Dokumentuaren akzioak
«Gauza bakarra falta izan zait: denbora»
Nina Ananiashvili. Georgiako Estatuko Balleteko zuzendaria
Ballet izar distiratsuenetakoa da Nina Ananiashvili (Tbilisi, Georgia, 1963). 2009an agur esan zion ABT teatroari (New York), modu gogoangarrian agurtu ere. Ikusleek 50 minutuz txalotu zuten agurreko dantza ikuskizuna. 2004an, Georgiako presidenteak hala eskatuta, Estatuko Balletaren zuzendari kargua hartu zuen. Egun, munduko eskola onenetan ikasitakoa erakusten die gazteei.
Sumatzen al duzu jendearen aurrean dantzan egitearen falta?
Ez lehen beste, noski, baina oraindik ere dantzatzen dut noizean behin. Georgian, Japonian... Orain hilabete Errusiara joan nintzen. Zaila da sasoian mantentzea; hori da gogorrena, baina ez dago besterik.
Aro berriko dantzaririk entzutetsuenetakoa izan zara. Urte haietan gertutik sentitu al zenuen publikoaren berotasuna?
Bai. Hogeita hamar urte zoragarri izan dira. Beti dantzatu dut leporaino beteta zeuden antzezlekuetan; Bolshoi [Mosku], Covent Garden [Londres], Metropolitan Opera House [New York] eta munduko edozein teatro txikitan. Jende zoragarria ezagutu dut. Zorte handia izan dut, eskola oso onetan ikasi nuelako eta irakasle bikainak izan ditudalako. Gauza bakarra falta izan zait: denbora.
Mundua ikusteko?
Nire garaian oraindik SESB existitzen zen. 1988an, Gorbatxevekin, askatasun haize bat iritsi zen. Atzerrira bidaiatzen hasi nintzen taldekideekin, ez bakarrik Bolshoi konpainiarekin. Danimarkara, Estatu Batuetara... Gobernuaren baimenik behar ez nuenez gehiago, aske sentitu nintzen nahi nuena eta nahi nuenarekin dantzatzeko.
Bizitza zeharo aldatuko zitzaizun.
Londresen Ben Stevenson ezagutu nuen. Carlos Acosta Houstonen. ABTn koreografo zoragarriekin izan nintzen. Bestelako bizimodua zen. Senarrarekin hilabetez bidaiatu nezakeen oporretan. Hori, lehen, amestu ere ezin zitekeen egin.
Bolshoin ikasitako guztia orain zu ari zara irakasten gazteei.
Beti izan dut irakasteko gogoa. Moskun irakasle paregabeak izan nituen. Raisa Strutxkova, 23 urtez. Errepertorio guztia harekin prestatu nuen. Orain, maite dut irakastea. Balleta oso espezifikoa da. Ikas dezakezu instrumentu bat zure kabuz jotzen; balleta ezinezkoa da. Behar duzu zuzenduko zaituen norbait. Ezin da liburuetatik dena ikasi. Xehetasun txikiak irakatsi egiten dira. Haur bat ikusten dudanean, jakin behar dut zer irakatsi, niri balio izan didanak agian ez diolako berari balio. Pertsona bakoitza ezberdina da. Artistak izan behar dugu. Teknikoki, Txinako zirkua ikusgarria da, baina balleta hori baino gehiago da.
Orain harro zabaltzen al duzue Georgiaren izena munduan zehar?
Gure herria ordezkatzen dugu. Lehen, Errusiako ballet dantzaria nintzen, nire eskola hura izan zelako. Baina georgiarra naiz, eta georgiar hilko naiz. Orain irakasten ari naizenak oinarri errusiarrak ditu. Eskola ezin hobea da; haurrei irakasteko metodologia punta-puntakoa da. Errusiakoa, Frantziakoa, Danimarkakoa... horiek eskola ezberdinak dira, baina ez diot garrantzirik ematen. Gaur egun, hiri guztietako konpainiek maila handia dute. Egia da orain lan gisa ikusten dutela askok eta lehen pasio kontua zela.
Zure ikasleek badute non ikusi euren buruak.
Lehen, agertokira igotzen nintzen ballet dantzaria nintzen. Denek maite ninduten. Orain, zuzendari artistikoa naiz; beraz, aldatu egin da harremana. Nire arauak ditut, eta lehena diziplina da. Haientzat ez da erraza, ezta niretzat ere, pertsona biguna naizelako. Baina saiatzen naiz haientzat eredugarria izaten.
Patinatzaile izan nahi zenuen umetan, harik eta The Dying Swan pieza ezagutu zenuen arte.
Bai, izotz patinajea egiten nuenean pieza hori dantzatzen nuen. Irakasleak balletean probatzeko eskatu zidan, eta geroztik... Halere, oso zaila da pieza hori ondo dantzatzea.
Dokumentuaren akzioak