Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gazteen aldia

Dokumentuaren akzioak

Gazteen aldia

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2005/09/14

Gazteak izanen dira gaurko protagonistak Maitaldian. 17 eta 21 urte arte dantzariak, Espainiako Dantza Konpainia Nazionaletik etorriak. Profesionalak bilakatzeko bidean daude guztiak, Nacho Duato koreografo famatua zuzendari dutela. Bi urte irauten duten ikasketa berezi hauen helburua da preseski gazteak bizi profesionalerako formatzea. Begi-keinu bat nolazpait, berrikitan ateak zabaldu dituen Donostiako gazte konpainiari, Filgi Claverie Maitaldiko programatzaileak esplikatzen zuenez. Gazte konpainia bat zer egiteko gai izan daiteken erakusteko parada izanen da hain zuzen gau honetan. Batez ere ikusirik Madrildik heldu gazte hauen mailak ez duela profesional konpainienaz jelos izaterik. Nacho Duatok erdi irriz dioen bezala: «Edozein gisaz, ona ez dena ez dugu onartzen taldean». Teknika biziki garbia eta segurua dute. Gazteak izatea gainera, Duatoren ustez, ahulezia bat baino gehiago, indar bat gehitzen dio lanari: «Ikasteko gogo handiarekin daude baita izugarriko energiarekin ere. Eta hori azkar nabaritzen da. Publikoa ezin da hotz gelditu horren aurrean». Horregatik du justuki koreografoak gazteekin lanean hartzea gustukoa. Duato berak zuen sortu konpainia 1999an. Miarritzera hiru obrekin heldu dira. Hirurak garaikideak. «Azken hamar urte hauetan egin dudanaren hari beretik doaz hiruak», zehaztu zuen Duatok. Arenal eta Rassemblement 1989 eta 1990an asmatu koreografiak dira eta L'Amoroso iaz moldatu zuen. Gazte konpainiarentzat pentsatua justuki. «Hiruak zuzenean mintzo dira publikoari. Musikalak dira oso eta musika polita dute gainera. Emozioz beteak daudela erran daiteke. Biziki naturalak dira, organikoak», esplikatu zuen Duatok. Oro har, dantza da nagusi, Duatok azpimarratzen duen bezala: « Dantza ikusgarri zenbaitzuetatik dantzarik ikusi gabe ateratzen zara. Denetarik ikusten duzu, dantza ez ezik. Hemen aldiz, ez da horrelakorik. Dantza da protagonista nagusia». L'Amoroso gaztetasunaren dinamismoa eta inuzentzia goraipatzen baditu, Rassemblementek arrazakeriaz mintzo da. Eta artetik, Arsenal izenburua duen obrak Mediterraneo itsasoa gogora ekarriko du Maria del Mar Bonetek a capella abestu Mallorkako kantuak entzutera emanen dituztela.Biharko eguna ez da Duatoren ikasleen emanaldian bakarrik mugatuko. 19:00etan Marseillatik jin Kelemenis konpainiak emanen du berea. Kelemenis koreografoak zuzentzen du. Besame mucho era orotako musuetaz mintzo bada, Anthere beste ikuskizuna aldiz, Ihesaz mintzo da.











Gaurko egitaraua



12:00: Kelemenis konpainiaren errepika publikoaren aitzinean, baratze publikoan. (sarrera doan).



15:00: Film dokumentala dantzari buruz, Arte telebista katearen eskutik: Dominique Mercyk Pina Bausch dantzatzen du, Mediatekan.



19:00: Kelemenis konpainiak emanik Bésame mucho eta Anthere dantza ikusgarriak, Herriko Kasinoan.



21:00: Espainiako Dantza Konpainia Nazional Gazteak emanik, Arenal, L'Amoroso eta Rassemblement, Gare du Midi aretoan.

Dokumentuaren akzioak