Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gaurkotasunean oinarritu kultura

Dokumentuaren akzioak

Gaurkotasunean oinarritu kultura

'WEST IBARRE SIDE STORY'-ren emanaldia.

Egilea
Nora Alberbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bunuze
Mota
Erreportajea
Data
2004/07/17

Ikusgarria bururatzean ikusle frangok ez zekiten sobera zer erran. «Ederrak ziren ba dantzak, jantziak eta... ba ba ikusgarria ederra zen...», entzun zitekeen alde batean, besteak «ba, ba...». Baina isiltasun une adierazgarriak nagusi. Ez da harritzekoa, bi ordu eta erdiz zirikatzen du ikuskizunak, oztibartarrak bereziki, baina euskadun oro azken finean, beti autoderizioa nagusi dela. Partehartzaileak berak oztibartarrak baitira. Gainera, ez da eskapa biderik West Ibarre Side Story honetan ez baita iraganeko konturik, ez, ez. Dena da gaur egungo jendeari mintzo. Haurrak dantzariz mozorrotuak direla, adibidez, Hegoak kantatzen hasten dira. Hitzak gutti gora behera ahoskatzen dituzte, egiazko bizian hain usu entzuten den moduan... «baina horrela, ez zen gehiago xoria bi zango»... Eta parean burasoak, harrokeriak hanturik, «A que c'est jolie!» frantsesez, bixtan dena. Noiztenka janzten den soinekoa bilakatua dela euskal kultura adierazten da artetik, hitza hila duen kultura.



Antinatural litezkeenak berez Pirinio Atlantikoetako Departamendua, transgenikoak edo beste hain naturalak bilakatuak direla, eta gaurko jendartean, oro har, kritika zehatz eta zuzenak botatzen ditu Mattin Irigoien antzerkiaren idazleak. Beti umorez. Antinaturaltasuna nork idurika lezake, ez bada hortzekilako oilo batek... Hara non, oilo bitxi hori ageri den, lumarik gabe!



Errandakoa, errateko moldearen bidez gauzatua Gero, egia da ederra dela ikusgarria. Taulagaina pentze erdian emana dute. Mendiek inguraturik. Bazterrak autoz estali ziren joan den asteartean, hain justu. 2.000 sartzeak saldu zituzten. 120 bat antzerkilari, dantzari, kantari eta musikariez gain, beste 150 bat herritarrek eskaini dute beren laguntza. Pastoralaren gisan, federatzaile. Baina dena den, pastoraletik guti hemen. Alderantziz, trufatzen da. Pastoraleko pertsonaien ibiltzeko eta kantatzeko manera berriz hartzen dute agerraldi batean, baina akzeleratuz.



Halere, ez du bakarrik kritikatzen obrak. Erraiten duena gauzatzen du erraiteko moldearen bitartez. Euskal dantzei eta bereziki baxenabartarrei hats berri bat ematen die, besteak beste. Bada bat artean, ikusgarria. Xuriz jantzi neskek dantza arin eta goxo bat ematen dutela, alimaleko gurutzeek lagundurik bost bat apez erdi korrika heldu zaizkie. Neska taldea inguratzen dute eta konbertitzen. Arropa infrentzuz ezartzen diete. Beltza da azpikoa. Michel Aurnague eta David Arriola bi garaztarren asmakizuna. Alabaina, apezek eta errientek, hainbat urtez herrietan jaun eta jabe izan diren hauek biltzen dute beren kritika sorta. Ikuspegiak anitzak dira. Sorkuntza oparoa. Baliabideetan ere, ez da pobrea ikuskizuna. «Mendebaldea gara gu!», oihukatzen duela errientak, Bushen irudia agertzen da pantaila handi batean. «Ekialdea han da!» ahoskatzean, Bin Laden dugu. Gaua ontsa aitzinaturik bururatzen da ikusgarria. Kantu eta dantza frango josten baitira antzerkiari. Hori bai, gaur arratsean joateko mentura dutenek ez dezatela berokia ahantz. Oztibarre hotz ibarre-ren homonimoa izaten ahal baita.

Dokumentuaren akzioak