Zinemaldian erakutsiko duzue Dantza, Glocal in progress sailean, baina sektoreko profesionalen aurrean bakarrik.
Zinemaldiaren barruan Cine en construccion saila dago, koprodukzio bila dauden bukatu gabeko filmeentzat. Aurten, berrikuntza gisa, oso antzekoa den sail bat antolatu dute, baina hizkuntza ez hegemonikoentzat; hau da, ingelesa, frantsesa, gaztelania eta hizkuntza nagusikoak ez direnentzat. Bertara aurkeztu ginen, post-produkzioko lanak ematen dituztelako sari bezala, eta hautatu egin gaituzte. Hilaren 26an emango dute, 15:30ean, baina akreditatuentzat bakarrik izango da.
Sari bat egongo da, baina profesionalen aurrean erakustea jada garrantzitsua da, ezta?
Azkenean, saria baino gehiago interesatzen zaigu leihoak zabaltzea. Filma nahiko berezia da, eta nahiko arazo izan ditugu prozesu guztian finantziazioa lortzeko, eta pentsatu genuen erakusleiho polita izan zitekeela sail hori kanpora zabaltzeko; batez ere, banatzaileentzat eta beste zinema jaialdientzat. Ikusiko dugu zer gertatzen den.
Alde horretatik, sail hau giltzarri izan daiteke?
Guk baietz uste dugu. Orain arte egindako lanarekin gustura gaude, gainera. Filma bukatzeko dago: bukaera filmatzea falta zaio, eta hori abenduan egingo dugu. Beste guztia ikus daiteke, eta , behintzat, neurtuko dugu ea erakargarria den hemendik kanpo. Nik proiektuak ongi funtzionatuko duen esperantza dut.
Ezohiko film bat da argi eta garbi. Ez da bakarrik euskal dantzari buruzkoa delako, baizik eta dantza bidez kontatzen delako istorioa.
Hori da. Hitzak dantzagatik ordezkatu ditugu, eta estetikoki ere oso berezia da; Koldobika Jauregiren lana hor dago islatuta. Betiko dantzak dira, baina ez daude beti bezala emanda. Normalean, ohituta gaude leku batetik emanaldi oso bat ikustera, eta zinemak ikuspuntua aldatzeko aukera ematen dizu, beste modu batera eskainiz. Nahiko espazio bitxietan filmatu dugu, argazki on batekin eta diseinu erakargarriarekin, eta, alde horretatik, potentziala duela uste dut. Oraindik musika nahiz soinu guztia lantzea falta zaigu, eta horrek areagotu egingo du filmaren ahalmena.
Ez da film musikal bat bere horretan...
Musikal bat da, azkenean. Kontua da musikala esaten dugunean La la land etortzen zaigula burura, eta ez da horrelakoa. Dantza da ikusgai denbora osoan, baina ez da ezagutzen dugun musikal mota hori. Carlos Saurak egiten dituen filmeekin zerikusia izan dezake: garai bateko Amor brujorekin izan dezake antzik gehien. Akira Kurosawaren Ametsak lanarekin ere badu antzekotasun pixka bat zenbait puntutan. Adibidez, Sauraren Jota ikusi nuen azkena, eta toki ezberdinetako jotak bildu zituen elkarren segidan, inolako loturarik gabe. Guk, ordea, lotura bat eman diogu, dantzaren bitartez istorio bat kontatzeko.
Hiruko bat zaudete proiektu honen atzean: Juan Antonio Urbeltz, Koldobika Jauregi eta zu zeu. Hiruron artean halako bideosormen handi baten apustua egin duzuela dirudi.
Bai, hori da. Filma nik zuzentzen dut eta nik erabaki dut zer kontatu eta zer dantza aukeratu, baina horretarako Juan Antonioren dantzari buruzko hipotesiak eta urteetan egindako lan guztia erabili ditut, batetik, eta Koldobikaren mundu bisuala, bestetik. Beraz, hiru ardatz dituen pelikula bat da.
Oso bisuala izango da, beraz.
Helburua da gauza eder bat egitea, ikusle bezala ongi sentiarazten dizuna. Gero, betiko zalantzak izaten dituzu... Ordu eta erdi dantzan denez, jasango al du jendeak? Beno, nik uste dut baietz.
Dantzarekiko zaletasun handirik ez duen ikusleari nekeza egingo zaiola uste al duzu?
Ez dut uste. Ikusten ari zarena oso polita da, eta oso ongi dantzatua dago. Nire iritziz oso erakargarria da, baina, noski, ni kutsatuta nago, urte dezente daramatzatelako proiektu honekin. Baina orain arte erakutsi diogun jendeari gustatu zaio. Adibidez, Glocal in progress sailerako proiektu dezente aurkeztu ziren, eta hiru besterik ez dituzte hautatu; eta, tartean, gurea. Horrek esan nahi du erakargarritasun bat baduela, Zinemaldiak berak hautatu duelako eta proiektua gustatu zaielako. Ondoren zer gertatuko den? Hori jada ez dakigu, eta ez dago gure esku. Buruan duguna ahalik eta txukunen egingo dugu, eta ea asmatzen dugun!
Orain arte egin dituzun filmeekin hausten du honek. Erabat ezberdina da. Zure proiekturik anbiziosoena litzateke?
Ez dakit anbiziosoena den... Pertsonalena izan daiteke. Azken finean, ni dantzaria naiz, eta nire bi munduak lotzen ditut pelikula honekin. Zalantzarik gabe, konplikatuena bada, eta, agian, izango da anbiziosoena ere. Orain arte egin dudanarekin alderatuta, zeharo diferentea da. Orain arte umorezko lan asko egin dut, eta Urteberri on, amona! filmarekin umoretik dramara pasatzen ginen istorioaren erdian. Hau ezberdina da guztiz.
Dantzaria izanda, dantzarekiko zor bat al zeneukan?
Txikitatik naiz dantzaria, eta dantzaren ondoren hasi nintzen zinema egiten. Beti pentsatu izan dut euskal dantzarekin bazegoela zer egina. Koldobikak ere bazuen asmo hori buruan, eta horrela heldu genion gaiari. Urteberri on, amona! filmatzen bukatu eta berehala hasi ginen honekin, duela zazpi bat urte. Gero, proiektua mamitzeak bere lanak eman dizkigu, baina oso geldirik egon gara finantziazioagatik. Pelikula berezia denez, arazo asko izan ditu zentzu horretan; batez ere, ez zegoelako garbi non kokatu behar den. Baina aurrera goaz proiektuarekin, eta hori da garrantzitsuena.
Elkarrizketaren batean esana duzu «euskal folkloreari merezi duen tokia» eman nahi diola film honek.
Beno, ez dut uste horrela esan nuenik, baina egia da folklorea beti hor dagoela eta balioa eman behar zaiola. Gure dantzak munduan zehar saldu behar dira. Beti pertsatu izan dut gure dantzak oso bereziak direla, agian antzekotasun handia dute beste herrialdeetako dantzekin. Ezpata dantzak, esaterako, Europa eta Asia osoan; zinta dantza, berriz, Ipar Ameriketan. Orduan, horrek ematen dit esperantza. Alegia, hemengoa izanda ere, herrialde askotako pelikula izan daitekeela. Azkenean, dantza gauzak kontatzeko modu bat da, eta hori unibertsala da.
Folklorea usadioarekin eta tradizioarekin lotzen da, baina Dantzak badu ikuspegi berritzaile edo iraultzaile bat.
Betiko dantzak dira beste modu batera kontatuta, beste janzkera batekin eta espazio ezberdin batzuetan. Dantza bakoitzak bere puntua du, eta zerbait kontatu behar du pelikulan zehar. Horrek ematen dio berrikuntza.
Bizitzaren zikloa eta gizakiaren eboluzioa duzue kontagai dantzaren bitartez. Erronka zaila izan al da?
Istorio oso lineala da. Herri baten istorioa, alegia: herri bat lanean hasten da; lanak fruitua ematen du; fruitu hori babestu egin behar da, gure kasuan sagarra dena; sagarrarekin lortzen da sagardoa; sagardoa eginda dagoenean festa hasten da; eta, ondoren, harremanak hasten dira. Nolabait esateko, bizitzaren zikloa da. Pelikulan saiatu gara kontakizuna aro ezberdinetan kokatzen, eta horrek transmititzen du herri baten istorioa.
Adin guztietako 250 dantzarik parte hartu dute proiektuan. Kopuru adierazgarria benetan.
Leitzan filmatutako zatian izan genuen kopuru handiena, 200 dantzarirekin. Juan Antonioren Argia dantza taldearekin hasi ginen, baina Argiaren ikuskizunetan Iruñeko Duguna, Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz edota Portugaleteko Elai Alai taldeak ere sartuta daude. Eta 200 horietan Zarauzko dantzariak izan ziren –Jalgikoak eta lehengo Iratzarrikoak–, baita Lasartekoak, Usurbilgoak eta Gasteizkoak ere.
Eta zu zeu animatu al zara filmean dantzan egitera?
Horretarako pelikula ikusi beharko da, kar-kar-kar!
Dokumentuaren akzioak
«Gauzak kontatzeko modu bat da dantza, eta hori unibertsala da»
Datorren udaberrirako bukatu nahi du Telmo Esnal zinemagileak (Zarautz, 1966) Dantza filma; gero, noiz estreinatuko den beste kontu bat dela dio. Bien bitartean, Donostiako Zinemaldiko Glocal in progress sailean hartuko du parte.
Dokumentuaren akzioak