Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gauargin nazioarteko bost dantza-talde izanen dira

Dokumentuaren akzioak

Gauargin nazioarteko bost dantza-talde izanen dira

Jaialdi hau hurrengo uztailaren 15tik 19ra iraganen da Kanbon

Egilea
Ainize Butron
Komunikabidea
Gara
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2001/07/03

Gauargi nazioarteko haur dantzaren jaialdia hurrengo uztailaren 15tik 19ra Kanbon iraganen da. Urtero zapi dantza-talde biltzen dituen ekimen honetan kanpoko bost talde azalduko dira. «Gure ekimenaren helburu nagusia haurrak eta dantza jaialdi bakar batean elkarretaratzea da. Hau dela eta, astebetez, dantzaren inguruko hainbat ekitaldi eskainiak izanen dira bai Kanbon, baina bai Donibane Garazin ere», nabarmendu nahi izan zuen Peio Labegerie jaialdiaren antolatzaileak.

Hau dela eta, orain arte Ukraina, India eta nazioarteko hainbat lekutako dantzari gazteak bildu ondoren, aurten Mongoliako "Haurren palazioko" dantza eskolako neskak eta mutilak, Ukrainako Orlionok taldea, Moskuko Razzadoty taldea, frantziar Estatuko Flour de rose konpaniako dantzariak eta azkenik Argentinako "Instituto folclorico latinoamericano Miriam Cid izanen dira. Hauekin batera, Euskal Herriari dagokionez, kanboko Jeikaldi eta Hiriburuko Leinua Txiki izanen dira bertan.

Jaialdia lau egunetan zabalduz, bi gau nagusi izanen dira. Hau da, alde batetik irekitze gaua, eta bestalde bururatzeko beste antzeko gaualdi bat. «Urtero bezala, haurrak Kanbon kokatua izanen den karparen azpian beren ikusgarriak eskaintzen arituko dira, aldizkatuz. Honela, egunero eskainiak izanen diren ikusgarrietan, bi talde baizik ez dira ikusiko. Izan ere, lehen eta azken egunean, antolatuak diren arratseko emanaldietan, dantzatalde guztiak ikusten ahalko dira», erran zuten.



Egunero emanaldiak



Hain zuzen ere, lehen gaua uztailaren 15ean izaki, emanaldia Mixel Labegerie kiroldegian iraganen da arratseko zortziak eta erdietatik goiti. Ondotik, egunez egun, goizetik hasiz, arratseko hamarrak arte iraganen dira ikusgarri ezberdinak. Tarteka herriko karriketan eta karparen azpian ere musika animazioak izanen dira.



«Aurtengo edizioaren programazioan eman ez badugu ere, Ipar Amerikako talde bat ekarri dugu. Jakin behar da gure printzipio nagusia dela hamahiru urtetik goitiko umeak biltzen dituzten taldeak ez gomitatzea. Baina Amerikako Cloug America talde hau oso ona iruditu zaigu. Astearteko egitarauan sartu dugu», erran zuen.



Kalitatezko dantza-taldeak



«Urtero nazioartean aurkitzen ditugun kalitatezko dantza-taldeak eskaintzen saiatzen gara», azpimarratu zuen Peio Labegeriek , eta dantza taldeak hautatzeko urtebeteko prozesu bat izaten dela gogoratu. Hau dela eta, aurten dauden dantza-taldeen artean, Argentinako Miriam Cid taldeko dantzariak garrantzitsutzat jo zituen Labegeriek.



«Duela bi urte luzatu genion gomita, dantza-talde honen jarrera oso interesgarria iruditzen baitzaigu. Hain zuzen ere, Argentinako dantza zaharrei buruzko ikerketak egin ohi ditu, eta hauek ditu lantzen gero. Beraz, ikuskizunak oso bereziak izan diten dira», gaineratu zuen. Argentinako dantzari hauekin, Gauargi jaialdiaren hitzordu nagusia Moskuko dantza-taldearekin izanen dela nabarmendu zuen. Izan ere, beste dantzatalde guztien kalitate izugarria ere goraipatu zuten antolatzaileek. «Ukraina Gauargi jaialdiaren usaiako gomita izaten da. Herri honekin harreman anitz baditugu, eta, beraz, guretzat errazagoa izaten da. Gainera, Eurpopa ekialdeko aldeko kulturaren hiriburuetako bat dugu Ukraina», gehitu zuen.



Kanbon izanen diren ekitaldietatik kanpo, uztailaren 16an Moskuko Razzadoty taldeak Donibane-Garazin eskainiko du emanaldi bat, Garaztarrak taldearekin batera, arratseko bederatzietan. Egun berean, arratsaldean, Ezpeletan izanen dira.

Dokumentuaren akzioak