Dokumentuaren akzioak
Gela ilunak argiztatzera
Pertsona orok ditu bere argiak eta bere itzalak. Zenbait itzal gutxitan ateratzen dira argitara, baina horiek ere pertsonaren parte direla erakutsi nahi du Ertza dantza konpainiaren Moor Krad lanak. «Psikologian, askotan hitz egiten da gu guztiok daukagun itzal horretaz, txiki-txikitatik ezkutatuz eta erreprimituz joaten garen geure ezaugarriez osaturiko itzal horretaz», azaldu du Asier Zabaleta koreografo, dantzari eta Ertza konpainiako zuzendariak. Ikuskizun berriarekin, itzal horiek argiztatu nahi dituzte. Ostiral honetan izango da estreinaldia, Bilboko Arriaga antzokian, 19:30ean.
Izen asmatua da Moor Krad, eta eremu mortu baten irudia dakar gogora, Zabaletak azaldu duenez. Alderantziz irakurrita, baina, ingelesez dark room litzateke, gela iluna, alegia. Eta zuzenean lotzen da obraren mamiarekin, zuzendariaren hitzetan: «Ezkutuko alderdi horiek gordetzen ditugun gela ilunez hitz egiten dugu». Aldarritik edo kritikatik ere izan dezake gaiak, baina bereziki horretaz jabetzera eraman nahi du ikusleria. «Nahiz eta askotan gizarte honetako itxurakerietan galdu eta besteei fatxada eder bat erakutsi, denok daukagu gustatzen ez zaigun edo agian oso erakusgarria iruditzen ez zaigun alderdi bat, eta hori ere bagara, hori ere gure parte da; eta hori argitara ateratzea da helburua, edo, gutxienez, horretaz ohartzea».
Bost dantzari —Valerio Di Giovanni, Rafke van Houplines, Pilar Andres, Denis Martinez eta Thiago Luiz Almeida— eta abeslari liriko bat —Iosu Ieregi— izango dira oholtza gainean. Haiekin elkarlanean sortu du koreografia Zabaletak, sorkuntza prozesu luze baten ondotik. Musikari dagokionez, bi konpositore barrokoren hainbat pieza hautatu dituzte, Henry Purcell eta John Dowlandenak, baina musika elektronikoaren eremura eraman. Zabaleta: «Kantu batzuk aukeratu ditugu, eta melodia nagusiari, kantariarenari, eutsi egin diogu. Hitzetan ere jatorrizko hizkuntzari eutsi diogu, ingelesari. Eta zera egin dugu: atzetik kantuek daukaten orkestrazio guztia musika elektronikora pasatu, bertsio elektronikoak egin. Marc Kanou musikariak egin ditu moldaketak, eta Iosuk oinarri elektroniko horien gainean kantatuko du eszenan, zuzenean».
Dantzariak maiz aritu izan dira askotariko doinu eta erritmoekin lanean; alde horretatik, haientzat ez da ariketa berria izan, zuzendariak dioenez. Ieregirentzat, ordea, handiagoa izan da erronka, abeslaria «mugimenduan integratu» baitute zenbait eszenatan. «Zailagoa izan da Iosurentzat: eremu berriago batean sartu dugu», Zabaletaren hitzetan. «Nahiz eta hark igual dantza zaletasuntzat daukan edo ikastaroren bat ere egin duen, ez da profesionalki aritua, eta, beraz, buruz murgildu behar izan du dantzaren munduan, jakin gabe igerilekuan urik ote zegoen edo ez. Uste dut berezia izan dela harentzat, zaila ere bai, baina emaitza polita izan dela».
Hain zuzen, kantariak jokatzen duen pertsonaiak kontakizuneko eremu horretan barrena gidatuko ditu gainerako kideak. Zabaletak aurreratu duenez, hainbat auziri aurre egin beharko die. «Eszena bakoitza ikasgai bat bezalakoa da harentzat, hor ikasten du berak ere bere itzala onartzen». Gainerako pertsonaiak, dantzariek jokatzen dituztenak, «kontzienteago» dira «bakoitzaren itzalaz», eta «erosoago» azaltzen dira, zuzendariaren esanetan.
Konpainiak ohikoa duen gisan, askotariko diziplinak ez ezik dantza molde diferenteak ere agertuko dituzte dantzariek oholtzan. «Guri betidanik gustatu zaigu beste lengoaiekin kutsatzea, eta dantzaren arloan ere bai, inon baino gehiago; ni betidanik saiatu izan naiz egunean egungo diziplina edo materialekin kutsatzen, zentzurik onenean». Hala, oinarria dantza garaikidea den arren eta obra osoak batasun bat duen arren, «eszena bakoitzak lengoaia berezi bat du, segun eta zertaz hitz egiten den», zehaztu du Zabaletak. Aipatu du itzal hori osatzen duten ezaugarri asko gai berarekin edo antzekoekin lotuta doazela gehienetan. «Erreprimitzera behartuta gauden alderdi horien artean, askotan errepikatzen dira sexua, biolentzia, erlijioak mugatzen dituen hainbat ezaugarri... Eta horietako bakoitzaz aritzeko lengoaia berezi bat aukeratu dugu». Adibidez, indarkeria ardatz duen eszena batean krump izeneko dantza urbanoko estiloa baliatu dute. «Dantzariak borrokan ari direla dirudi, eta oso ondo zetorkigun horri buruz hitz egiteko». Hala egin dute beste zenbait estilo eta gairekin ere.
Zakuak betez eta hustuz
Carl Jung psikiatraren esaldi bat ekarri du gogora Zabaletak, horri lotutako metafora bat izan baitute buruan eszenografiaren diseinuan. «Hark esan zuen geure ezaugarriak zaku batera botatzen pasatzen dugula geure haurtzaroko nahiz gaztaroko parte handi bat , gizartean, familian edo eskolan onartuak izateko; eta gero, zaku hori nola hustu asmatu ezinik pasatzen dugula helduaro osoa». Plastikozko poltsak izango dira oholtzan, eta, bete ahala, haziz joango dira, erraldoiak bilakatzeraino. Zuzendariak ez du askoz gehiago aurreratu nahi izan, baina gehitu du bai elementu horiek bai argiek rol garrantzitsua jokatuko dutela eszenan. «Saiatu gara itzalekin-eta asko jolasten duen atmosfera bat sortzen, guztiz monokromoa den argien tratamendu batekin, ikusleak beti izan dezan zalantza: 'Benetan hori ikusi dut, edo iruditu egin zait?'».
Plastikozko poltsek ilusio hori indartzen lagundu diete, atzean dena lausotu egiten dutelako sarritan, eta, argiekin jolasean, irudi «fantasmagorikoak» sortzen dituztelako. «Bi elementu horiek lagundu digute atmosfera ilun eta misteriotsua lortzen».
Estreinaldiaren ostean, eta urte berriarekin batera, beste hainbat udalerritara eramango dute obra.
Dokumentuaren akzioak