Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gaur hasiko da Leioako XXII. Umore Azoka

Dokumentuaren akzioak

Gaur hasiko da Leioako XXII. Umore Azoka

Gaurtik igandera bitarte, kaleko arte eszenikoei loturiko 90 emanaldi ikusi ahalko dira herrian. 40 konpainia eta sektoreko 220 profesional inguru batuko dira, eta estreinaldi ugari izango dira, batik bat, euskal konpainienak
Egilea
Itziar Ugarte Irizar
Komunikabidea
Berria
Tokia
Leioa
Mota
Albistea
Data
2022/05/19
Lotura
Berria
Herrialde Katalanetako Maduixa konpainiak <em>Migrare</em> emango du, lau emakume migratzaileren istorioa ardatz duen ikuskizuna.
Herrialde Katalanetako Maduixa konpainiak Migrare emango du, lau emakume migratzaileren istorioa ardatz duen ikuskizuna. JUAN GABRIEL SANZ

Uda egunak hurbiltzen ari direla sumatzearekin batera hasten dira kaleko artistak herri eta hirietako plaza eta zokoetan agertzen, bai modu nabariagoan bederen. Zirkua, dantza, komedia, kale antzerkia... Zabala da kaleko arte eszenikoen eremua, eta ugaritasun eta profesionaltasun horren Euskal Herriko erakusleiho nagusietakoa da Leioako (Bizkaia) Umore Azoka. Pandemia tarteko, urte bereziak izan dira azken biak —2020an, atzeratu egin zuten, eta, iaz, irailera aldatu—, eta indarrez itzultzeko gogoa nabarmendu dute aurten antolatzaileek. «Aurtengo berrikuntzarik aipagarriena itzulera da», laburtu du Alberto Garcia azokaren koordinatzaileak. «Azokak hartzen dituen espazio publiko guztietara itzultzea; pandemiak ezarritako segurtasun neurririk gabeko egoerara itzultzea; eta [kaleko arte eszenikoetan] gaur egun dauden teknika eta fusioen aukera zabal bat eskaintzea berriz». Gaur hasiko da, bada, Leioako XXII. Umore Azoka, eta 40 konpainiak 90 emanaldi emango dituzte, herriko hamazortzi gunetan banatuta.

Konpainien erdiak izango dira Euskal Herrikoak aurten; dantzaren adarrekoak ugari. Horien artean, Dantzaz konpainiako bost kide Leioako kale, plaza eta taberna artean sartuko dira Dantzapote emanaldiarekin; Harrobia Dantza Bertikalak Harria herria ikuskizuna estreinatuko du —Oreka TXren txalapartarekin, horma eskalatu eta haren kontra dantza egingo dute lau kidek—; Maitane Sarraldek Desanuda bere azken lana aurkeztuko du, grabitaterik gabeko gorputz ugarien gainekoa; La Trapecionista konpainiak aire-dantzaz hartuko ditu karrikak, biolontxelo musikaren erritmora. Eta beste bi emanaldik ere badaramate azpimarra: Eva Guerreroren LOF Ladies on Fight-ek, emakume borrokalarien arteko «dantza tragikomiko aldarrikatzaile» modura aurkeztu duten piezak; eta Ertza konpainiaren Otempodiz-ek, zeinetan Maputoko (Mozambike) bi dantzarik Asier Zabaletak zuzendutako pieza interpretatuko duten, denbora oinarri hartuta.

Antzerkia, zirkua eta musika: Zanguango Teatro, Markeliñe Teatro, Jokai, Orain Bi, Barsanti, Demode, Rouge Elea, Erre Produkzioak, Jon Zabal, Deabru Beltzak, Hika antzerki taldea eta Trakamatrakak osatuko dute aurtengo euskal konpainien multzoa, eta estreinaldiak izango dira erakutsiko dituzten lan ia denak. «Hau ez da Valentzia, eguraldiagatik diot, eta hemengo konpainientzat orain hasten da denboraldia», zehaztu du Garciak.

Nazioartetik lehen aldiz helduko dira zenbait konpainia aurten, hala nola Michele & Francisca Txile eta Italiatik, Eccentrici Dadaro Italiatik, Coraçao Nas Maos Portugaldik, eta To R Mansion Japoniatik. Antolatzaileen arabera, Japoniako talde berritzaileenetako bat da To R, eta pantomima, akrobaziak, magia eta beste uztartuko ditu, «manga erritmoarekin». 

Beste zenbaitek gai sozialak agerraraziko dituzte, askotariko moldez; Herrialde Katalanetako Visitants-ek 36ko gerraondoa ekarriko du (Maletas de tierra), eta lau andre migratzaileren istorioa Maduxa konpainiak (Migrare), besteak beste.

Lanbideari buruzko ardurak

Ikusleen aurreko askotariko emanaldiak ez ezik, profesionalentzako jarduera sorta bat ere izango da egunotan, sektorea dinamizatzeko helburuz. «Ezinbestekotzat» jo du Garciak: «Ezagutza trukea, gogoeta eta etengabe garatuz doazen ildo artistikoei buruzko elkarrizketa hor izaten baita. Ez gara erakustoki hutsa».

Konpainiak eta programatzaileak elkartzeko hainbat saio antolatu dituzte, hartara, eta Karrikan-en aurkezpena ere egingo dute, esaterako. Bidea urratzen ari diren euskal konpainiak bultzatu asmo dituen plataforma da, eta sektoreko 220 lagunetik gora elkartzekoak direla baliatuko dute haren jarduna zabaltzeko.

Dokumentuaren akzioak