Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gaztediko 120 dantzarik Santutxuko kaleetara ekarriko dute Luzaideko inauteria

Dokumentuaren akzioak

Gaztediko 120 dantzarik Santutxuko kaleetara ekarriko dute Luzaideko inauteria

Aurten 55 urte beteko ditu dantza talde mahatsorriak

Egilea
Nerea Aburto
Komunikabidea
Berton
Mota
Albistea
Data
2006/03/03

Gaztedi, Bilboko dantza talderik beteranoenak, 55 urte beteko ditu aurten eta otsailaren 26an, Bilboko Zazpi Kaleetan antzeztu duten Luzaideko inauteri handi batekin hasi dituzte urtebetetze honen ospakizunak. Ziurrenik, talde bakarreko dantzariekin sekula ospatu den inauteririk handiena izango da Santutxukoek antolatu duten hau. Guztira 15 eta 60 urte bitarteko 54 bikotek parte hartzeaz gain, inauteri konpartsaren pertsonaia guztiek ere parte hartzen baitute: zaldiak eta zaldunak, zapurrak, gorriak, banderariak, basandereak, erraldoiak, ...

Bilboko ikuskizunean, musikaz Sama-Siku fanfarrea arduratu da eta eurekin batera Gaztedi dantza taldeko gaitero eta gainontzeko musikariak aritu dira. Ikuskizun honen estreinaldia Bilboko Zapi Kaleetan izan da, eta aste geroago, Santutxuko inauterien bezperan, auzoko kaleetatik antzeztuko dute berriro, Udalak bultzatutako dantza egitarauaren barne.

Orain dela bost urte ospatutako urteurrenean, Gaztedikoek taldetik pasatutako adin guztietako dantzariak bildu zituzten eta aurten ere antzeko zerbait errepikatzeko gogoak piztu zitzaizkien, hain esperientzia gustagarria izan zen denentzat. Eta 1990ean, taldeak partaide kopuru eskasagatik krisialdian zegoenean, hogeita lau bikoterekin antolatu zuten Luzaideko inauteria izan zenez jendea berriro dantza taldera hurbildu zuena... antzeko zerbait antolatzea bururatu zitzaien.

Urtarrilean hasitako entseguek otsailean izan dute euren emaitza eta ordu betez Bilboko Alde Zaharretik kalejiran ibili eta gero Plaza Berrian antzeztu zuten inauteria hilaren hogeita seian. Santutxun, Briñas eskolan antzeztuko dute seguruenik inauteria eta kalejiran, Sama Siku biran izango denez Frantzian barrena, fanfarreko zenbait beteranok sortu duten beste fanfarre batek lagunduko ditu Gaztedikoak kaleetan zehar .



DONIBANE GAUA

Baina Luzaideko inauteriaren ikuskizuna ez da Gaztedik aurten ospatuko duen ekintza bakarra, urtemuga dela eta ekintza erraldoi honi beste batzuk gehituko baitzaizkio 2006 urtean zehar. Besteak beste, 2000 urtean Euskeria abesbatzarekin arrakastaz estreinatu zuten ‘Euskal Herria. Dantza eta kanta egiten duen herria’ ikuskizuna, ekainean, San Joan gauean, Santutxuko Karmelo plazan berreskuratuko dute.

Ekainaren 24ean dantzari gazteen eta umeen txanda izango da. Hauek, urtero senide eta auzotarren aurrean eskaintzen duten ikasturte bukaerako ikuskizuna, bezperako baliabideak erabiliz emango dute Karmelo plazan, horrela euren urteurreneko ospakizun berezia ere izango dutelarik.

Uztailean, Urdiñarbeko herriaren maskarada Santutxun izango da eta, hil horretan bertan Gaztedikoek Bilboko Arriaga plazan Mallorkako Artá herriko taldearen emanaldia antolatu dute, hain zuzen, talde horrekin truke kulturala egiteko asmoa daukate eta. Portugaleteko Nazioarteko Folklore jaialdira etorriko den talde bat eta Gaztedikoak ere Mallorkakoekin batera arituko dira ikuskizun horretan.

Hori dena gutxi balitz, urrian oraindik zehaztu gabe dagoen kultur aste bat antolatzeko asmoa darabiltzate Gaztedikoek eta ospakizun guztiekin bukatzeko, urtemuga guztietan egin ohi duten bezala, berrogeita hamabost urte hauetan helduen taldeko kide izan diren guztiekin bazkaria egin eta erromeria bat antolatuko dute auzoan.

Gaztedi dantza taldea 1951n jaio zen eta 55 urte hauetan gora behera handiak bizi izan ditu; azkenekoa, Karmeldarrek Gaztediren egoitza betidanik izan den Karmelo elizaren ondoko eraikina Bilboko Udalari lehenengo eta gero honek Bizkaiko Foru Aldundiari eman izana. Gertaera horrek, Udalarekin izandako negoziazio luze baten ondoren lokal batzuen lagatze konbenio bat sinatzea suposatu dio taldeari. 2004ko urritik Gaztedi taldeak han egiten ditu bere entsegu, bilera, batzarrak … eta aurten, auzoko ospakizunak Santutxu kaleko inguru hartara hurbildu nahian, bertatik hasiko dute inauterietako kalejira. Horrela garai berriei egokituz eta etorkizunean ere urteak betetzen jarraitzeko asmo eta itxaropenarekin.

Dokumentuaren akzioak