Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gazteen Folklore Jaialdiak eta 'Hondarribia Musik&Arts'ek asteburua animatuko dute

Dokumentuaren akzioak

Gazteen Folklore Jaialdiak eta 'Hondarribia Musik&Arts'ek asteburua animatuko dute

Egilea
Xabier Sagarzazu
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Hondarribia
Mota
Albistea
Data
2011/07/21
Lotura
Noticias de Gipuzkoa

Ohitura da aspaldian Santiago egun inguruko asteburuan Irunen Bidasoako Nazioarteko Gazteen Folklore Jaialdiaz gozatu ahal izatea. Aurten, Eraiki Dantza Taldeak antolatzen duen kultur ekitaldiari beste bat gehitu zaio, Hondarribia Musik&Arts izeneko jaialdi berria, Iñaki Etxepare irundar biolontxelistaren ekimenez eta hiri honetako Udalaren eta Musika Eskolaren laguntzarekin.

"Estatu osoko eta nazioarteko 30 biolontxelista gazte ingururen topaketa egingo dugu alde batetik Goiko Errotako aterpetxean, han lanean aritzeko eta batzuek besteengandik ikasteko helburuarekin. Eta horren baitan, hirian, hamar egunetan zehar, musika eta artea uztartuko dira, kontzertu eta hitzaldien bitartez", azaldu zuen atzo Iñaki Etxeparek, Hondarribiko alkatearekin eta Esther Barandiaran pianistarekin batera Hondarribia Musik&Arts apustu berri honen aurkezpena egiterakoan.

Programa zabalean aipatzekoa da larunbata honetako irekiera kon-tzertua, 22.30ean Gipuzkoa plazan. Honetan, Iñaki Etxeparek Bach y el mar, konposatzaile alemaniarraren biolontxelorako sei suiteen inguruan egin duen proiektuaren ikuskizuna aurkeztuko du. "Bertan, Bachen musika, dantza garaikidea eta Bidasoa ibairen irudiek osatutako argazki eta irudien muntaia uztartzen dira eta emanaldia, José Manuel Azkue organista handia zenari eskainita dago", azaldu zuen Iñaki Etxeparek.

Aitor Kerejeta Hondarribiko alkateak, bestalde, "jaialdi berri eta desberdintzat" jo zuen Musik&Arts hau eta "datozen urteetan, zorte pixka bat izaten badugu, arrakasta izan dezakeela" iritzi zuen.

Folklore jaialdia Bestalde, Irungo Udalak eta Eraiki dantza taldeak atzo egin zuten bihar hasiko den Bidasoako Nazioarteko Gazteen Folklore Jaialdiaren edizio berria. Honetan, Irlandako Scoil Rince Mohbí, Mexikoko Tonalli Ambar eta Indonesiako SMP AL Ikhlas Yakarta taldeak arituko dira, nola ez, etxeko Eraiki dantza taldeko txikiekin batera.

"Urtero bezala, eta gure ahalmenen neurrian, beste zenbait jaialdirekin elkarlanean, ahalik eta folklore erakustaldi anitzena biltzen saiatu gara", esan zuen atzo Eraikiko presidente den Oskar Lucasek.

Aurten ere, jaialdian dena ondo joan dadin, "100 lagunetik gora ariko dira antolaketa lanetan, Gaztelu Zahar eskola aterpetxe bihurtuz eta taldeen beharrak atenditzeko".

Iñaki Etxepare, Aitor Kerejeta eta Esther Barandiaran, atzo, Hondarribia Musika&Arts jaialdi berriaren aurkezpenean

Iñaki Etxepare, Aitor Kerejeta eta Esther Barandiaran, atzo, Hondarribia Musika&Arts jaialdi berriaren aurkezpenean (X. S. )

Dokumentuaren akzioak