Bilbao BAD antzerki eta dantza garaikidearen jaialdiak arte eszeniko abangoardistenekin osaturiko programazioa eskainiko du urriaren 17tik 27ra arte, eta proposamen horiek La Fundizionek, Harrobiak, Bilborockek, Arte Sakratuaren Museoak eta Campos Eliseos Antzokiak hartuko dituzte.
BAD Bilbao XXVI. edizioa proposamen eszeniko berritzaile eta anitzen topaleku izango da beste behin, beti ere, “lengoaia berrien aldeko apustua eginez, eta publikoari hurbiltzeko helburuarekin”.
Aurtengo edizioak tokiko eszenarekiko konpromisoari eusten dio eta Camínate Proiektua, Doos Colectivo, Jon Ander Urresti, Harreman, La Cocina, Las Katastrofen, Mari Zaunka, Musaloka Kolektiboa eta Olaia Valle euskal konpainia eta artisten lanak aurkeztuko ditu.
Jaialdiaren esparruan, EDADEI-V Dantza, Arte Dramatiko, Hezkuntza eta Ikerketa Topaketa jardunaldi profesionalak ere antolatu dira, Euskadiko profesionalekin batera dantzaren, arte dramatikoaren, hezkuntzaren eta ikerketaren inguruko elkarrizketa eta esperientzia-trukea errazteko. Jardunaldiak larunbat honetan, urriaren 19an, egingo dira Dantzertin, Euskadiko Goi Mailako Arte Dramatiko eta Dantza Eskolan.
BAD Bilbao gaur berton, urriak 17, hasiko da estreinaldi batekin: Frantziako Lodudo Producción konpainiak Dioscures pieza egingo du Harrobian, 19:00etan hasita. Lan honek “zalantzan jartzen ditu maskulinitatearen kodeak mitologiako figura bikien inguruan”. Pieza honetan, Toulousen bizi den Marta Izquierdo artistak bere konpainiarekin hainbat erregistro eta lengoaia koreografiko zeharkatzen ditu.
Jaialdiak irauten duen bitartean, 19 konpainia ezberdinen 22 emanaldi eskainiko dira, horietatik 9 Euskal Herrikoak, 8 Estatukoak eta 2 nazioartekoak (Frantzia eta Portugalekoak).
Jaialdiari amaiera emango zaio urriaren 27an, igandean, hiru antzezlanekin: Laida Aldazen In Perspective ikuskizuna, Serruchoren Interior Noche estreinaldia Euskadin, eta Jon Ander Urrestiren Eukalyptus.
Programari buruzko informazio guztia www.badbilbao.eus webgunean duzue.