Urratsez urrats, etengabe hazten eta eraldatzen joan da Lucia Lacarraren ibilbide profesionala. Dantzaria da bera, eta beti izan du oso argi. Bokazioz eta pasioz dantzari profesionalaren bizitza bizitzeak nahi zuen tokian dantzatzeko aukerak zabaldu dizkio. Madriletik Munichera, San Frantziskotik igarota, sorterrira bueltatu zen duela hiru urte. Zumaian bizi da orain Lacarra, eta konpainia handietan dantza klasikoaren obra esanguratsuenak dantzatu ondotik, berak sortu eta garatutako obrak aurkezten ari da orain: 'Fordlandia' eta 'In the still of the night' obrekin ari da oin puntetan oholtzak astintzen.
Bide luzea egin duzu dantza klasikoaren munduan, eta orain gutxi batu zaizu beste aitortza bat zerrendara: Emakumezko dantzari onenaren Max Saria jaso berri duzu 'In the still of the night' lanagatik. Nola jaso duzu?
Emozio handia eman zidan. Alde batetik, banekien nire etxeko guztiak telebista ikusten ari zirela. Nik hartu ditut sari asko aitzinean Montecarlon, Benoisen… baina inoiz ez dut eduki nire familiako jendea horrela ikusten, eta hunkitu egin nintzen jakitean denak telebistan zeudela momentua nirekin bizitzen. Eta, egia esan, ez nuen esperantza askorik sari honetarako. Izan ere, Max sariak beste mundu batekoak dira. Ni beti egoten naiz konpainia handietan eta atzerrian orduan inoiz ez dut aukera izan horrelako sari bat hartzeko. Eta hala ere, Espainian egonda ere, sari hauek ematen dira lan berrietan, sorkuntza berrientzat… eta orain arte guk ez dugu horrelakorik egin. Askotan esaten dut nik ez dudala inoiz arazorik eduki eszenatokira igo eta hitz egiteko, baina oraingoan ez neukan ezer prestatua.
Sorpresa polita, beraz…
Bai, zoragarria izan da. Eta ez nuen espero, eta horrek askoz ere politagoa egiten du. Gainera gainontzeko sariak izan dira nire buruari dantzari gisa, baina kasu honetan baita ere da gure lanagatik. Momentu guzti guztiak egin ditugu, eta maitasunarekin egin dugu, orduan gure haur bat bezalakoa da. Zuri sari bat ematen badizute ondo dago, baina zure haur bati ematen badiote askoz ere bereziagoa da.
Sari hau beste batzuen zerrendara batzen da: 2002an Nijinsky saria, 2003an Benois de la Danse saria, 2011n hamarkadako dantzari izendatua izan zinen San Petesburgon… Sariak zer dira dantzari baten ibilbidean?
Barrea sartzen zait ze ni gaztea nintzenean beti esaten nuen nik saririk ez nuela inoiz jasoko. Niretzako sariak ziren txapelketetan dantza egiten zutenentzat eta banekien nik hori ez nuela inoiz egingo. Niretzat dantza egitea ez da zerbait nota bat jasotzeko, dira sentimenduak. Niri gustatzen zaidana da alderdi artistikoa, ez bakarrik teknikoa. Ez nekiena zen bazeudela sari profesional hauek, eta hartu ditut asko. Izugarri ederra izan da: nire lana ondo egiten ari naizela iruditzen zait eta jarraitzeko motibazioa elikatzen dute. Ez dut inoiz hartu sari bat eta pentsatu: "dagoeneko onena naiz eta ja utzi dezaket".
Inoiz pentsatu duzu uztea?
Hau nire bizitza da eta ez nuke inoiz besterik egingo.
Ez duzu dantzari loturiko familiarik edo ingururik izan, baina argi izan duzu beti dantzari izan nahi zenuela/ dantzaria izan izango zinela.
Txiki-txikia nintzenetik esaten nuen ni dantzaria izango nintzela. Ez nuen inoiz esaten, nahiko nuke edo gustatuko litzaidake, esaten nuen: ni dantzaria izango naiz.
Hastapenetara joanda, 9 urterekin hasi zinen dantzatzen, herrian bertan. Bulkada bat izan zen?
Nik ez dakit nondik datorkidan dantza egiteko bokazioa. Ez nuen dantza ezagutzen, inork ez zuen dantza ezagutzen Zumaian, ez zegoen dantza egiteko eskolarik eta gure familian inork ere ez zuen dantza ezagutzen… nik nolatan daukadan hau barruan txikitatik inork ere ez daki. Beti esaten dugu nire amak daukan bitxiontzi bati begira pasatzen nituela orduak… hori da edo beste zerbait da? Ez dut uste inoiz jakingo dugunik. Nik hori barruan neukan betidanik eta nire bizitzan ez da egun bat pasa beste zerbait egiteko gogoa izan dudan. Betidanik dantza izan da nire bizitza eta horrela jarraitzen dut oraindik.
Nolakoa da dantzari baten bizitza?
Bizitza zaila da dantzariona, oso zaila. Oso gazte atera behar zara etxetik, oso gaztetatik erabaki behar duzu zure bidea eta oso zailak diren erabakiak hartu behar dituzu bakar-bakarrik. Esaten dute sakrifizio asko eskatzen duela bizitza modu honek. Ez da lan bat, bizitza modu bat da eta horrek baldintzatzen dizu bizitza guztia. Non biziko zaren, nolakoa izango den zure bizitza, landu behar duzu zure gorputza, zaindu egin behar zara… Baina nik disfrutatu egiten dut nire lanarekin eta hauek niretzako ez dira sakrifizioak, nire lanaren fundamentua baizik.
Batetik bestera ibili zara, kanpoan beti. Madril, Marseilla, San Frantzisko, Munich… Gustatuko litzaizuke zure garapena Euskal Herrian egiteko aukera eduki izana?
Ni orain Euskal Herrian nago. Oso gazte konturatu nintzen nik nahi nuen lana egiteko eta nik neukan mailan egiteko biziko nintzela lan egiten nuen lekuan. Hortaz ohartu nintzen Donostian bakarrik geratu nintzenean lehenengo gauean. 13 urterekin joan nintzen Donostiara eta hantxe egon nintzen beketara aurkezteko prestatzen. 14 urterekin Madrilera joan nintzen. Orain dela hiru urte izan nuen zortea dagoeneko ez nagoela konpainia batera lotuta urtean zehar eta gure lana egiten dugu nahi dugun bezala, eta horrek ematen dit aukera bizitzeko nik nahi dudan tokian. Naturalki hori Zumaia da.
Hori erabaki eta aldaketa bat izan da zure ibilbidean…
Bai, dena da eboluzioa karrera batean. 32 urte daramatzat eszenatoki gainean. Egin ditut konpainia asko: Marseilla, San Frantzisko, Munich, Dortmund, Madril… baina bizitzan zehar aldatu egiten zara, gauzak egiteko gogo ezberdinak dituzu. Une honetan gure kabuz lan egiteko askatasuna izatea, gure erabakiak hartzea eta nahi dugun bezala lan egin ahal izate hori benetan zoragarria da. Eta nago momentu horretan, non nik nire erabakiak hartzeko aukera daukadan eta hori ez nuke ezeren truke aldatuko.
Kontrara, askotan egon zara beste norbaiten esanetara zure karreran zehar.
15 urterekin hasi nintzen konpainia batean lanean eta beti egon naiz besteen lanak egiten. Dantza klasikoa, koreografia berriak, neoklasikoa… eta horietan zure lana dantza ondo egitea da, baina zuk ez duzu aukerarik jantzien erabakian, argien erabakian, antolakuntzan… erabaki horiek guztiak ez dira zureak. Zu zara dantzaria eta konpainian dago jende asko beste erabaki guzti horiek hartzeko. Eta orain kasu honetan erabaki guztiak gureak dira.
Eta hori horrela nahi zenuen.
Ez nuke beste ezerengatik aldatuko. Benetan zoragarria da, eta ematen dio balio bat gure lanari. Agian hau duela 15 urte egin behar izan banu ez nintzatekeen gai izango, baina orain nola egin jakiteko esperientzia eta jakinduria dut, eta prest nago eta disfrutatu egiten dut.
32 urte oin puntetan, asko da. Baduzu garai kuttunik?
Garai guztiak disfrutatu ditut. Iristen zenean garai bat ez nuena disfrutatzen, aldatu egiten nintzen. Heltzen zenean momentu bat dudak neuzkala edo beste zerbait egiteko gogoa baldin baneukan beste konpainia batera joaten nintzen. Horregatik esan dezaket ni beti zoriontsua izan naizela egon naizen herrialde guztietan, konpainia guztietan… ze ez baldin banengoen joan egiten nintzen.
Eta beti aukeratu duzu nora joan?
Bai, beti aukeratu dut. Ez naiz inoiz joan toki batera beste ezer ez nuelako edo beste aukerarik ez nuelako. Beti izan da nire aukera pertsonala eta batez ere artistikoa nora joango nintzen. Dantzari nagusia nintzen dagoeneko 18 urterekin eta horrek ematen dizu aukera pixka bat zuk erabakitzeko. Nik ez dut inoiz sarrera probarik egin. Ez dut inoiz arazorik izan lana aurkitzeko. Zure bidea aukeratu ahal izatea bizitzan dagoen gauza garrantzitsuena da.
Etapaz etapa, bat agortzean hurrengoan. Eta obra edo dantzaldi kuttunik baduzu?
Asko dauzkat. Baina gehien gustatu zaizkit beti obra dramatikoak, emozioa daukatenak. Asko gustatu zait dantza egitea, baina niretzat dantza arte bat da eta horretarako emozioak egon behar dira. Beti gustatu zait rol hunkigarri bat izatea, oso dramatikoa, istorio bat kontatzea. Horregatik, gu orain sortzen ari garen emanaldiak beti dira emozioei buruzkoak. Izan ere, munduan ez dago ezer garrantzitsuagoa sentitzea eta emozioak izatea baino.
Autoexigentziaren balioa azpimarratu izan duzu inoiz. Hori da arrakastaren gakoa?
Hori da pixka bat norbera nolakoa den. Nik beti izan dut autodiziplina, oso naturalki. Eskolara joaten nintzenetik, gauzak ondo egiteko gogoa neukan beti eta hori ez da aldatu. Baina hori nire izaera da. Asko lagundu dit nire lanean; izan ere, berez asko eskatzen duen lana da eta zuk zeuk zure buruari eskatzeko ohitura naturala edukitzeak erraztu egiten du hori. Baina ez da zerbait ikasten dena, berezkoa baizik.
Orain zer duzu esku artean? 'Fordlandia', 'In the still of night'…
Bai, orain biran gaude. Gaude 'Fordlandia' eta 'In the still of the night' lanen emanaldiekin eta dagoeneko hirugarren ikuskizun bat ere gabiltza sortzen. Aurreprestaketa fasean dago eta ideia zoragarriak dauzkagu.