2025eko ekainaren 24an, Tolosako kaleetan bizi izan zen Bordon-dantzak aldaketa esanguratsua izan zuen: lehen aldiz, emakumezkoek eta gizonezkoek jantzi parekidea soinean dantzatu zuten San Joan egunean. Bordon-dantzarien ekimenez eta Tolosako Udalaren laguntzaz, dantza honek tradizioari eta garaikidetasunari lotutako urratsa eman zuen.
Tradiziotik abiatuta, berdintasunaren norabidean
Bordon-dantza Tolosako ondare kulturalaren parte da, belaunaldiz belaunaldi transmititu den dantza-ondare bizi eta kolektiboa. Gaur egungo dantza Udaberri dantza taldeak 1970eko hamarkadan egindako berreraikuntza lanaren emaitza da. Gizonezkoen jantzi tradizionalak, Iztuetaren garaiko ezpata-dantzariaren irudira egokituak, 1978tik erabili izan dira, eta dantza-formari loturiko estetika eta funtzionaltasunari eutsi diote urte luzez.
2013an, lehen aldiz, emakumezkoek parte hartu zuten Bordon-dantzan. Une historikoa izan zen. Emakumeentzat bereziki diseinatutako jantzia sortu zen: gona motza eta kotoizko pololoak, Kezka dantza taldeak erabilitako eredu batean oinarrituta. Emakumeen presentzia azpimarratzea zen helburu nagusia, baina honek, nahi gabe ere, jantziaren bidez bereizten zituen generoak.
2025ean, ordea, ikuspegi hori gainditu eta dantzari guztiak modu berean janztea erabaki da. Erabaki kontziente eta hausnartua izan da, bai ikuspegi estetiko eta koreografikotik, baita ikuspegi sozial eta balio aldetik ere. Dantzariak dantzari soil bezala ulertzea da helburua, ez emakume edo gizon moduan sailkatzea.
Zer aldatu da jantzietan?
Proposatutako eredu parekideak bi aldaketa nagusi dakartza:
- Gizonezko dantzariek gona motza daramate, orain arte emakumeek erabilitakoa. Ohikoa da halako jantzien erabilera beste dantza tradizionaletan ere (Ebro bailarako trokeo-dantzak, Oñatiko Korpus dantzak...).
- Emakume dantzariek linuzko galtza zuriak janzten dituzte, pololoen ordez. Jantziaren uniformetasuna eta praktika funtzionala uztartzen dira horrela, eta azpiko arropak ikusgai egotearen kontraesan estetikoa ere gainditzen da.
Horrela, jantziak ez du genero bereizketarik egiten, eta gainera, batasun bisuala eta oreka koreografikoa lortu dira.
Tradizioak iraun dezan, beharrezkoa da dantzatzea, baina baita birpentsatzea ere. Atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu. Tradizioa ez da oraina kateatzen duen lokarria, etorkizunerantz doan sokaren lotura baizik.