Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gaua labur, eguna alai

Dokumentuaren akzioak

Gaua labur, eguna alai

Ezarian. Sanjoanetako ohiturak

Euskal Herri osoan piztuko diren suek udaren hasiera iragarriko dute iluntzean. Besta egiteko eguna ere izanen da han eta hemen, sanjoanak ospatzen baitira hainbat herritan.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2013/06/23
Lotura
Berria

Bukatu da udaberria. Solstizioak uda ailegatu dela adierazten du, eta gaur gauean Euskal Herri osoan piztuko diren suek ere sasoi berriaren etorrera iragarriko dute. Luze joko du gauak, nahiz eta laburra izan —gaurik laburrenetarikoa izanen da gaurkoa—. Eta biharamunean ere hainbat ospakizun eginen dira. Ez da gutxiagorako, urteko alaiena omen da San Joan eguna. Udaren etorrera ospatzeko garaia da. Besta eta errituak, tradizioa eta aitzakia, erlijiosoa eta paganoa. Denak bat San Joan gauez.

Sua da sanjoanetako protagonista. Luze dator ohitura pagano hori. Euskal Herriko herri gehienetan pizten dituzte suak gaurko egunez. Su handiak zein txikiak, gainetik salto egin edota txistorrak prestatzeko. Gaur egun bada ikasturtea bukatu dela ospatu eta apunteak bertan erretzen duenik ere. Haren gainetik salto egitea ere ohikoa da, ongi pasatzeko zein espiritu txarrak uxatzeko. Suak purifikatu egiten baitu. Ez soilik gorputzak. Senperen, adibidez, ogia, belarrak eta eguzki loreak pasatzen dituzte suaren gainetik, espiritu gaiztoak urrunduko dituztelakoan. Uztaritzen ere Xarnafera jaia antolatzen dute, eta suaren gainetik salto egiterakoan «xarnafera» oihukatzen dute, haien gorputzak eritasunetatik babestuko dituztelakoan.

Euskal herritarrak suaren inguruan bilduko dira, beraz, sorginek egiten zuten moduan. Akelarreak deitu genitzake sanjoanetako gauak. Bere inguruan salto eta dantza ibiliko dira han eta hemen. Zugarramurdiko leizeetan egiten zuten moduan. Halare, gaur ez da ekitaldi berezirik eginen han, baina bai Iruñeko Donibane auzoan eta Bilboko Uribarri eta Arangoiti auzoetan ere, besteak beste. Beste toki batzuetan bezala, akelarreak antolatu dituzte iluntzerako.

Hernanin ere iji eta aja ibiltzen dira suaren inguruan, baina ez da dantzarako tarte bakarra, udako solstizioa ailegatzearekin batera azeri dantza plazaratzen baitute urtero. San Joan egunaren ondotik egiten dute; ekainaren 25, 26 eta 27an, hain zuzen ere. Ilaran dantzatzen dute soka bati helduta, esku batean maskuria dutela. Lehenbizikoak azeri bat darama buruan, eta tarteka, dantzatu egiten du. Herriko kaleetan barrena ibiltzen dira gazteak, kale zidorretatik sartu eta ateraz, eta ikusleak haien atzetik joaten dira. Halako batean, txistulariek musikaren erritmoa azkartu eta sokari heltzen dioten gazteek ikusleak inguratu egiten dituzte. Orduan, han direnen bizkarrak berotu egiten dituzte maskuriekin. Dantza hori ez da soilik sanjoanetan egiten, inauterietan ere ateratzen baitira kalera.

Tuteran ere dantza egiten dute sanjoanetan. Erriberako herri askotan egiten den dancea eskaintzen dute plazan. Makilak erabiltzen dituzte dantzatzeko, eta antzerki herrikoia ere egiten dute, umorea eta kritika nahastuz. Horietaz gainera, Euskal Herriko hainbat herritan sokadantzak, zortzikoak eta ingurutxoak egiten dira sanjoanetan: Usurbilen, Andoainen, Abaltzisketan, Tolosan, Donostian, Leioan, Arbizun, Auritzen, Estellerrian... Herritarrek ez ezik, eguzkiak ere dantza egiten du San Joan egunez. Horregatik esaten da urteko egunik alaiena dela. Hala esan du Juan Garmendia Larrañaga etnografo eta historialariak. Kontatu duenez, bere ezagun bat urtero ateratzen zen kalera San Joan egunez eguzkia mugitzen ote zen begiratzera.

Sua piztea, baina, ez da San Joan bezperako ohitura bakarra. Garmendia Larrañagak aski ongi ezagutzen ditu bestelako usaiak. «Festa naturista da San Joan: ura, landareak eta sua biltzen ditu», azaldu du. Suaren ohiturari herri gehienetan eutsi zaio, baina beste tradizio batzuk galdu egin direla edo galtzeko bidean direla esan du. Landareei eta urari dagozkienak, esaterako. Landareen artean, zuhaitzek garrantzi berezia dute sasoi honetan. Agurainen eta Arrasaten, adibidez, makala landatu egiten dute udaren etorrera ospatzeko. Aguraingo gazteak dantzan eta kantuan ibiltzen dira zuhaitzaren inguruan, eta, ondoren, enborrean gora egiten saiatzen dira. Arrasateko gazteak ere saiatuko dira makala igotzen. Urrestillan antzeko tradizioari eutsi diote: San Joan arbola altxatuko dute, soka eta eskaileren laguntzarekin. Altxatze horrek iragarriko du San Joan bestaren hasiera, eta lurperatzeak bukaera.

Etnografo tolosarrak azaldu duenez, bestelako landareak ere erabiltzen dira sanjoanetan. Adibidez, etxeetako atariak dotoretzeko. Donibane Garazin gurutze formako landareak jartzen dituzte atarietan. Antzeko errituak egiten dituzte Bizkai eta Gipuzkoako zenbait baserritan. Etxea atontzeko ez ezik, bada landareak bere burua janzteko erabiltzen duenik ere. Halaxe egiten du Torralba del Rioko Joan Lobok. Aurpegia belzturik eta landarez egindako jantzia soinean herritarrengandik ihesi ibiltzen da San Joan egunean. Behin harrapaturik ere, alde egin ohi du, harik eta herrira eraman eta epaiketa egiten dioten arte. Urteko zoritxar guzien erruduntzat jotzen dute, eta, normalean, heriotza zigorra jasotzen du.

Erlijiosoa edo paganoa

Udako solstizioaren besta edo San Joan eguna? Zer da Euskal Herrian ospatzen dena? Sua, ura eta landareekin lotutako besta paganoa dela esan du Garmendia Larrañagak. «Ohitura paganoak dira, baina kristautasunak bereak hartuta, eta guregana kristautasun bezala etorri dira», azaldu du. Beraz, oinarrian, «zainez», paganoak dira. Historian izandako aldaketa hori azaltzeko San Agustinen hitzak ekarri ditu gogora: «Eguzkia gurtzen dugu eguzkia egin duenaren bitartez».

Paganoak dira urarekin lotura duten tradizioak ere. Usaiak dioenez, sanjoanetan uretan bustitzen dena urte osoan osasuntsu izanen da. Halaxe usteko zuten Nafarroako herri askotan, San Joan bezperan errekan murgiltzeko ohitura baitzuten. Hondartzetako uretan sartzen zenik ere bazen kostaldean. Dena den, askotan erlijioarekin nahasturik ageri dira erritu horiek. Horren lekuko da Igantziko San Juan Xar iturria. Gaurik laburrenean trago bat edanda azaleko gaitza oro senda ditzake bertako urak. Eta han da San Joan Bataiatzailearen irudi txikia, iturrira hurbiltzen direnei so. Berak ere babestuko dituelako esperantzaz, edo.

Bizkaian ere urarekin lotutako tradizioak aurki daitezke. Ean, esaterako, erreka eguna ospatzen dute. Herria bitan banatzen duen ibaiak bereganatzen du arreta guztia. Tabernaz taberna ibili ondoren, herriaren goiko aldera igotzen dira, eta errekara salto egiten dute. 400 metroz behera eginda hondartzara ailegatzen dira, eta han bainu ederra hartzen dute denek elkarrekin. Ekainaren 26an ospatuko da.

Hamaika ohitura daude sanjoanetan, eta herriz herri errepikatu egiten dira. Aldez edo moldez, baina Garmendia Larrañagak aipatutako hiru elementuak agertzen dira: ura, landareak eta sua. Horiek ospatzeko, berriz, dantza eta kantua. Etxez etxe eskean ibiltzen direnak ere badira, bertsoen ordainetan tripa edo zintzurra berotzeko zerbaiten bila abiatzen direnak. Baina suak batzen ditu Euskal Herriko herri gehienak. Izan ere, surik pizten ez den baserrietan sugea sartuko dela uste baita, eta, ondorioz, herrian uzta txarra izanen dela. Sua piztu, inguratu, eta espiritu txarrak kanporatu. Uzta ona eskatzeko ere balio du. Hori egiten dute Urdiainen. Suaren inguruan biltzen dira bi gona jantzirik daramaten emakumeak. Haietako bat buruan dutela eta eskutik harturik, suaren inguruan borobila sortzen dute. San Joango kantaita abesten dute aho batez. Erlijiosoa eta paganoa gurutzaturik berriz ere. Eta eskari argi batekin bukatzen dute: «Orain arte belar, hemendik aurrera gari».

Dokumentuaren akzioak