Udako Santutxu Kolorea egitarauaren baitan kaleak alaitu dituzte berriki dantzarekin, musikarekin zein erraldoien kalejirekin. Orain, datorren ikasturterako matrikulazioa martxan jarri berri dute. Dena den, bien bitartean ez dira geldirik egongo; besteak beste, San Juan bezperan zein uztailean izango diren Santutxuko Jaietan beren alea jarriko dute, beti bezala.
“Gaztedi Dantzari Taldea 1951. urtean sortu zen Karmeloko elizaren inguruan, Aita Txanton Goiria karmeldarraren erantzukizunpean; haren sen euskaltzale eta egonezinari zor zaio taldearen eraketa eta izatea bera”; halaxe jasotzen du dantza taldearen webgunean historiari eskainitako atalak. Garai hartan Bizkaiko dantza talde antolatu bakarra eta entzutetsuenetakoa zen Bilboko Dindirriren laguntza izan zuen hasierako urratsak emateko. Santutxuarrek Grupo de Danzas Vascas de la Juventud del Carmelo y Praga de Begoña izenpean egin zuten lehenengo emanaldia, baina bi urte beranduago Talde Gazte izena hartu zuen, eta gerora bilakatu zen Gaztedi.
Loreak zein arantzak bidean
Gaztediko kide Jurgi Arrietak gogorarazi duenez, oinarri-oinarritik hasi behar izan zuten bidea hasierako belaunaldikoek, aipatutako Dindirri taldekoen eskutik ikasi zituztelarik lehenengo dantzak. Bizkaiko dantzekin hasi ziren, eta gerora gainerako lurraldeetara jo zuten, han-hemengo dantzak ikastera. “Pixkanaka errepertorioa osatzen” joan da Gaztedi, Arrietaren esanetan, eta prozesua ez da oraindik amaitu: “Euskal Herriko folklorea oso zabala da. Beraz, ezinezkoa da alde guztietara iristea. Baina zazpi euskal lurraldetako dantzak jorratzen ditugu, eta saiatzen gara ahalik eta gehien egiten, nahiz eta argi dagoen denak ezin ditugula ehuneko ehunean jorratu une berean”.
"Zazpi euskal lurraldetako dantzak jorratzen ditugu, eta saiatzen gara ahalik eta gehien egiten"
Ikasteko eta euskal kultura bere zabaltasunean ezagutu eta partekatzeko grin horrek ospe handia ekarri zion bere garaian Gaztediri, oraindik ere baduena. Hala ere, gorabeherarik ere izan da taldearen historian zehar. Aipagarria da, esaterako, 70eko hamarkadan dantzarien belaunaldi erreleboak huts egin izana. Hala, aldi baterako Gorantza taldearekin batu behar izan ziren bien biziraupena bermatu ahal izateko, gerora bakoitzak bere bidea jarraitu zuen arren. Garai hartan, bestalde, karmeldarrekiko lotura eten eta modu autonomoan jarduten hasi zen Gaztedi. Trantsizioko urteen etorrerak egoera onbideratu zuen, Francoren diktadurapean euskal kulturaren edota ikurrina bezalako sinboloen gain zegoen jazarpena malgutu zelarik eta jai herrikoiak berreskuratzeak hainbat ekitaldi egiteko aukera ekarri zuelarik.
80ko hamarkadan, aldiz, beste krisialdi bat etorri zen. Are, taldea mutilik gabe geratu zen 1985ean, 35 urte betetzear zenean. Hain zuzen, urteurrenaren ostean ikusi ziren biziberritzearen lehen zantzuak. Indar horrek beteranoak ere berriro erakarri zituen taldearen bueltara, eta elkarlanaren bidetik egin zuten aurrera.
Hurrengo hamarkadetan, ostera, urte oparoak bizi izan zituzten, lanaren, konstantziaren eta ekimenaren fruitu: Zuberoako maskaradak egin zituzten, txaranga jarri zuten martxan, nazioarteko jaialdi eta topaketetan parte hartu zuten… Eta horrela iritsi zen 50. urtemuga.
Taldea mutilik gabe geratu zen 1985ean
Mende berriaren hasieran, ordura arte Gaztediren lokala izan zena, Karmelo kalekoa, utzi behar izan zuten dantzariek. Izan ere, erlijio ordenak udalari eman zion lokala. Gaur egun Santutxu kalean daude, udalak lagatako lokal batean. Gorabeherak gorabehera, baina, urte haietan eta hurrengoetan dantzariek dantzari izaten jarraitu zuten, han-hemenka emanaldiak eskaini zituztelarik eta auzoko zein hiriko ekitaldietan aktiboki jardun zutelarik. Azken hamarkadan ere bide beretik jarraitu du taldeak, eta bizi izandako berrikuntzen artean, auzoko Mairuek Erraldoien Konpartsa dantzari taldearen parte izatera pasa zen. 2016an, Gaztedik 65. urteurrena ospatu zuenean, ez zuten berehalakoan aurreikusiko ordutik eta 70. urtemugako ospakizunetara bitartean pandemia batek mundua hankaz gora jarriko zuenik.
Dantzaren sokak jarrai dezan
Duela bizpahiru hamarkada euskal dantzek, oro har, sasoi oparoa izan bazuten ere, talde askoren kasuan jende kopurua murrizten joan da azkenaldian. Gaztedin ere igarri dute aldaketa zentzu horretan, eta pandemiak ez du lagundu, neska-mutikoen jarraikortasuna eten baitu. “Gu gure aurrekoei esker garen bezala, umeak etorkizuna dira”, azpimarratu dute taldekideek.
Beherakada eragin duten faktoreen artean, eskolaz kanpoko ekintzen eskaintza asko areagotu izana aipatu dute. Neska-mutikoek hainbat aukera dituzte eskura, hala nola hizkuntza akademiak, kirolak, eskulanak… Garai batean, ordea, dantza zen jarduera nagusia, eta ikasgela bakoitzeko haur asko eta asko biltzen ziren, Jurgi Arrietak gogoan duenez: “Lehen askoz ere ezagunagoa zen hori bigarren planora pasa da orain. Baina dena bezala, nik uste. Militantzia politikoa ere gutxituz doa, euskararena ere bai… Borroka kulturala ere estankatu da. Badirudi lasaitu garela, dena eginda dagoela”. Hala, aurten irailetik ekainera aurreratu dute matrikulazioa, ikusteko ea jende gehiago animatzen den.
"Erroa mantentzea garrantzitsua da, baina eboluzioa ere badago"
Faktore horrez gain, baina, gazteen partetik folklorearekiko ikuspegia neurri batean aldatu dela diote, jada ez dela erakargarria. Folklorea ondarea dela eta herriaren parte dela azpimarratuta, militantzia kulturalaren garrantzia nabarmendu dute dantzari gazteek. “Kultura maitatzea, balorea ematea eta erakutsi nahi izatea” dira militantzia horren oinarriak, eta transmisioa bermatzeko euren alea jartzen dihardute.
Kultura, nola ez, gizartearen isla ere bada nolabait, eta mintzagai dugun gaira etorrita, euskal dantzek hainbat balorerekin lotura daukatela dio Jurgi Arrietak, hala nola talde baten parte izatearekin, elkarlanarekin eta konpromisoarekin. Folklorea ere, beraz, jendartearen eboluzioarekin batera moldatuz joaten da: “Lehen emakumeek plazaratzen ez zituzten hainbat dantza orain egiten dira, beste dantza batzuekin nahastea noizbehinka ere ondo ikusten da… Erroa mantentzea garrantzitsua da, baina eboluzioa ere badago”.
Hala, aldaketok hausnarketa eta denbora eskatzen dute, baina badatoz gutxinaka. Gazteek ere badute eguneratzeko grina hori, eta uste dute, gizon-emakumeen auzian esaterako, naturalki etorriko direla aldaketak, pentsamoldearekin batera eta, gainera, egoerak hala eskatuta. “Ziur denok amaituko dugula guztia dantzatzen. Ezin da bestela izan. Hala ere, gero eta mutil gutxiago gaude orokorrean. Orduan, aldaketa hori etorri beharko da, bestela mutil dantza guztiak desagertuko baitira. Eta hori ere ezin da galdu. Hortaz, zer zentzu dauka?”, hausnartu du Arrietak.
Asanblea bidezko antolaketa
Talde handia izanagatik, modu asanblearioan funtzionatzen du Gaztedik; halaxe egin izan dute beti. Gaur egun 60 bat haur eta 30 bat dantzari helduk dihardute aktiboki taldean, musikariez eta Mairuek Erraldoi Taldeaz gain. Bilerak egiten dituzte, ardurak guztien artean banatu, egin beharrekoak elkarrekin adostu…
Belaunaldi guztiak batuko dituzte urte amaieran Arriaga Antzokian egingo duten dantzaldi berezian
Nola ez, urteurrenerako ospakizunen antolaketa ere bide beretik doa. Hala, egun dantzari taldean diharduten hainbat gaztek talde motore berezia osatu dute zeregin guztiak koordinatzeko asmoz. Aipatu behar da ekintza horiek prestatzeko lehenengo bilera 2020ko urtarrilean egin zutela. Bistan denez, uste baino gehiago luzatu dira denborak. Izan ere, dantzari belaunaldi guztiekin adostuta erabaki zuten iaz halamoduzko zerbait egin baino, urteurren borobilak merezi zuela apur bat itxaron eta behar bezala ospatu ahal izatea.
Urteurreneko ospakizunak koordinatzen ari den talde motoreko dantzari gazteak
Hala, 2021eko azaroan, hau da, urteurrenaren data “ofizialaren” bueltan, 200 pertsona inguru batu zituen otordua egin zuten, baina aurten ekin diete kanpora begirako ekitaldiei. Hilero-hilero ekitaldi berezi bat antolatzen ari dira. Orain arte egin dituztenen artean daude Jantzari dokumentalaren aurkezpena, argazki erakusketa berezia metroan, Gora Gaztedi abestia… Udazkenean, berriz, urtea itxi eta ospakizunak borobiltzeko asmoz, usadioz Eusko Ederti izendatutako dantzaldi berezia egingo dute Arriaga Antzokian. Belaunaldi guztiak batuko dituzte hitzordu horretan, eta badira dagoeneko entsegutan hasiak direnak.