Dokumentuaren akzioak
Gazte Mailako IV. Aurresku Txapelketa Nagusia, igandean
1990eko hamarkadan Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko kideak Aurresku Liga antolatzen hasi ziren. Urte horietan sartu duten berrikuntza nabarmenena liga bateratu bat sortzea izan da. 2018-2019 denboralditik, neska-mutilek batera lehiatzen dute, eta egiten den banaketa soilik adinaren araberakoa da. Aurresku Liga horretan, dantzari bakoitzak hiru sailkatze txapelketetan hartzen du parte, eta bakoitzean lortutako sailkapenaren arabera, puntu batzuk eskuratzen ditu. Puntu horiek sailkapenera batzen dira, eta ongien sailkatu diren dantzariak finalerako klasifikatzen dira. Final horren xehetasunak eta funtzionamendua gaur goizean azaldu dituzte Estibalitz Iturria Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko koordinatzaileak, Jon Dorronsoro Legazpiko Sustraiak Dantza Taldeko kideak eta Juantxo Maia Errenteria-Oreretako Erein Elkarteko kideak.
Final horiek asteburu honetan jokatuko dira, Gazte Mailako Aurresku Txapelketa Nagusia bezala ezagutzen dena. Aurtengoa izango da txapelketa horren laugarren edizioa. Final horietan 2007 eta 2014 urteen artean jaiotako dantzariek hartuko dute parte, eta gazte horiek hiru multzotan banatu dituzte adinaren arabera: A, B eta D kategoriak. A multzoan 2012, 2013 eta 2014 urteetan jaiotako gazteak daude; B kategorian 2009, 2010 eta 2011 urteetan jaiotakoak; eta D taldean, berriz, helduenak, 2007 eta 2008 urteetako gazteak.
Finalak, bi herritan
Aurresku Txapelketa Nagusiko final horiek bi udalerritan izango dira: larunbatean Legazpin, eta igandean, Errenteria-Oreretan. Guztira, 55 dantzarik hartuko dute parte bi egun horietan. Legazpiko saioa 16:30ean hasiko da herriko azokan, eta D saileko dantzariek hartuko dute parte Sustraiak Dantza Taldeak antolatu duen dantzaldian. Goiz Deia txistulari taldearen laguntzaz, dantzariek Betronio handia, Aurkez aurke eta Agurra dantzatuko dituzte.
Bigarren saioa, berriz, gurean izango da, Errenteria-Oreretan, eta Erein Elkarteak antolatu du. Lehia igandean izango da, 11:30ean, Niessen Kulturgunean. Oreretako saioan A eta B saileko dantzariak ariko dira nor baino nor. Donibaneko Itsas Mendi txistulari taldearen laguntzaz, A multzoko gazteek Ormatxulo eta Agurra dantzatuko dituzte; eta B taldekoek, Hondarribi handia eta Segurako zortziko zaharra.
Dokumentuaren akzioak