Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zuberoako itzulia egin ondoren, gaur eskainiko dute mauletarrek Maskaradaren azken emanaldia

Dokumentuaren akzioak

Zuberoako itzulia egin ondoren, gaur eskainiko dute mauletarrek Maskaradaren azken emanaldia

XIX. mendetik Maule-Lextarrek egiten duen lehen maskaradaren azken emanaldia eskainiko dute gaur arratsaldeko lauretan hiri zaharreko arrabotean (frontoian), goizean herriko itzulia egin ondoren.

Egilea
Idoia Eraso
Komunikabidea
Gara
Tokia
Maule
Mota
Albistea
Data
2007/04/21

Gizartea zirikatzea bilatzen du maskaradak eta horren inguruan urtero eztabaidaren bat sortzen dela oroitu zuen Jaunak; aurtengoak euskara izan zuen mintzagai: «Beti bada istorioren bat. Aurten izan da euskara ikastolan ikasi dutenen eta euskara etxean ikasi dutenen artean». Galtzear dagoen zubererak Mauleko gazteen artean zer esana sortu duela esan zuen Mainhaguietek: «Ez dira ber maneraz mintzo, etxean aita eta amarekin ikasi dutenek benetako zuberera mintzo dute, besteek gehiago batuarekin antza dute. Eztabaida izan da jokularien eta ikusleen artean, bakoitzak bere ikusmoldea eman du».

Mauletarren berezitasunak

Mauleko gazteek maskarada egitea deliberatu zutenean, ahalik eta jende gehien biltzea zuten xede, horregatik autengo maskaradak besteengandik bereizten duen ikuspegia izan du. «Guk nahi genuen zabalak izan, gaiztokeririk batere gabe egin dugu eta batere izenik eman gabe, horrela jendeak jiten ahal dira lotsarik gabe maskaradaren ikusterat» azaldu zuen Daniel Mainhaguietek. Izan ere Jaunaren papera egien duenak beste hainbat emanalditan egin antzezlanetan «gaiztakeriak» izan zirela adierazi zuen. «Guk uste dugu maskaradak aldaketaren beharra zuela, horrela jende guztiak etortzeko ikustera. Batzuetan bada jendea ez dela etortzen lotsagatik. Gure maskarada ikustera jiten ahal da jende guztia inolako lotsarik gabe» baieztatu zuen mauletarren Jaunak.

Berezitasunen artean bada ere hartza-kumearen presentzia pertsonaien artean, artzaren presentzia oso ohikoa ez bada ere, orain arte hartza-kumerik ikusi gabe ginen.

Maule eta Lextarre herriak XIX. mendean elkartu zirenetik hiriburuak egiten duen lehen maskarada horrek zailtasuna izan ditu egiteko. 1947. urtean maskarada Maule-Lextarren izenean egin zuten, baina jokalarien artean ez omen zen bat bera ere hiriburukoa. Aurtengo ekimenaren garrantzia nabarmendu zuen Mainghaguietek: «Ez da aise izan mauletarrendako maskarada egitea, horregatik eta kulturaren aintzinarazteko merezi du azken emanaldia ikusterat jitea».

Sorpresa batekin bukatuko dute aurtengo denboraldia

Mauleko euskaltzaleek egin maskaradaren azken emanaldiak orain arte egin itzuliaren ispilu izanen dela azaldu zuen Daniel Mainhaguietek, Jaunaren papera egiten duenak: «Jendeak jiten ahal dira lotsarik gabe maskarada ikustera. Azken emanaldi honetan Zuberoako herrien bilduma bat eginen dugu eta joko bat ere eginen dugu horrekin».
Azken emanaldiarekin mauletarrek eginen duten jokoa sorpresa izanen dela adierazi zuen Mainhaguietek, «Joko ttipi bat ere izanen da bi hartzekin, ikusiko dugu zer emanen duen, sorpresa da, jakin nahi duenak, jin dadila ikusterat».

Dokumentuaren akzioak