Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gaurtik igandera, kontzertuak, txistua eta dantza Trintxerpen

Dokumentuaren akzioak

Gaurtik igandera, kontzertuak, txistua eta dantza Trintxerpen

Asteburu osoa hartuko duen egitaraua prestatu du Illunbe Musika Elkarteak, 50. urteurrena ospatzen jarraitzeko. Azaroa koruen hilabetea izango da, eta abenduan bukatuko dute ospakizunekin.
Egilea
Olaia Gerendiain Ruiz de Gauna
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Pasaia
Mota
Albistea
Data
2022/10/07
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

 

Joan den asteartean egin zuten arduradunek asteburuko egitarauaren aurkezpena, Andonaegi Jauregian.

Mende erdia bete du aurten Illunbe Musika Elkarteak, eta gogotik ospatzen ari dira. Urtea indarrez hasi zuten; dantza eta musika aitzaki, milatik gora lagunek bisitatu dute jada Trintxerpe, urteurrenaren harira antolatutakoekin bat egiteko. Ospaturikoen artean, sona bereziki handikoa izan zen Musikaldia, Euskal Herriko Musika Eskolen jaia. Eskola horietako 2.400dik gora ikaslek musikaz blaitu zuten badia ekainean.

Uda hastearekin urte osoko egitarauari «tregoa txiki bat» eman ziotela esan du Juanje Neira elkarteko presidenteak, baina ikasturtea abiatzearekin batera «pilak kargatuta» dator berriro musika plangintza. Hilero ekitaldi berriak egin nahi dituzte, eta horien berri tantaka emango dute.

Oraingoz, asteburu osorako musika proposamenak prestatu ditu Illunbek bizilagunentzat, gaur hasita: «Etxeko taldeak» Gernika plazan arituko dira, 19:15etik 22:00etara. Horra hor ordena: Kitadelpare txarangak Euskadi etorbidea zeharkatuko du plazako oholtzara iritsi arte, bertan azken doinuak jotzeko. Sindrome Norterena izango da bigarren kontzertua, punk-oi musikan oinarriturikoa, eta gero Kitadelparek 15 minutuko tarte berri bat izango du. Jarraian, Alargun Beltzak elektrotxarangaren txanda iritsiko da. Azkenak Rock Band Experience taldeko Nora eta Alfonso trintxerpetarrak izango dira.

Bihar, larunbata, Trintxerpeko XIII. Txistulari Alardea egingo dute. Aurreko egunean bezala, Gernika plazan arituko dira musikariak larunbatean ere —«logistika» arrazoiengatik hautatu dute hori, Gudarienean beharrean, Neirak azaldu duenez—. Ikusgarria izango da biharkoa ere, aurreikusi baitute 140 txistulari inguru arituko direla musika jotzen 19:30etik aurrera.

Asteburua borobiltzeko, igande eguerdian —12:30ean—, Gipuzkoako Dantza Solteko 66. Haurren Txapelketa lehiatuko da oholtza berdinean. Presidenteak nabarmendu du probintziako txapelketa ofiziala izango dela hori, eta nahiz eta Illunbek 50 urte beteko dituen aurten, badirela 66 dantza lehiaketa antolatzen hasi zirela. Urte bukaerara artekoei buruzko zenbait pista aurreratu ditu: azaroa «koruen hilabetea» izango da, eta abendua, «jaialdiaren bukaera».

Dokumentuaren akzioak