. Pentsaeraren arabera. Rocio Monasterio (Vox-eko politikaria) emakumezkoa da, baina bere lidergoa ez nuke eredu gisa jarriko. Ezkertiarrak garen emakumezkoak, beharbada, gauzak kudeatzeko orduan lasaiagoak gara. 

JM. Emakumezkoa aktiboagoa da denetarako. Gizonezkoek beti hor egoteko ohitura izan dutenez, pixka bat axolagabeagoak dira, eta, orain, esnatu beharra du emakumezkoa heldu delako, aktiboagoa. Gizonezkoari ongi heldu zaio emakumezkoak kategoria bat izatea. Lehen, beharbada, ez zenuen horrela ikusten. 

M. Bai. Beharbada salbuespenak daude. Baina emakumezkoek gauzak kudeatzeko beste modu bat dugu, estrategikoagoa-edo, ez dakit nola esan. Ez hain bat-batekoa. 

Erakundeetako boterea maskulinoa da?
JM. Gero eta gutxiago (barrez). 

C. Oraindik bai, oso. Oraindik ez da ezta planteatzen Espainia mailan emakumezko presidente bat izatea. Nafarroan badugu. Autonomia elkarteetan badaude emakumezkoak... Gero eta gehiago. Gero eta argiago dago han gaudela, eta gure lekua dugula. Ez digute lekua eman behar. Badugu lekua. 

M. Gaur egun, oraindik bai. Gehiengo handia gizonezkoak dira. Baina gizonezko feministak daude, eta alderantziz ere. Baina, bai, oraindik oso urruti gaude. Alde batetik, oztopoa izan daiteke. Bestetik, orain ez hainbeste, baina, beharbada, emakumezkoen aldetik interes falta-edo egon daiteke. Nerabeen irakaslea naiz eta bai neskek, bai mutikoek ez dute ez kezkarik ez ardurarik horren inguruan. Oraindik hamazazpi-hemezortzi urte dituzte. Baina adin horrekin oso desberdinak ginela uste dut. Ez dakit paso egiten den garai batean ote gauden, ez gara apenas mugitzen. Frantzian jubilazioa dela eta sortu den mugimendua, biolentzia kenduta, miresgarria iruditzen zait. Hemen halakorik ez zela egonen iruditzen zait. Oso konformista gaude, kexatu-kexatzen gara, baina, azken finean, ez gara asko mugitzen. 

Nola handitu emakumezkoen parte hartzea?
C. Haurrak txikitatik berdintasunean hezten badira emakumezkoen parte hartzea handiagoa ikusiko da. Heziketan hori lantzen da. Nire garaian eskolan lantzen zen eta, orain, institutuan gero eta argiago dute landu behar dela. Gainera, neskek gero eta kontzientzia handiagoa dute. Ilobengan ikusten dut. Neskak ez dira utziko. 

M. Guztia bezala, heziketarekin eta hezkuntzarekin ikusteko handiagoa du. Nerabeen artean ere interesa piztu behar da. Jende askok uste du zerbait eginda ere ez duela ezer lortuko. Eta horrek paso egitea eta konformismoa sortzen du. Ez dut esaten udalean egoteagatik konponduko dituzula; lau urteetan ere ezin dira mirariak egin. Batez ere maila altuko politikari lana oso desprestigiatuta dago, eta normala da horretan parte hartu nahi ez izatea. Baina utzita ere ez dugu ezer konpontzen. 

JM. Alderdiek zerrendak egin behar dituzte, eta zerrendan joan nahi dutenek kontuan izan behar dituzte. Zeren hori zen UPNren arazoa: inork ere ez zuen hautagaitzetan sartu nahi. Nahikoa beldur zegoen. Prest daudenekin zerrenda osatu eta bakarren batek buruan joatea nahi badu, ados badaude, hura jarri eta kitto. Nire ustez, gaur egun, zerrendetan aurkezteko ez dago inolako arazorik. Ez badute izena ematen da gogorik ez dutelako. Jendeak dio: “ez dut arazoetan sartu nahi, hau eta beste”. Pixka bat nagia da. 

Udal koxkorretako hauteskunde zerrendetan parekidetasuna egotea behartzen du legeak. Udal guztietarako izan beharko luke?
JM. Jendeak horretan pentsatzen du? “Emakumezkoa zarelako, zerrendan sartzeko?” Bakarren bat animatu daiteke: “Beno, bale, emakumezkorik ez dagoenez...” Balio duena jar dadila. Berdin zait gizonezko edo emakumezko izan. Faboritismorik ez. Balio duena: azkarrago dela, antolaketa hobea duela, gehiago balio duela... balio duenak. Gero gerta daiteke balio zuela uste zenuen hori okerrena izatea. Emakumezkoak parte hartzea oso-oso garrantzitsua da; parte har dezatela, zerrendaburu ez bada ere. 

C. Behartzea ez zait asko gustatzen. Baina emakumezkoei erraztu behar zaie, batez ere herri txikietan. Herri txikietan, beharbada, kontziliazioa, lana eta abar askoz zailagoa izango da. Baina ez dakit, ez dut esperientziarik.

Babesik sentitu zenuen? 
C. Bai, bai, bai. 

JM. Taldearena, bai. “Lau katu” ginen. Soilik gure hautagaitzari zegozkion zinegotziak hartzean udal batzarrak eta batzordeak bakarrik egiten genituen. Nola edo hala pasa genuen legegintzaldia. 

M. Ez. Gurea legegintzaldi gatazkatsua izan zen. Gure alde egon eta botoa eman zuen jendea egonda ere, ez nuen babes asko sentitu. Ezker abertzalearen zerrenda legez kanpo utzi zuten eta udalean gu bakarrik geunden. Guri zegozkigun zinegotzi karguak hartu genituen. Informazioa ematen genuen, baina badakit ez dela gauza bera. Aparte, barne arazo handiak zeuden. Terrorismoaren aurkako biktimen elkarteak ere helegitea jarri zuen gu udalean egon baina 20 urte lehenago hartutako erabaki bat ezeztatzeko eskatuz, ETAko kide baten izendapenaren ingurukoa. Guk hartu ez genuen erabakia ez dugu ezeztatuko. Horrela lau urte.

Maider:

"Emakumezkoak zentratuagoak gara, gauzak nola egin gehiago pentsatzen dugu..."

 

Emakumezko izateagatik zurekin nagusikeriaz edo bestela jokatu zuten? 
JM. Ez, inolaz ere ez. Pixka bat agintzailea naiz (barrez). Ez nuke utziko. Tirabiraren bat suertatu izan zait. Aurpegia eman behar bada, ematen dut, nonahi eta nolanahi.  

M. Mesprezatu ez, baina goraipatu edo ongi sentiarazi, bai. Prentsaurrekoren bat edo prestakuntza saioren bat genuen, eta beharbada emakumezko bakarra nintzen, eta hor oso babestuta sentitu nintzen.

C. Bai, batez ere, herriko jendeak. Betidanik ezaguna nintzen, jende askok txikitatik ezagutzen ninduen. Batzuek udaletxera kexaka joaten ziren eta “mocosa” eta guzti deitu zidaten (barrez). Gizonezko batzuk. Baina hori pertsonak ezagutzea da. 

Ardura uztean zer sentitu zenuen?
C. Alde batetik, lasaitasuna. Bestetik, amorrua. Ilegalak ginen. Horregatik utzi genuen. Bestela, guk beste legegintzaldi bat nahi genuen, hasita genituen lanak bukatu ahal izateko. Nire betiko lanera bueltatu nintzen. Maistra nintzen eta hala jarraitu nuen. Argi nuen udala utzi eta eskolara joan behar  nuela. Hori zen nire lanbidea. Gainera, betidanik oso gustura egon naiz eta asko gustatu zait, jubilatu arte. Alkatetzatik pedagogia lana egitea tokatu zait (barrez). Baliagarria izan zen lanbidea udaletxean gauzak nola edo hala bideratzeko. 

JM. Hau bakea! Senarra hil zen. Orain seme-alabak ahal dudan guztian laguntzen ditut. 

M. Libre sentitu nintzen. Ahal genuen guztia egiten saiatu ginenaren sentipena nuen. Baina denboragatik eta genituen kontuengatik nahi genuena egiteko betarik ez genuen izan. Ahalegina egin genuen. Ahal izan genuen hobekien egin genuen. 

Bueltatzeko tentaziorik izan duzu? 
M. Hurrengo legegintzaldian zinegotzi izan nintzen, oposizioan. Betiko bete ninduen. Orduz geroztik ez naiz izan. Orain lasaiago. Gainera, haurrak-eta. Beharbada hemendik urte batzuetara, baina, tira. 

JM. Ez, bat bera ere ez. Betidaniko irurtzundarra naiz, eta herriaren aldeko guztia pozik egiten dut. Laguntzeko premia handia balego lagunduko nuke. Baina ez dut saltsa horietan sartuta ibiltzeko adinik, ez. Lan handia dut. 

C. Ez, ez, ez, ez, mesedez. 70 urte ditut. Gauzak bere garaian ongi daude. Ni baino askoz gazteagoak direnen garaia da. Politika eta hori guztia jarraitzen dut, gustura. Baina ardura hori berriro hartzeko, ez (barrez).

Dokumentuaren akzioak