Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gaztetasuna eta berezitasuna

Dokumentuaren akzioak

Gaztetasuna eta berezitasuna

Sohütako gazteriak paratu ditu 2016ko maskaradak, eta Zuberoako 11 herritan jokatuko dira igandean hasita. Battitta Berrogain eta Alain Guimon izango dira aurtengo errejentak

Egilea
Allande Sokarros
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2016/01/06
Lotura
Berria
Maule-Lextarre atarian dago Sohüta, eta herri horrek berak ditu jokatuko 2016ko maskaradak Zuberoako plazetan zehar. Ohiturari jarraikiz herrian bertan egingo diren lehen eta azken agerraldiez gain, sohütar gazteek lurraldeko 11 herritan egingo dituzte jelkaldi edo ateraldiak. Maskarada hauek, zehazki, ikusgai izango dira urtarrilaren 10etik apirilaren 10era.

30 bat maskaradakariei —maskaradetako jokalariei— lehen begiradatik sumatzen zaien aurreneko ezaugarria da gaztetasuna. 20 urtetik gora dutenak gutxiengoan dira, eta beste berezitasun bat da neskak gehiengo handian daudela. Hamabi urte igaro dira Sohütak azken aldian maskaradak eman zituenetik, eta Zuberoako inaute berezi hauek gazteriaren kontuak direnez gero, arras legezkoa da gizaldi berri batek lekukoa hartu izana. Maskaradakari zaharrak, haatik, gidari dauzkate, eta 2003an kherestu karguan zegoen Battitta Berrogain da 2016ko maskarada hauetako errejentetatik bata, bestea delarik Alain Guimon. Dantzarien eskolatzaile lanetan aritu da, berriz, 2015eko Idauze-Mendiko maskaradetan laborarisarena egin zuen Julie Ahaspe.

Sohüta da, biztanle kopuruz, Zuberoako bigarren herria, 1.130 bizilagunekin. Hirigune orotan bezala, euskarak etengabe atzera egin du azken hamarkadetan, eta Hokiko baserri auzoan dira topatzen euskaradun gehienak. Hortaz, ez da batere harritzekoa maskarada hauetan euskararen erabilera nahitaezkoa den karguetako eramaile guztiak Hokikoak izatea eta horietatik asko ikastolan ibilitakoak.

Artzain andereak

Euskaraz jakitea behartzen duten karguetakoak izendatzearren, erran behar da kauter nagusia den Kabana Handia Ximun Hegiaphal dela, Pitxu kauter txiste egilea Mattin Hegiaphal dela, Buhame erregina Maider Hegiaphal, eta kherestuak direla Guillaume Bürküdoi eta Pette Jaragoien. Jauna egiten duen Artzen Letona ere euskaraduna da. Eta, hain zuzen ere, Jaunaren ezpata zorrozten duten eta maskaradetako zati ezberdinen artean loturak egiten dituzten xorrotxak, aldiz, ez al dira euskaradunak? Galdera ez da horrela egitekoa, zeren eta 2016ko maskaradetan ez baita xorrotxik! Horien ordez, bi artzain andere daude, batak euskara txikitatik dakiena (Maider Hegiaphal) eta bestea ikasten ari dena: Lea Etxegoien. Horiek ez dute jaunaren ezpatarik zorrozten; bai, ordea, ardiak zaintzen... Zaindu beharrekoak baitira, hartz bat agertzen delakotz maskarada hauetan.

Ikusleak ohartuko direnez, artzain andereek eta euren ardiek osatzen dute, bestalde, maskarada hauetako buhame taldea. Buhamina taldea, zehazki esatearren, denak neskak baitira eta izen xelebreak dituztenak: Lapatiña (erregina), añaña, astaña, miñiña eta petaña. Sekulako xelebrekeriak egiten dituzte euren jokaldian, hartz gaixoa erabat menpean hartuta daukatelarik, bestalde. Lapatiñaren peredikuak kutsu feminista dauka... baina maskaraden moldean, bromaz josia.

Kauterak, aldiz, denak dira mutilak, horien artean Abdallah badelarik... otoitzeak egitean, Ala (Allah, hots...) sorta guztiak erregutzen dituenak: Alajinkoa, Alajintxoria, Alagoihena, Alabadere... kauter lagunen artean izialdura handia sorrarazita. Maskaradek balio baitute irria eta umorearekin, gizaki munduaren aldrebeskeria edo basakeriak salatzeko ere.

Kherestuen jokoa, goizean

Maskaraden erabat gozatzeko beti komeni da goizetik joatea haien jarraitzera. 2016koetan are gehiago izango da hala, zeren eta barrikada hausteez gain —hainbat lekutan harrera egitea eta dantza jauziak ematea—, kherestuen jokoa ere goiz partean eginen baita. Horretan ere berezitasun bat dakarte Sohütako maskaradek: hain zuzen, kherestu mutilak eta Pitxuk bi zamaltzainen artean hautua egin beharko dutela, bata emakumezkoa eta gizonezkoa bestea. Jakina, bai batak bai besteak, lehen aldian, hanka sartzen dute... kherestu nagusiaren haserrea piztuz!

Apur bat adituak diren ikusliarrak ohartuko dira, halaber, Pitxuren heriotza eta berpiztea ez direla ohiko moduan pasatuko. Maskaradak sorkuntza bide izan ohi direlako ere, nahiz eta azaletik begiratuz beti berdintsuak diruditen, zehaztu daiteke Battitta Berrogain errejentak landutako hiru kantu entzuteko aukera emango dutela Sohütako hauek.

Alabaina, kontakizun hoberen eta zehatzenak ere ez du maskarada egun bat-baten gozatzeak dakarren atsegin eta liluraren baliorik. Hori dela eta, maskaradazale ibiltzeko aukerarik ez galdu.
Buhameen taldea neskek osatuko dute aurtengo maskaradetan.
Buhameen taldea neskek osatuko dute aurtengo maskaradetan. ALLANDE SOKARROS

Dokumentuaren akzioak