Dokumentuaren akzioak
"Gaur egungo aberastasuna taularatzea ametsa zen lehen"
Juan Antonio Urbeltz, Argia-ko zuzendaria
- 2002ko irailean aurkeztu zenuten lehen aldiz Pas de Basque. Zer moudzko harrera izan du?
Oso ona. Miarritzen aurkeztu genuen lehen aldiz. Harrezkero emanaldi dexente egin ditugu. Ermuan egon ondoren, hurrengo astean Maulen izango gara; abenduan, berriz, Kursaalean.
- Nondik dator Pas de Basque izena?
Dantza klasikoan urrats guztien izenak frantsesez dira. Pas de Basque euskaldunok ditugun bi urratsetako bat da. Munduan leku askotan egiten da; ez dago dantza klasikorik Pas de Basque gabe. Jendeari erakutsi nahi genion euskal dantzarien trebetasuna. Pas de Basque: euskal urratsak.
- Desafio dantzak, patuaren dantzak eta inauteriak osatzen dute ikuskizuna.
Beti da guztia lotzen duen haria. Desafio dantzetan Durangoko dantzak hartu ditugu. Dantzako hizkuntza berri bat asmatu nahi dut. Patuaren dantzetan ezteiak eta zinta-dantza jaso ditut. Patuaren metafora da. Oihal bat egiten ari gara, eta amaieran, azken haria mozten dute heriotzaren emakumeek; horrekin bizitza amaitzen da. Oso metafora zaharra da. Hirugarrenik, Zuberoko inauteriak egiten ditugu.
- Nafarroako, Zuberoako eta Bizkaiko dantzak egiten dituzue. Tradizioan oinarritzen dela esan al daiteke?
Euskal Herrian ohitura asko ditugu, eta horiek bilatzen saiatzen gara. Halere, ikuskizun honetan barrokoko zentzua bilatu dugu. Pas de Basque hitza ere barrokoaren garaian sortu zen.
- Urte asko daramatzazu dantzaren munduan. Koreografia ugari egin dituzu. Nola aldatu dira euskal dantzak?
Ikaragarri aldatu dira. 50eko hamarkadan hasi nintzen dantzan. Garai hartan, Euskal Herrian dantzak bazeuden, baina nahiko baztertuta, eskasak ziren. Jendeak asko sentitzen ditu bere dantzak eta ohiturak. Gaur egun berriz, aberastasun handia dago jantzietan nahiz taularatzean. Gaur egungoa, orduan ametsa zen; musika, jantziak, dantzarien trebetasuna. Lehengo kultura berreskuratu dugu.
- Koreografia ere asko aldatu da.
Zerbait ondo egiten duzu, edo bestela gauza txar bat gordetzen duzu; azken hori sufrimendua da. Dantzaren barneko indarra bilatu, berreskuratu eta gauza onak egiten badituzu, eta taula gainean agertzen baduzu, jendea identifikatu egiten da. Hori garrantzitsua da hemen eta edozein herritan.
- Gauza berritzaileak egiten saiatzen zara?
Bai, baina gauzek ez dute aurpegi bat bakarrik izaten. Herri kulturan beti daukagu gauzak berreskuratu eta berpizteko aukera. Gauza onak ez badira, ez dira ehunka urtetan mantentzen. Ezpata dantzak esaterako, zerbait du barnean, bestela ez zuen hainbeste urte iraungo. Herri kultura ulertzeko hori oso garrantzitsua da.
Dokumentuaren akzioak